“ZARAUZTARREK GARDENTASUNA, ERAGINKORTASUNA ETA PARTE HARTZEA ESKATZEN DUTE”

0

Prest dinamikaren barruan, EAJk hainbat proposamen jaso ditu Gobernu Onean oinarritutako kultura politiko berria garatzeko

EAJk, Prest laneko dinamikaren barruan, Gobernu Onaren inguruko ondorioak plazaratu ditu, hainbat herritar eta eragile sozialen proposamenak eta ekarpenak jaso ondoren. Era berean, Xabier Txurruka hautagai jeltzaleak informazioa bildu du beste zeinbait Udaletako herritarren arreta zerbitzuen funtzionamenduaren inguruan. Besteak beste, Urnietako esperientzia ezagutu du bertatik bertara. Gipuzkoa mailan goraipatu den eredua da Urnietakoa. Bertako alkate Mikel Pagola eta Prest-Gobernu Ona taldeko koordinatzaile Imanol Lasarekin laneko bilera eduki ondoren, Txurrukak adierazi du kultura politikoa aldatu behar dela, “gardentasuna, eraginkortasuna eta parte-hartzearen alde eginez”.

EAJk “erabateko” gardentasuna aldarrikatu du kontratu publikoetan, eta eskatu du publikoki ezagutarazteko alkatetzaren dekretuak eta Gobernu Batzordearen erabakiak, gaur egun ez bezala: “Ez da nahikoa informatzea. Informaziotik ezagutzarako jauzia egin behar da, zarauztarrek dekretu horiek ulertu eta interpretatu ahal izan ditzaten”. Beharrezkotzat jo du irizpide bera udal ordenantzetan aplikatzea: “Onartu ondoren alegazioetarako epea irekitzea ez da nahikoa, gure iritziz. Mekanismoak ezarri behar dira zarauztarren iritzia eta informazioa hasierako onarpena gauzatu aurretik jasotzeko, ordenantzak osatzeko prozesuan parte hartu ahal izan dezaten”.

Jeltzaleek Prest barruan aztertutako beste neurrietako bat da “zarauztar hornitzaileen erregistro publikoa” sortzea. Udalak lehiaketa publikorik exijitzen ez duten obra, kontratu edo zerbitzu txikiak esleitzerakoan, herriko enpresak gonbidatzea da helburua, “herriko ekonomia bultzatuz, eta aldi berean saihestuz beti berdinei edo unean-uneko lagunei esleitzea. Ildo horretan, beharrezkotzat jotzen dugu ere urtero publikatzea Udalarekin lan egiten duten hornitzaileen zerrenda, eta bakoitzari esleitutako obra eta zerbitzu guztien kostua”.

Era berean, nabarmendu dute elkarteentzako dirulaguntzen banaketa “bidezkoa eta berdintasunezkoa” bermatzea. Horretarako, komenigarritzat jo dute dirulaguntzen kudeaketa aholkularitza eta informazioa eskaintzen duen Udal teknikari baten bitartez zentralizatzea: “Ezagutzera eman behar da zeintzuk diren dirulaguntzen helburuak, irizpide garbiekin, eta nortzuk eta nola eskatu ahal dituzten”.

Iritzi diote ahalegina egin behar dela Udalaren eguneroko lana herritarrei gerturatzeko, eta norabide horretan, lagungarritzat jo dute alkatearen eta zinegotzien eguneroko laneko agenda publikoa izatea, Udalaren web orrian, esaterako. “Hartara, denok jakin ahal izango dute zertan ematen dituztern laneko orduak Udal Gobernuko arduradunek”. Halaber, informazio batzordetan hartzen diren erabaki eta akordioak ere zarauztar guztiei helaraztea proposatu dute, gaur egun ez baita halakorik egiten.

Haien ustetan, eraginkortasunak izan behar du Udalaren kudeaketaren beste oinarrietako bat. “Herriko barne produktuaren zatirik handiena hartzen duen erakundea izanik, Udalak helburuak lortzera bideratu behar du bere jarduera, enpresek eta elkarteek egiten duten bezalaxe, eta horretarako beharrezkoa da Kudeaketa Plana onartzea. Legealdi honetan hamaika bider eskatu dugu eta faltan sumatu dugu”. EAJren esanetan, Plan horrek kontuan hartu beharko lituzte epe luzerako estrategiak, epe motzerako ekintzak, helburu neurgarriak, eta ebaluaziorako adierazleak”.

Halaber, planak jaso beharrekoen artean daude departamentu bakoitza hobetzeko ekintzak, garatu beharreko politika orokorrak, eta gauzatuko diren obra eta proiektuak, “lehentasunak ezarriz”. Txurrukaren irudiko, “horrela jokatzen ez bada, Udalak gehiago eta okerrago gastatzen du, itsumustuka aritzen da, eta inprobisazioan erortzen da”. Kudeaketa plana urteroko aurrekontuetan islatu eta betearazi behar da, eta “Udalak konpromisoa hartu behar du herritarrei aldian behin aurrekontuaren betetze-mailaren berri emateko”.

EAJk egiaztatu ahal izan du zarauztar askok ez dakitela zertarako balio duen Udalak, ezta nora zuzendu behar diren ere. “Hori dela-eta, proposatzen dugu gida bat publikatzea, argia eta zorrotza, Udalak herritarrentzat egiten dituen lan, zerbitzu eta prestazio guztiak jasoko dituena, bakoitza bere telefonoa edo harremanetarako bidearekin”.

Ildo berean, interesgarritzat jo dute eguneko 24 ordutarako herritarren arretarako zerbitzu telematikoa sortzea, 48 ordu baino lehen erantzungo zaien bermearekin. “Gai honetan pilak jarri behar ditugu. Gaur egun zarauztarrek egindako kontsulta eta eskaera asko ez dira erantzuten. Uste dugu beti erantzun behar direla, gutxieneko epe batean, eta Udalaren erantzuna web orrian argitaratu behar dela, herritarrak horretarako baimena ematen baldin badu”.

“Denontzat gobernatu”

Jeltzaleek “benetako parte-hartzea” aldarrikatu dute. “Udalak denentzat gobernatu behar du, eta ez bakarrik bere aldekoentzat; herriko sentsibilitate guztiei eman behar die lekua, publizitate eta propagandan gastatu beharrean”. Horretarako, Prest barruan hainbat neurri aztertu dituzte, hala nola Zarauzko Kontseilu Soziala eratzea, entitate, elkarte eta auzoetako 50 bat ordezkarirekin. “Bertan diseinatu beharko litzateke Kudeaketa Plana eta aurrekontua, eragileen iradokizunak aintzat hartuta. Kontseilu honen esku legoke diru-atal nagusietako asko eta etorkizuneko konpromisoak finkatzea”. Azkenik, komenigarritzat jo dute herri-kontsultak behar bezala arautuko dituen araudia adostea, “zarauztarrei hitza gehiagota, eta batez ere hobeto emateko”.

Share.

Leave A Reply