EAJK BILDURI EXIJITU DIO ALDE BATERA UZTEKO NAHIERARA EGINIKO KONTRATAZIOAK

0

Uste du Gobernu taldea “gehiegi” erabiltzen ari dela “esleipen zuzenak edo itxiak” 

Udalaren azken Osoko Bilkuran, Zarauzko EAJk Bilduri eta alkateari exijitu zien alde batera uzteko “nahierara” eginiko kontratazioak, eta “argitasunez eta gardentasunez” jokatzeko zerbitzuak eta lanak esleitzerakoan: “Ezin dute ahaztu zarauztar guztion dirua kudeatzen ari direla”. Imanol Lasa bozeramale jeltzaleak salatu duenez, joan den otsaileko eta martxoko alkatetzaren dekretuetan mota horretako lau kontratazio agertzen ziren, gutxienez: Aztikerrek eginiko inkesta bat, Nafarroa kaleko biribilgunearen obra, Ipar kaleko Udal lokalaren erreforma, eta Udalaren komunikazio zerbitzuaren esleipena: “Legealdia hasi zenetik ohitura bihurtu zaigu hau”, dio.

Lasak “eskandalutzat” jo du Udalak “zuzenean” esleitzea udal politikarien balorazio inkesta, “13.083 euroko kostua izango duena zarauztarrontzat”. “Joan den urtean enpresa berari eman zitzaion inkesta bera egiteko enkargua, eta baita beste zenbait lan ere, hala nola herriko kultur azpiegituren inguruko iritzi azterketa bat”. Halaber, kritikatu du Udalak urtez urte lehiaketa irekirik gabe adjudikatzea prentsa zerbitzua. Horren gastua, bakarrik 2014an, 35.937 eurokoa izango da: “Bilduk politikarien soldatak murriztu dituela esaten duenean, ez du gastu hau zenbatzen. Alkateak eta bere lan taldeak bi lagun dituzte komunikazio zerbitzurako, eta baita idazkari bat ere. Gauza bat esan eta kontrakoa egiten dute. Politikari liberatu gutxiago daudela diote, eta gero atzetik inguruko pertsonak kontratatzen dituzte zuzenean lan hori egiteko”.

Jakitera eman duenez, Ehuntzen propaganda kanpainaren kontratazioa ere jokamolde horren beste adibide bat da. Kasu honetan 28.520 euro gastatu dira web orri bat, eskuorriak eta bestelako ekintzak egiteko. “Hemen ere inolako lehiaketarik gabe eta nahierara. Badago txosten juridiko bat prozedura zuzena ez zela egiaztatzen duena”. Lasak salatutakoaren arabera, Bilduk “kontratu txikien eta kopuru baxukoen aldeko apustua egiten du, zuzenean esleitutakoak, edo inguruko edo gertuko enpresak kontratatzea ahalbidetzen duten kontratazio ereduak aukeratzen ditu”. Azaldu duenez, jarrera hori ez da Udalaren propaganda ekintzetara mugatzen: “Obra txikiekin, kaleen pintaketa eta seinalizazio lanekin, zerbitzuekin, material teknikoaren hornidurarekin, edota ibilgailuen erosketarekin ere gertatzen da”.

Bozeramale jeltzaleak ziurtatu du obra handi eta sakonetan ere ez direla batzuetan irekieram publizitate eta informazio printzipioak bermatu. Adibide gisa aipatu du Nafarroa kaleko biribilgunea. “277.512 euroko kostua duen obra izan arren, horren berri Udalaren web orriko kontratatzailearen profilean besterik ez da eman, eta gainera bost eguneko epea baino ez zaie eman enpresei biribilgunerako proiektuak aurkez ditzaten”. Alde Zaharreko peatonalizazio lanak edo Mollarriko kalea hobetzekoak ere aipatu ditu ildo berean. “Peatonalizazioaren lehen faseko obrak publizitaterik gabeko prozedura negoziatuarekin esleitu ziren, 764.289 euroko kostuarekin. Baita Mollarrikoak ere, 2012an, 111.885 euroko kopuruan”.

EAJk ez du zalantzan jarri prozedura horien legaltasuna, baina bai atzean dagoen etika: “Zerbaitek legea betetzea ez du esan nahi zuzena, bidezkoa edo egokia denik. Gure jokabide politikoarekiko autoexijentzia maila askoz ere gorago jarri behar dugu, eta gobernu onaren eta gardentasunaren alde egin”. Gogorarazi du, hauteskunde kanpainan, Bilduk agindu egin zuela lehiaketa irekien alde egingo zuela kontratazioetan, hartara gardentasuna bermatuz, “baina legealdia hasi zenetik ikusten ari gara hain justu kontrakoa egiten ari direla. Dekretu bidez ari dira gobernatzen eta esleitzen, eta halakoen berri izaten dugu soilik dekretuak gainbegiratzen ditugunean. Bileretan edo batzordeetan ez da informaziorik ematen. Gertaera larria da eta amaitu egin behar dela uste dugu. Bilduren kudeaketa urteak iluntasunerantz emandako atzerapausoak izan dira”.

Lasak adierazi du zerbitzu, obra eta kontratuen adjudikazioa bestelako oinarriekin egin behar dela, mundu guztiak ezagutu ahal dezan “zer esleitzen den, nola eta noiz”. Haren iritziz, “horrek balio behar du, alde batetik, zarauztarrek jakin ahal dezaten nola kudeatzen diren beraien baliabideak, eta bestalde, enpresa eta norbanako guztiek lehiaketetara aurkezteko modua izan dezaten, bermatuz aukera berdintasuna dagoela eta Udalak aukeratutako eskaintza onena izango dela”. Ulertzen du zenbaitetan, “denbora falta delako, edo interes orokorrarekin bat datozen arrazoiengatiik, kontratazio zuzenak edo publizitaterik gabekoak erabiltzea”: “Administrazio guztiek egiten dute hori, baina gauza bat da erabiltzea, eta bestea gehiegi erabiltzea. Edonola ere, egiten denean, herritarrei jakinarazi behar zaie, eta baita zinegotziei batzordean ere”.

Bozeramale jeltzaleak ondorioztatu duenez, bere alderdia egungo Bilduren Gobernu taldearen “ohitura” hau salatzen dator “ia legealdia hasi zenetik”: “Ezin dugu ahaztu, alkatetza hartu eta handik hilabete gutxira, Bilduren lehen enkarguetako bat ezker abertzalearen Garbitania Zero Zabor enpresari egindakoa izan zela, Zarautzen atez-atezkoa jartzeko azterketa egiteko 14.539 euroren truke. Azterketa hori Udal Elkartean ere enkargatu zen”. Alkateari eskatu dio neurriak hartzeko, eta “Udalaren izen ona zalantzan jarri edo interes gatazka dagoen itxura eman dezaketen aktuazioak” saihesteko: “Kapazak izan behar dugu herritarrei benetako konfiantza eskaintzeko, eta hori ez da bidea”.

Share.

Leave A Reply