ZARAUZKO KULTUR JARDUERA ETA KIROLA NOLA SUSTATU AZTERTU DU EAJK

0

Xabier Txurrukak iradokizun eta proposamen berriak jaso ditu Prest dinamikatik

EAJ Prest dinamikarekin jarraitzen du. Horren bitartez, ideia eta proiektu berriak jasotzen eta kontrastatzen ari da, Zarauzko herritar, elkarte eta eragileekin edukitzen ari den bileretan. Prozesuak aurrera darrai, eta azaroan Hirigintza eta Herrilanei buruzko laneko saioa egin bazen, joan den hilean zarauztar guztiei irekitako beste jardunaldi bat gauzatu zen, Herrigintzaren inguruan, honako gaiak barne hartuta: kultura eta euskara, kirol praktika eta instalazioak, hezkuntza, gazteria, inmigrazioa, eta ekitaldiak eta festak. Hogei bat lagunek hartu zuten parte. Ia hiru orduz aritu ziren eztabaidan eta iradokizunak egiten.

Prest-eko koordinatzaile eta Zarauzko alkategai jeltzale Xabier Txurrukak, azpimarratu egin du bertaratutakoek egindako proposamenen “aberastasuna”: “Zarautz beti izan da herri bizia, boluntario eta elkarte sare aktiboa izan duena, mugitzen jakin duena, eta jarduerak antolatzen eta alternatibak eskaintzen asmatu duena, erakundeen zain egon gabe, elkarlanetik abiatuta. Zarauztarrok beti eduki dugu berezko dinamismo hori, esperientziak eta jarduerak partekatzeko bokazio kolektibo hori. Eredugarriak diren elkartegintza adibide ugari dauzkagu kulturaren, euskararen edota kirolaren arloan, gure herrian”.

Jardunaldiaren lehentasunetako bat izan zen, hain justu, azterzea zer egin daitekeen “energia eta sormen kolektibo” horri eutsi eta sendotzeko, “Zarautzi bultzada berri bat emateko” bideratuz. Bertaratutakoen artean, askok elkarteen arteko koordinazio eta elkarlanaren beharra azpimarratu zuten, eta baita Udalak perspektiba orokor bat edukitzea “nora iritsi nahi dugun” zehazterakoan: “Boluntariotza bultzatu egin behar da, galdu egiten ari baita, baina guztia bizilagunen esku utzi gahe. Nola esku hartu, motibatu eta babestu jakitea ezinbestekoa da, oztopatu edo ekimenak bereganatu gabe”.

Kultur arloan, Modelo zinearen programazioaren balorazio positiboa egin zen, baina aldi berean agerian gelditu zen Zarautzek aforo handiagoko ekipamendua behar duela oraindik ere, Modelo txiki gelditzen baita sarritan. Sanz Enea hobeto egokitzearen beharra ere nabamendu zen, instalazioetan zein ordutegietan. Azaldutako beste zenbait ideia izan ziren Euskal Jaia edota Santa Ageda eguna biziberritzea, eta gure kulturaren balioa sendotzea eta sortzaileen lana ezagutaraztea, ohituretan txertatuz eta bertsogintzari, literaturari edota euskal dantzei buruzko ikastaroetan parte-hartzea sustatuz. Bertaratutakoen artean ere, izan zen aipatu zuenik gehiago begiratu behar dela zer egiten duten Zarauzkoa baino programazio anitzagoa duten inguruko herrietan.

Kirol arloan, EAJk Asti garatu eta bertan atletismo pista egiteko plazaratu berri duen proposamenaz, eta herriko taldeek entrenatzeko duten instalazioen gabeziari aurre egin beharraz eztabaidatu zen. Positiboki baloratu zen surf eskolak arautzeko sistema, oro har, baina betetze-mailari eta sistemaren garapenari dagokionez “hobetzeko asko dagoela” aipatu zen. Puntu horretan, batzuk eskatu zuten neurriak hartzeko moilan segurtasuna bermatzeko. Igerilekuek eta gimnasioek duten espazio faltaz, nerabeak -eta batez ere neskek- kirola egiteari uztea saihesteaz, eta “Zarauzko turismo markaren parte” bihurtu diren kirol probak bultzatzeaz ere hitz egin zen, besteak beste: “Turismoak duen potentzial ekonomikoa aprobetxatu behar da, kalitatearen ikuspegitik”.

Gazteria eta Hezkuntzari dagokionez, askok adierazitakoaren arabera Gaztelekuak eskaintzen duen “potentzial osoa” aprobetxatu behar da, eta gazteen lokalak arautu behar dira. Halaber, dauden beharrak bertatik bertara ezagutzeko, Udalak ikastetxeetatik “askoz ere gertuago” egon behar duela iradoki zen. Festa eta ekitaldien atalean, berriz, hainbat eztabaidagai atera ziren mahai gainera: Sanpelaioak eta Musika Plazako giroa nola indartu, jarduerak nola dibertsifikatu gazte eta nerabeengan pentsatuz, Euska Jaiaren berezko izaera berreskuratzea eta antolatzaileei laguntzea, eta auzoetako batzordeekin elkarlan estuagoa edukitzea. Jaietan atsedenerako eta ondo pasatzeko eskubideak nola uztartu ere aztertu zen.

Txurrukak begi onez hartu du jardunaldiaren emaitza, eta iragarri du urtarrilean Maribel Albizu buru duen Ongizateari zuzendutako lan taldearen ondorioetako batzuk emango direla ezagutzera. Halaber, gogorarazi du eskaerak eta proposamenak bidali nahi dituzten zarauztar guztiek zarautzprest@gmail.com helbidea erabil dezaketela horretarako.

Share.

Leave A Reply