ZARAUZTARREN 600 IDEIA ETA PROPOSAMEN BAINO GEHIAGO JASO DITU EAJK

0

Xabier Txurruka alkategai jeltzalea oso pozik agertu da Zarautz Prest dinamikak eduki duen erantzunarekin

EAJk alkategai Xabier Txurrukak oso irakurketa baikorra egin du Zarautz Prest dinamika parte-hartzailearen inguruan. Kopuru zehaitzei erreparatuta, 2014ko ekainean prozesua martxan jarri zenetik, jeltzaleek “50 laneko bilera baino gehiago” eduki dituzte Zarauzko talde eta eragileekin, zein erakundeetako odezkariekin. Halaber, Entzuteko Prest ekimenaren barruan lau saio antolatu dituzte, Kortazarren, Santa Klaran, polikiroldegian eta Itxasmendin, “zarauztarren ekarpenak aurrez-aurre” entzuteko. Guztira, “600tik gora ideia, proposamen eta iradokizun” bildu dituzte, eta horiei esker herriaren beharren “ideia zehatza” osatu ahal izan dute.

Txurrukak azpimarratu duenez, “oso prozesu aberasgarria izan da pertsonalki”, aukera eman baitio ezagutzeko “oso ideologia desberdinetako zarauztar askoren nahiak eta pentsaera. Denek dute komunean, ordea, herria hobetzeko gogoa eta grina”. Jaso dituzten ekarpenak askotarikoak badira ere, hautagai jeltzaleak zenbait ondorio orokor atera ahal izan ditu, “Zarauzko argazki modura” uler daitezkeenak: “Lehenik eta behin, asko eskertu digute beraiengana gerturatu eta haien beharrak eta iritziak ezagutzeko egin dugun ahalegina, modu antolatuan gainera. Zarautz aurrera eramateko eta hazi arazteko ilusio handia dutela egiaztatu digu. Zarautz herri bizia eta dinamikoa dela ikusi dugu, beste behin”.

Hobetzeko dauden arloen inguruan, berriz, bi plano desberdindu ditu. “Alde batetik, detaile txikiak zaintzeak duen garrantzia helarazi digute: garbitasuna, zakarrontziak, espaloiak… Eta bestetik, bi lehentasun ikusten dituzte Udalaren kudeaketari begira: jarduera ekonomikoa babestea eta bultzatzea, eta babes sozialeko sistemari eustea, premia edo ahultasun egoeran dauden pertsona eta familiei behar duten arreta eskainiz. Laburbilduz, krisiari aurre egin behar zaiola, bi arlo horiek zainduta”. Halaber, Txurrukak adierazi du, edukiei ezezik, zarauztarrek garrantzi handia ematen diotela politika egiteko “moduei”: “Ez dute nahi inposaketarik, elkarlana baizik”.

“Ideiak eta ilusióa”

Iazko ekainean jarri zuen abian EAJk Zarautz Prest. Sei lan talde sortu zituen, proposamenak jaso eta lantzeko, arloz-arlo: Giza-Ongizatea, Ekonomia, Etxebizitza, Hirigintza eta azpiegiturak, Gobernu Ona eta Herrigintza (Kultura, Euskara eta Kirola). Xabier Txurruka bera izan da koordinatzaile nagusia, eta Maite Garrastazu, Jesus Arana, Imanol Lasa, Maribel Albizu, Nekane Iribar, Ixidor Larrañaga eta Iban San Martin arlokako taldeburuak. “Afiliatu eta herritar askoren laguntza ere izan dugu, Herrilan eta Herrigintzari buruz batzokian egin genituen bi saioetan parte hartu zutenak, besteak beste”.

Helburu nagusia hauxe zuten: “Zarauzko egoeraren diagnostikoa egitea bere benetako protagonisten eskutik: herritarrak, elkarteak, taldeak, eta eragile ekonomiko, sozial eta kultural zein kirol arlokoak”. Ondoren, abenduan, Entzuteko Prest ekimenarekin eman zioten jarraipena. “Kalera irtetea erabaki genuen, modu sistematikoan, zarauztarrak bertatik bertara entzuteko”. EAJk proposatutako zenbait proiekturen inguruan iritzia jasotzeko ere aprobetxatu zuten: Astiko kirol eremukoa, Santa Klarako oinezkoentzako pasabidea, Itxasmendiko biribilgunea, edota Kortazargo eremuaren etorkizuneko erabilera. Horrez gain, bilerak egin zituzten beste erakundeetako ordezkariekin, “Zarauzko proiektu nagusiak martxan jartzeko alternatibak aztertzeko”.

Datozen egunotan, “Zarautz aurrera eraman eta hazi arazteko hamar konpromiso kolektibo” aurkeztuko dizkie Txurrukak zarauztarrei, Presten ondorio gisa, ondoren hauteskunde egitasmoan banan-bana zehaztuko direnak. “Askok jakinarazi eta helarazi digute herria bultzada baten premian dagoela, egungo geldialditik atera behar duela, eta beharrezkotzat jotzen dutela gauzak egiteko eta kudeatzeko bestelako estilo bat. Uste dut badugula potentziala, denon artean, askok helburu duten Zarautz hori errealitate bihurtzeko”.

Zarautz Prest dinamika berez amaitutzat eman, eta orain ziklo berria hasten badute ere, azpimarratu du oraindik ere ateak zabalik dituztela ideiak eta iradokizunak jaso, eta herritarrekin eta eragile desberdinekin elkartzeko. Hala nahi dutenek, eaj-pnv@zarautz.eus helbidera idatzi dezakete.

Share.

Leave A Reply