EAJREN BATZARRAK 2015EKO HAUTESKUNDEETARAKO BARNE PROZESUA HASIKO DU BIHAR

0

EAJko Zarauzko Uri Buru Batzarrak Ezohiko Batzarra deitu du bihar, osteguna, 19:30ean. Gai garrantzitsuak jorratuko dituzte bertan. Hala, afiliatu jeltzaleek 2015eko maiatzerako aurreikusita dauden Udal hauteskundeetarako alkategaiak proposatzeko aukera izango dute, lehen itzulian. Lehen itzulian ere, barne prozesuari ekingo diote Gipuzkoako Ahaldun Nagusirako hautagaia aukeratzeko, eta Erki Batzarreko kide bat berritzeko bozketa ere izango da, eskari-galderen txandaren aurretik.

Gaurko Batzarra “mugarri garrantzitsutzat” jo dute: “Prozesu estrategikoa ari gara garatzen Zarautzerako gobernu alternatiba serio, arduratsu eta eraginkorra osatu ahal izateko. Legealdi osoan zehar, EAJ herritarren ideiak, ekarpenak eta komentarioak jasotzen aritu da, zabal-zabalilk. Orain afiliatuek izango dute prozesu horrekin jarraitzeko ardura, Zarautz berri baterako lidergoa bermatuko duen lan taldea aukeratuz. Izan ere, beti izan gara alderdi asanblearioa eta oinarria jendean duena”, adierazi dute ZUBBeko arduradunek.

2015eko Udal hauteskundeetarako zerrendaburuaren aukeraketa bigarren itzuliko bozketa batean gauzatuko da. Sanpelaioen aurretik egingo da batzar hori. Ondoren, hautagaiarekin batera, EAJk etorkizunerako asmoak aurkeztuko ditu: “Lanerako dinamika prestatzen ari gara hemendik urte batzuetara nahi dugun Zarautz diseinatzeko, eta dinamika hori aurrera eramango duen taldea aurkeztuko dugu, helburu izango duena zarauztarren erronka nagusiei erantzutea”, eman dute jakitera.

Halaber, ZUBBek aukera baliatu du jakinarazteko hilaren 25eko Europar hauteskundeetarako botoa postaz eman nahi duten guztiei, batzokira jo beharko dutela maiatzaren 15a baino lehen. Zalantzarik izanez gero 943-134101 telefonora deitu edo eaj-pnv@zarautz.org helbidera idatzi dezakete.

Share.

Leave A Reply