ALDAPETAN ALOKAIRU SOZIALEKO ETXEBIZITZA GEHIAGO LORTZEA PROPOSATU DU EAJK

0

Uste du Bilduk aurkeztutako txosten ekonomikoa ez dela nahikoa partzelaren salmenta justifikatzeko, eta Gobernu taldeari eskatu dio hauteskunde interesengatik presaka ez aritzeko

Gaurko Osoko Bilkuran, gai inportantea eztabaidatuko da: Zarauzko Udalak Zarautz Lurri emango dion baimena Aldapetako partzela publikoa promotore pribatu bati saldu ahal diezaion. Horren aurrean, EAJk adierazi du ezker abertzaleak operazio urbanistiko hori justifikatzeko aurkeztu duen txosten ekonomikoa ez dela inondik inora ere nahikoa. Jeltzaleek aditzera eman dutenez, oraindik ere garaiz dago Udala Bilduk operazio honetarako aurreikusi duen alokairu sozialeko babestutako etxebizitza kopurua bikoizteko, hamabitik hogeita laura pasatuz.

EAJk azaldutakoaren arabera, Bilduri nahikoa iruditu zaio antza babes ofizialerako legeak exijitzen duen gutxieneko kopurua: “Hamabi babestutako etxebizitza lortzea aipatzen dute, baina hori gutxieneko legala baino ez da. Gure alderdiak uste du gehiago izan daitezkeela, eta gehiago izan behar dutela. Eta hori esaten dugu, aurkeztu dizkigun kontuetan, ezker abertzaleak ez dituelako aintzat hartu Eusko Jaurlaritzak alokairu sozialeko babestutako etxebizitzen promozioari ematen dizkion dirulaguntzak, 40.000 eurora irist daitezkeenak. Ez dituzte kontuan hartu ere irisgarritasunean hobekuntzak egiteko dauden dirulaguntzak, Vista Alegreko igogailuak finantzatu ahal izango lituzketenak”.

Gogorarazi behar da 2009. urtean, Udalak aho batez onartu zuela Aldapetako partzela Zarautz Lurri lagatzea, doan, eta baita doaneko lagapenaren arabera Udalari legokiokeen edifikagarritasun urbanistikoa ere, bere osotasunean. “Aurrekari horiek derrigortu egiten gaituzte partzela hirugarren bati saltzeko operazioaren kontrolean are zorrotzagoak izatera”.

EAJren irudiko, Bilduk ehundu duen operazio inmobiliarioaren kontuak Aldapetaren salmentarako ez dira koherenteak bere diskurtsoarekin, eta zarauztarren benetako beharrak ere ez dituzte aintzat hartzen: “Kalkuluak egiterakoan, diru-sarrera gisa aurreikusten dute 12 babestutako etxebizitzen salmenta. Haatik, publikoki esan dute etxe horiek alokairuzkoak izango direla, eta ez jabetzan. Oraindik ere ez dizkigute argitu funtsezkoak diren operazioaren alor hauek. Gauza bat esaten dute, eta gero oso bestelako errealitatea islatzen duten kontuak aurkezten dituzte”. EAJk aldarrikatzen du Aldapetako babestutako etxeak alokairuan izatea, eta ez jabetzan. “Duela lau urte hori defenditu genuen eta orain ere bai. Uste dugu Aldapetan 24 alokairu sozialeko etxe egin daitezkeela, eta beste 36 prezio tasatuan”.

Hori dela-eta, Gobernu taldeari eskua luzatu diote bide horretan elkarrekin aritzeko: “Hor topo egingo dugu, zalantzarik ez izan. Haatik, susmoa dugu ezker abertzaleak nahi dioela guk txeke zuri bat sinatzea lizitazio bidez partzela munizipala talde inmobiliario bati eskualdatzeko, batek daki nolako baldintzatan. Bilduren kontuek ez gaituzte konbentzitzen”. EAJk iragarri du, informazio gehiagoren eta sakonagoaren faltan, kontra bozkatuko duela gaurko Udalbatzarrean”.

Share.

Leave A Reply