TAOREN KUDEAKETAN IZAN DIREN “IRREGULARTASUNAK” ARGITZEKO EXIJITU DU EAJK

0

Bilduren Udal Gobernuak ordenantza “arbitrarioki” maneiatu duela uste du

EAJk iragarri du Bilduren Udal Gobernuak uda honetan TAOren kudeaketan gauzatutako “irregulartasunak” aztertzeko eskatuko duela. Jeltzaleek adierazi dute Udalak “modu alderdikoian eta bere kasa” ezarri duela TAOren ordenantza: “Alde batetik aldaketak sartu ditu TAOn aldaketa horiek ordenantzan islatu gabe, eta bestetik, Udalbatzarrak onartutako zenbait aldaketa ezartzeari uko egin dio, ordenantzak hori baimentzen ez duela argudiatuz”. Imanol Lasa bozeramaleak oso larritzat jo du “koherentziarik eza” hori: “Legea errespetatzen ez duen Udal batek, legea betearazteko bermatzaile izan beharko lukeena, zilegitasun arazo serio bat dauka herritarren aurrean”.

Lasak gogorarazi du TAOren erreforma, behin-betiko joan den maiatzaren 20ko Udalbatzarrean onartu zena, “gaizki hasi zela”: “Bilduk Alderdi Popularraren babesarekin soilik atera zuen aurrera, eta gainerako alderdi politikoen aurkako botoarekin, alkatearen kalitatezko botoaz baliatuz berdinketa hausteko”. Gaineratu duenez, Gobernu taldeak “entzungor egin zien alderdi, herritar, langile, sindikatu eta herriko elkarteek egindako alegazio gehienei, ordenantza babes politiko eta sozial eskas askoarekin aurrera atereaz”.

EAJk aditzera eman duenez, sistema berriaren ezarpenak “lehen txanpa tamalgarria izan zuen; jende-ilarak, funtzionatzen ez zuten makinak, pintaketa lanetan atzerapenak, Udalak banatutako eskuorrietan akatsak… Horren aurrean, Bilduk erabaki zuen ordenantza indarrean sartzeko eguna ekainaren 24ra atzeratzea, ordenantzan bertan onartutako hasiera-data, ekainaren 15a, errespetatu gabe”. Ondoren, eta “bizilagun, langile, gremio, elkarte eta alderdi politikoek aurkeztutako kexa eta eskaera andana zela-eta, hainbat aldaketa sartu zituen, eremuak aldatuz, ordutegiak zabalduz Salberdingo aparkalekuan esaterako, edo eguerdiko etena zarauztarrentzat mantenduz”.

Lasak salatu duenez, aldaketok “azken orduan, presaka eta gaizki” ezarri ziren, eta “herritarrei entzun ez izanaren” ondorio zuzena dira. “Larriena da aldaketa guzti horiek ez direla ordenantzan txertatu, ez zirelako Osoko Bilkuran onartu eta ondoren GAF-en komunikatu. Prentsan argitaratu besterik ez ziren egin”. Horregatik, argudiatu du, “zarauztar askok ez dute horien berri izan, eta hasiera  batean onartutako ordenantzaren arabera jokatu dute. Udalak, berriz, existitzen ez den ordenantza baten arabera aritu da isunak jaltzen, formak legeak eskatzen duen moduan bete ez dituelako”.

Lasaren arabera, guzti hori “sekulako anabasa, eta irregulartasun argi eta agerikoa da, legea eta ordenantza arbitrarioki eta modu alderdikoian interpretatzen baita. Ezin da ordenantza norbere kasa aldatu eta ordenantza horren zati bat bakarrik bete. Ordenantzak bere osotasunean betetzeko daude, horiekin ados egon ala ez. Udalak bizilagun bati igogailua jarri edo bestelako obren bat egiteko baimena ukatzen dionean, ordenantzari heltzen dio”.

Bozeramale jeltzaleak Bilduk darabilen “neurri bikoitza” kritikatu du, “Izan ere, maiatzaren 29ko Udalbatzarrean oposizioko alderdiek onartu zuten martxan jartzea lan poltsa bat TAOren zerbitzuaren barruan zarauztarrak kontratatzeko. Udal Gobernuak, eta zehatzago izateko alkateak, mozioa gauzatzeari uko egin zioten argudiatuz ordenantza ezin zela aldatu eta mozioa ‘paretaren aurka’ joango zela, hitzez hitz. Argudio bera erabili zuten gehiengoz onartutako beste zenbait neurri ez ezartzeko, hala nola TAOren barruko eremu berdeei eustea”.

Guzti horregatik, EAJk iragarri du Bozeramaileen Batzordeak bilera berezia egiteko eskatu duela, non aipatutako “egoera irregular guztiak” argituko diren. Batzorde horretanm Bilduren Udal Gobernuari ondorengo datuen inguruko xehetasunak exijituko dizkio: isun kopurua eta justifikazioa, bildu den dirua, makina zein txartelekin, kudeaketan izandako arazoen detailea, eta teknikari arduradunaren txosten bat. Txosten juridikoa ere eskatuko dute, eta “mahai gainean datu guztiak” dituztela, proposamen bat aurkeztuko dute “ordenantza beharrezko hobekuntzekin, eta legeak eskatzen dituen mekanismoen arabera” aldatzeko.

Era berean, Lasak iragarri du luze gabe dokumentu bat publikatuko dutela, TAO berriaren Udako balantzearekin: “Arlo teknikoari helduta, eremu batzuetan ondo funtzionatu du, hala nola Azken Portu eta Vista Alegren, baina beste batzuetan konpondu beharreko arazoak daude”. Xehetasunen berri datozen asteetan emango dute.

Share.

Leave A Reply