Emakumeei zuzendutako atletismo talde herrikoia jarri dute martxan Zarautzen

0

Iban San Martin Kirol zinegotziak azpimarratu duenez, baldintza bakarra zarauztarra izatea eta 18 urte baino gehiago edukitzea da; entrenamenduak doan izango dira

 

Fortuna KE eta Kirol Patronatuaren arteko elkarlanaren ondorio da ekimena

Zarauzko Udaleko Kirol Patronatuak, Fortuna Kirol Elkarteak eta Zarauzko Kirol Elkarteak emakumeei zuzendutako entrenamendu taldea jarriko dute martxan. Bat egiteko baldintza bakarrak honakoak dira: emakumea eta Zarauzkoa izatea, adin nagusikoa izatea, eta korrika egiteko edo  lasterketa herrikoien munduan sartzeko gogoa edukitzea. Entrenamenduak astean bitan izango dira, asteazkenetan 19:00etan, eta ostiraletan 18:00etan. Doan izango dira, eta lehen saioa otsailaren 3an izango da, asteazkenean, zazpitan. Parte-hartzeko izena eman nahi duten emakume guztiek, udal polikiroldegira jo besterik ez dute.

Behobia-Donostia lasterketa famatua antolatzen duen Fortuna klubak abian jarritako ekimen baten fruitua da taldea. Kirol praktika emakumeen artean hedatzea da ekimen horren helburu nagusia. Iban San Martin Kirol zinegotziak nabarmendu zuenez, “Fortunarekin harremanetan jarri bezain laster, ideia zoragarria iruditu zitzaigun Zarautzentzat. Gauzak aldatzen ari dira, baina oraindik ere asko dago egiteko, eta ekimen hau ildo horretan doa; alegia, emakumeei kirola egin dezaten erraztasunak eskaintzea, arrazoi desberdinen ondorioz gizonek baino oztopo gehiago eduki ohi dituztelako horretarako”. Zarauztarrak parte hartzera animatu nahi izan zituen: “Seguru talde barruan giro polita eta jatorra sortuko dela. Zapatillak jantzi eta gurekin bat egin, besterik ez dute egin behar”.

Iñigo Etxeberria Fortunako kide eta Behobia-Donostia lasterketako zuzendariak azaldu zituen egitasmoaren jatorriak. Zehaztu zuenez, 2009ko Behobian korritu zutenen %14 ziren emakumeak. Zarauztarren kasuan, portzentajea are baxuagoa zen, 188 korrikalarietatik soilik 18 zirelako emakumeak. “Parte-hartze indizeek gora egin dute denborarekin, baina oraindik ere ez datoz bat ez Gipuzkoako kirolaren errealitatearekin, eta ezta nahiko genukeen errealitate sozialarekin ere”, esan zuen. Hala, adibidez, Behobian iaz parte hartu zuten 3.000 frantziarren artean, nesken presentzia Gipuzkoakoa baino dezente handiagoa izan zen, %22.

Egoera horrekin kezkatuta, bere garaian Fortunako kideek Goteborgeko (Suedia) maratoi-erdiko antolatzaileekin harremanetan jartzea erabaki zuten. Lasterketa horretan 58.000 lagunek eman dute izena aurten, eta pare bat urtetan, emakumeen parte-hartzea nabarmen handitzea lortu dute, %32ra iritsiz. “Entrenamendu talde bereziak jarri zituzten martxan. Funtsean, emakumeak erakartzea bilatu zuten. Haiengana joan ziren zuzenean. Ikusi genuen bazegoela eredu hori Gipuzkoara ekartzea, Behobiak jendartean eta komunikabideetan duen oihartzuna apribetxatuta”.

Hala, iragan urtean entrenamendu talde bereziak sortzea erabaki zuten, Gipuzkoako bost herri eta hiritan. 120 emakumek parte hartu zuten guztira, gehienak eskarmentu gutxi edo batere ez zutenak. “Oso pozik gelditu ginen emaitzarekin. Haietako batzuk oinez hasi behar izan zituzten entrenamenduak, eta 5 edo 10 kilometroko lasterketak bukatzera iritsi ziren, edo baita Behobia bera ere –12k korritu zuten-”. Erantsi zuen talde barruan sortzen den giroa oso berezia dela: “Haietako askok ez zuten kirola egiteko aukera edo denborarik, eta mundu eta harreman espazio berriak ireki zaizkie. Esaterako, Donostian sortutako taldeko hainbat neska Parisera joan ziren, bertan emakumeentzat egiten den eta 16.000 parte-hartzaile dituen lasterketa batera”.

Aurten, egitasmoa zabaldu eta zortzi herrietara eramango dute, horien artean Zarautz dagoelarik. “Gure asmoa ez da zerbait politikoki zuzena egitea, baizik eta hau serio hartu eta lasterketa herrikoietan emakumeen presentzia neurtzea, gizartea aldatuz doan egiaztatzeko”. Azken horretarako, beharrezkotzat jo zuen jarrera modeloak ere aldatzea: “Mutilek ez bezala, neska gehienek kirola egiteari uzten diote 11-12 urte dituztenean. Gizartearen isla da. Baina amak, ahizpak eta kagunak korrika egiten eta lasterketetan parte hartzen ikusten badituzte, aldaketa askoz ere errazagoa izango da”.

Zarauzko taldeko entrenamenduetaz Txumai Fernandez Zarauzko Kirol Elkarteko kidea arduratuko da. Berarentzat “oso erronka polita” dela ziurtatu zuen. “Dakidan guztia erakustea da nire asmoa. Jolastea, baina batez ere erakustea. Entrenamendu metodoak, teknikak, luzapenak… Ikus dezatela atletismoa korrika egitea baino gehiago dela”. Halaber, adierazi zuenez, parte-hartzaile gehienak zerotik edo maila baxuetatik hastea gustatuko litzaioke: “Polita da ikustea nola eboluzionatzen duten, nola motibatzen eta aurrerapenekin pozten diren… Kirola kultura bat da, eta bizimodua, pentsakera, eta nortasuna bera ere aldatzen du”.

Share.

Leave A Reply