EAJK BILDURI EXIJITU DIO ARGITZEKO NORK BAIMENDU DUEN HONDARRA BOTATZEA

0

Idatzia

Eskatu dio azaltzeko zeintzuk diren erabakia hartzeko erabili diren irizpide teknikoak eta ingurugiroari lotutakoak

Hondarran egin den hondar-ekarpenak hainbat kezka eta zalantza piztu ditu, zarauztar askorengan zein ingurugiroaren defentsarako kolektiboengan. Horien aurrean, EAJk idatzi bat erregistratu du Udalean, Gobernu taldeari eskatuz azalpenak emateko eta “gardentasunez” jokatzeko. “Begibistakoa da Kosta Ministerioa ez dela bere kasa aritu, eta Udaleko norbaitek eman diola oniritzia mugimendu honi. Hori dela-eta, gustatuko litzaiguke Bilduk argitzea zein den hobdarra botatzea baimendu duen arduradun politikoa eta, batez ere, zeintzuk dira baimen hori emateko erabili dituen irizpide teknikoak eta ingurugiroari lotutakoak”, adierazi du Imanol Lasak.

Bozeramale jeltzalearen arabera, agerikoa da Kosta Ministerioak erabilitako hondarraren kolorea eta ezaugarriak ez dutela “zerikusirik” Zarauzko hondartzak berezkoak dituenekin. “Oraingo honetan ere, ez zaigu inolako informaziorik eman. Ez da gai hau ezelako batzorderara ekarri eta inongo esplikaziorik gabe hartu da erabakia, ez Gorporazioko alderdi politikoei eta ezta herritarrei ere”. Hori dela-eta, joan den ostiralean jeltzaleek aurkeztutako idatzian, Gobernu taldeari exijitzen diote argibideak emateko Costas-ekin ian dituen bilera eta kontaktuen inguruan: “Bertan zer jorratu den jakin nahi dugu, eta bileren oinarri dokumentala ere eskatu dugu. Alegia, akordiorik edo hitzarmenik izan baldin bada, horien kopia”

Halaber, Lasak ezinbestekotzat jo du hondar-ekarpenak hondartzarengan sor lezakeen ingurugiro inpaktuaz informatzea. “Galdetu dugu ea aztertu egin den hondar berriaren konposizioa, tamaina eta forma, eta, batik-bat, ingurugiro txostenik egin ote den, izan Kosta Ministerioarena, Foru Aldundiarena, Eusko Jaurlaritzarena edo Udaleko teknikariena”. Idatzizko eskaeran, EAJk Gobernu taldeari itaundu dio ere ea Zarauzko ingurugiroaren aldeko talde eta kolektiboen iritzia kontsultatu den, horietako batzuk hondar-isuaren aurka azaldu baitira publikoki”

Bozeramale jeltzaleak esan duenez, bere alderdiaren helburua da ziurtatzea “honelako erabaki bat, hain ondorio garrantzitsuak izan ditzakeela, berme guztiekin hartu dela”. Haren irudiko, hondartza “gure herriak duen aktibo eta erakarpen nagusietako bat” da. “Sekulako balioa duen eremua da. Urteetan zehar ahalegin handia egin da kontserbatzeko eta behar bezala kudeatzeko, kalitatean eta ingurugiroarekiko errespetuan oinarritutako irizpideekin. Ikusi besterik ez dago zenbat ziurtagiri eta bereizgarri dauzkan, Europar Batasuna bezalako erakundeek emandakoak”. Horregatik, Gobernu taldeari exijitu exijitu dio azalpenak eskaintzeko “lehenbailehen” eta “gainerako indar politikoei eta herritarrei bizkarra emanda aritzeari” uzteko.

Lasak gaineratu du bainularien eta surflari askoren artean kezka handia dagoela. “Ez da bakarrik bi hondarren arteko kolore ezberdintasuna. Ikusteko dago hondar berrian nolako eragina duen beste hainbat alorretan, eta usain txarrari buruzko kexak ere iritsi zaizkigu”. Gogorarazi du Zarautz ez dela halako egoera pairatzen ari den herri bakarra, eta, esaterako, Galiziako Miñoko hondartzan ere, protesta handiak ematen ari direla arrazoi beragatik. “Hondartza hori famatua da bere edertasunagatik eta balio ekologikoagatik. Herritar eta kolektibo asko zalantzan jartzen ari dira hondar berriaren kalitatea, jatorria A Koruñako portuko dragatze lanetan zuela oharataraziz. Espero dezagun hemen halakorik ez gertatzea”, azpimarratu du.

Share.

Leave A Reply