XABIER TXURRUKA EUSKO JAURLARITZAREKIN BILDU DA LIZARDI INSTITUTUKO PISTA BULTZATZEKO

0

Xabier Txurruka EAJko alkategaiak laneko bilera eduki zuen joan den astean Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariarekin. Bertan, Zarautzek kirol instalazioei dagokionez dituen behar nagusiak azaldu zizkion. Lizardi institutuko pistaren etorkizunak hartu zuen elkarrizketaren zati handi bat. EAJk pista hori estaltzeko duen proposamen teknikoaren berri eman zion Txurrukak Redondori, entrenatzeko instalazioen gabezia arintzen laguntzeko ezinbestekoa dela argudiatuz. “Herriko kirol taldeek duten premia handienetako bat da, eta gabezia horren ondorioz klub batzuk ezin diote erantzun saskibaloia edo eskubaloia bezalako kirolak egiteko dagoen eskariari, zenbaitetan jendea kanpoan utzi beste erremediorik ez dutelarik”.

Txurrukak aditzera eman zuenez, Lizardiko jolaslekua estaltzeak ez luke “aparteko kosturik” edukiko, eta baikor azaldu zen Eusko Jaurlaritza obraren finantziazioan eta tramiteetan inplikatzeko aukeraren inguruan. “Ezin dugu ahaztu lur-saila Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa dela, eta gestioak Hezkuntza departamentuarekin lankidetzan egin beharko liratekeela, honek baitu eskumena Lizardiko institutu publikoaren kasuan. Elkar-ulertze ona eduki dugu bileran zehar, eta bat etorri gara inbertsio ez oso handiarekin, Zarautzen dauden beharrei erantzuna emate aldera aurrerapauso handia emango litzatekeela”, azaldu du.

Halaber, hautagai jeltzaleak Jon Redondoren bisita aprobetxatu zuen Astira jo eta bertako kirol eremua epe ertainean garatu eta handitzeko EAJk duen proposamena esplikatzeko, zelai berri bat eta atletismo pista aintzat hartuta, besteak beste. Abenduan aurkeztu zuten proiektua jeltzaleek, eta azken asteetan zehar kirol elkarteekin eta herritarrekin kontsultatu eta kontrastatu dute, Entzuteko Prest dinamikaren barruan: “Ikusi dugu jendeak oso ondo hartu duela gure proposamena, eta gainera oso iradokizun interesgarriak egin dizkigute zirriborroa hobetzeko”, amaitu du.

Share.

Leave A Reply