TASEK “EKONOMIA ETA JUSTIZIA SOZIALA SUSTATZEA” PROPOSATU DU EAJK

0

zinegotzi taldea

Tasa eta ordenantza fiskalak izoztea babesten du, eta horrez gain hainbat emendakin aurkeztu ditu

Joan den asteazkeneko Udalbatzarrean hasierako onarpema eman zitzaien 2014ko tasa eta ordenantza fiskalei. EAJk tasak izoztea babestu du, “krisi une hauetan nazio mailako apustua delako guretzat neurri hori, eta horregatik ezarri dugu hain zuzen gobernuan gauden udaletan”. Jeltzaleek, ordea, hainbat emendakin aurkeztu zituzten tasak “dirua biltzeko tresna huts baino zerbait gehiago” izan daitezen, eta “justizia sozialean, jarduera ekonomikoan eta ongizatean sakontzeko” balio dezaten. Udal Gobernuak aurkeztutako proposamenaren aurkako bozka eman zuten, “proposamen hori hobetzeko aurkeztu ditugun emendakinetako bakar bat ere ez dutelako onartu”.

PNVren irudiko, funtsezkoa da tasa eta ordenantza fiskalek enplegua sortzen laguntzea. Horregatik proposatu du %75ko hobaria dagokion lizentzia beraien instalazioetan hobekuntza obrak egiten dituzten denda, taberna edota enpresentzat. “Gure iritziz enpresa hauek ahalegina egiten ari dira lehiakorragoak izateko, etorkizuneko apustua ari dira egiten, eta gainera lanpostuak sortzen laguntzen dute obrekin. Beraz, arrazoizko neurria da”.

Beste hobari bat ere proposatu du beraien etxeetan irisgarritasun edo egokitzapen obrak egiten dituzten hirugarren adinekoentzat edota mugikortasun murritza duten pertsonentzat.

Ildo beretik, jarduera ekonomikoen zergari dagokionez (IAE), EAJk eskatu du hobariak eskaintzea “egungo egoera ekonomiko zaila gehien pairatzen ari diren enpresei, eta baldintza prekarioetan daudenei, zergek haien jarduera ito ez dezaten”.

Bilduk etxebizitza hutsei ezarri dien errekarguari dagokionez, Imanol Lasa bozeramaleak nabarmendu du ez dela modu egokian planteatu. “Ondo iruditzen zaigu etxebizitza hutsen merkaturatzea bultzatu nahi izatea eta alokairua sustatzea. Baina gure iritziz etxebizitza hutsaren kontzeptu oker batetik abiatu dira, eta diru gehiago biltzea izan dute helburu bakar. Argi gelditu da herritarrek udaletxean aurkeztutako errekurtso mordoa ikusita. Horietako asko onartu beste erremediorik ez dute izan”.

2013ko emendakinetan bezalaxe, EAJk proposatu du errekargua ez aplikatzea etxea urte osoan zehar alokatzen dutenei, eta aldian behin alokatzen dutenei errekarguaren portzentaje bat besterik ez oraintzea, hilabeteka ezarritako tramoekin, alokatuta duten denboraren arabera.

Halaber, eta jarduera turistikoa eta merkataritza bultzatzeko neurri gisa, EAJk planteatu du errekargua ez kobratzea udako erresidentzia bezala erabiltzen diren pisuei, “beti ere urtean bi hilabeteko egonaldia frogatzen direnean, ur kontsumoak aurkeztuz, esaterako. Zentzuzko epea dela uste dugu”.

Lasak kritikatu egin du Bilduk neurri hauek onartu ez izana, ez pasa den urtean eta ezta aurten ere. “Uste dugu, aplikatu duten moduan, errekarguak ez duela balio izan etxebizitza hutsak merkatura ateratzeko. Erabateko porrota izan da neurria, eta hala ere mantentzea erabaki dute. Jakin nahi dugu zertarako erabiliko den errekarguarekin lortutako diruarekin eta, batez ere, Bilduk baduen etxebizitzaren arazoa konpontzeko neurriren bat, herritarren poltsikoa zigortzeaz harago”.

IBI orokorrari dagokionez, EAJk bere emendakinen bidez eskatu du baliabide mugatuak dituzten familia ugariei hobariak eskaintzea, familia errenta estandarizatuaren arabera: “Ezin ditugu krisiaren ondorioak gehien sufritzen ari direnak gehiago estutu”.

Azkenik, EAJk beste hainbat emendakin aurkeztu ditu bosgarren edukiontzia bultzatzeko, udal instalazioen doako erabilera ezarri eta jardueren antolaketa errazteko, baserritarrek beraien produktuak merkatuan saltzeagatik ez ordaintzeko, lurzoru publikoaren okupazioa modu egokian arautzeko, eta polikiroldegiko tarifa sozialak eta hobariak hobetzeko.

Onartutako bi mozio

Bestalde, jeltzakeek bi mozio aurkeztu zituzten Udalbatzarrean, biak ere aurrera atera zirenak Korporazioko alderdi guztien botoekin, Bildu izan ezik. Aurrenekoan, Udal Gobernuari eskatzen zaio publizitate instituzionala modu alderdikoian ez erabiltzeko, eta “iragarkiak soilik ezker abertzalea txalotrzen duten hedabideetan plazaratzeari” uzteko. Bigarrengoan, EAJk exijitzen du Udal Gobernuak bere web orrialdeak “propaganda egiteko eta oposizioa baztertuta” ez erabiltzea: “Hainbat web orri eta perfil sortu dituzte. Ez dakigu zenbateko kostua izan duten eta zeinek kudeatzen dituen. Bitartean, web orri ofiziala zaharkituta dago”.

 

Share.

Leave A Reply