“IDEIA BERRIAK, ILUSIOA ETA KONPROMISOA”, OBRA ETA HIRIGINTZARI BURUZKO LAN SAIOAN

0

Ideiak eta iradokizunak jasotzen dihardu Xabier Txurrukak, Prest dinamikaren barruan

Zarautz toki atseginago bat bihurtzea, “bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko”, eta bide horri elkarlanean ekitea, zarauztarren ideiak, ekarpenak eta proposamenak aintzat hartuz. Helburu horrekin, EAJ Prest dinamika gauzatzen ari da, Zarauzko norbanako, elkarte eta eragileekin hainbat proiektu eta neurri landu eta kontrastatzeko. Joan den larunbatean, Hirigintza eta Herrilani buruzko lan saioaren txanda izan zen. Hogeita hamar bat lagunek parte hartu zuten ekitaldian, eta bi ordu luzez aritu ziren iradokizunak egiten eta eztabaidatzen.

Xabier Txurruka Prest-eko koordinatzaile eta Zarauzko alkategai jeltzaleak bertaratutakoen “hobetzeko gogoak eta inplikazioa” azpimarratu ditu. “Egia da une zailak bizi ditugula, baina aldi berean sumatzen ari gara askok uste dutela bestelako Zarautz bat posible dela, kudeatzeko eta gauzak egiteko beste modu bat aldarrikatzen dutela, eta, are inportanteagoa, prest daudela konprometitu eta haien hondar alea jartzeko. Oso herri aktibotzat du bere burua Zarautzek. Bultzatu eta indartu beharreko kapital humanoa eta soziala daukagu”.

Laneko jardunaldian zehar, neurriak jorratu ziren pertsonetan, irisgarritasunean eta garapen ekonomikoan oinarritutako hirigintza politika diseinatzeko. Eztabaida hiru gai nagusitan zatitu zen: udal ekipamendu eta instalazioak; aparkalekua eta mugikortasuna; eta garbitasuna, ingurugiroa eta segurtasuna. Hala, lehen blokean, honako gaiak aztertu ziren, beste askoren artean: espaloi eta bideen asfaltatze eta egoera, argiztapena, lokalen gabezia, edota eraikin jakin batzuei gaur egun eta etorkizunean eman dakiekeen erabilpena, hala nola Sanz Enea, anbulategi zaharra, EPA, Villa Munda eta Gurutze Gorria.

Aparkalekuari eta mugikortasunari dagokienez, bertaratutakoen arteko eztabaidak honako ardatzak eduki zituen: TAO zarauztarrei nola eragin dien, egoiliarren aparkaleku plazak turismo eta merkatal jardueraren sustapenarekin nola uztartu, oinezkoeen eta gaztetxoen segurtasuna, Kasino bezalako kaleek dituzten arazoak, edota Nafarroa kalearen etorkizuna. Parte-hartzaile batzuk eskatu zuten autobus urbanoaren zerbitzua berraztertzeko, erdialdetik urruti dauden eremuei zerbitzu hobea emateko bereziki, eta bizikletero falta bezalako gabeziak ere aipatu ziren.

Azken gai-multzoan, berriz, herriko zikintasuna, edukiontzien kokapena, bertaratutako gehienen artean asko hobetu daitekeena, edota eremu jakin batzuetako segurtasuna, hala nola biotopoko pasarela berria. Txurrukak azaldutakoaren arabera, gai orokorren inguruan ez ezik, parte-hartzaileek gai askoz zehatzagoei buruz ere eman zuten iritzia: “Udala, erakunderik hurbilekoena izanik, detaileak asko zaindu behar ditu, falta den zakarrontzi edo pibotea, edo gaizki margotuta dagoen zebrabidea, esaterako. Gai txiki hauek konpontzeko sekulako pelikula montatzen duen Udala, nekez izango da proiektu sakonagoei eta estrategikoei aurre egiteko kapaz.

Prest-eko koordinatzailea baikor agertu da ekitaldiaren emaitzarekin. Iragarri du abenduan beste lan saio bat antolatuko dutela, zarauztar guztiei irekitakoa hori ere, Herrigintzari buruzkoa. Data datozen egunotan jakinaraziko da: “Euskara eta kultura, kirol praktika eta instalazioak, heziketa eta gazteria, inmigrazioa, eta festak eta aisialdi ekitaldiei lorurako gaiak landuko ditugu bertan. Mundu guztiak dauka zer esana, beraz zarauztarrak gonbidatzen ditugu gurekin bat egitera”. Halaber, gogorarazi du eskaera eta iradokizunak zarautzprest@gmail.com helbidera bidali ditzaketela.

Share.

Leave A Reply