BILDU SALBIDEKO HAUR PARKEA ESTALTZEKO GAI IZAN EZ DELA SALATU DU EAJK

0

Adierazi du, “beste behin, ezker abertzalea bere konpromisoak bete ez, eta zarauztarrek eskatzen dituzten proiektuen kudeaketan trabatuta” gelditu dela

EAJk Bilduren Udal Gobernuari kritika egin dio, Igerain Gaingo -Salbiden- haurren parkea estaltzeko “gai” ez delako izan, eta ez duelako, horrenbestez, zarauztarrekin hartutako konpsomisoa bete: “Kudeaketan dituzten gabeziak erakutsi dituzte, oraingoan ere”. Jeltzaleek adierazi dute Bildu “trabatu” egiten dela proiektuetan, “edozein tamainakoak direla ere”, eta ezker abertzalearen hitzak ez duela “deus ere” balio: “Haurren parkea estaltzeko proiektua ez da atzo goizekoa. Zarauztarrek behin eta berriro egin dute eskaera hori, eta talde politiko guztion babesa eta oniritzia dauka. Zoritxarrez, Bilduk legealdi honetan bete ez dituen promesen zerrendan, ale bat gehiago izango da”.

EAJk gogorarazi duenez, berak proposatu zuen aurreneko aldiz haur parkea estaltzea, duela lau urte aurkeztutako hauteskunde egitasmoan. 2012Ko aurrekontuei aurkeztutako emendakinetan, berriz, instalazio horren beharra azpimarratu zuen ostera. Hori dela-eta, “begi onez” ikusi zuten jeltzaleek 2013ko aurrekontuetan proiektua kontuan hartzea. “Uste hartako martxoan, Bilduren Obretako zinegotziak, Mikel Goenagak, prentsan adierazi zuen haur parke estalia bere lehentasunen artean zegoela. Hitez-hitz, agindu zuen urte hartan bertan edukiko zutela proiektua idatzita, eta iazko negurako eraikita egongo zela. Beraz, urtebete eta erdiko atzerapena daramate jada, proiektua ez baitago idatzita oraindik ere”, deitoratu dute.

Jeltzaleen arabera, Gobernu taldeak “bazterrak nahastu” besterik ez du egin gai honekin, “beste askorekin” bezala. “ Herritarren parte-hartzea erabili dute kudeaketarako gaitasun falta ezkutatzeko. Pasa den urtean ideia lehiaketa eta prozesua antolatu zuten, sekulako propaganda erakustaldia eginda. Emandako hitza jan zuten, eta obrak ‘aurtengo uztaila edo abuzturako’ bukatuta egongo zirela agindu”. Haatik, EAJren esanetan, orain ere gezurretan ari dira, eta frogarik onena Bilduk onartutako aurrekontuetan dago. “50.000 euro baino ez dituzte aurreikusi haurren parkea estaltzeko, obrak 317.000 euroko kostua izango badu ere. Beraiek emandako datuak dira, ez guk asmatutakoak. Proiektuaz ahaztu egin beharko dugu, legealdi honetan behintzat”.

Guzti horrek erakusten du, jeltzaleen iritzizm Bilduk ez daukala Salbideko umeen parkea estaltzeko “kudeaketarako gaitasunik”, eta ezta “borondate politikorik” ere. “Egoera ekonomikoa edo baliabide falta ere ezin dituzte erabili aitzakia gisa. Izan ere, Astin beraien jatetxetzarra eraikitzeko gastatuko duten diruarekin, 300.000 eurorekin, obra egin ahal izango litzateke”. Uste hori oinarritzeko, Gipuzkoako beste zenbait herritan egin dena jarri dute adibide gisa, hala nola Elgoibarren: “Bertako Udalak Maalako parkea estali du 244.789 eurorekin, eta bertan estali beharreko azalera Igerain Gaingoa baino dezente handiagoa zen”.

“Begibistako geldialdia”

Atzera eginez gero, 2013kko uztaileko osoko bilkuran, EAJren Udal taldeak galdetu egin zuen zergatik ez zen exekutatu parkea estaltzeko diru-atala, aktak egiaztatzen duen moduan, eta saio hartan eskatu zion Bilduri “garrantzi berezia emateko” obrari. “Denbora pasa da eta begibistakoa da geldirik jarraitzen dutela. Ez dugu ulertzen zergatik ez diren martxan jartzen honelako inbertsioak, are eta gutxiago kontuan hartuta alderdi politiko guztien adostasuna eta babesa dutenela, Udalbatzarrean adierazita, eta baita herritarrena ere. Herriaren aurrean hartutako konpromisoak ez betetzeak, hau bezain garrantzitsuak direnean batik-bat, kudeaketa txarraren seinale argiak dira”, azaldu dute.

Jeltzaleek azpimarratu dutenez, haur parkea eta, oro har, azpiegitura estaliak dira Zarautzek dituen behar handienetako bat, zarauztarrek “etengabe” adierazi duten moduan “aspalditik”: “Badakigu nolakoak diren hemen udazkenak eta neguak. Udaberri hasiera honetan ere giro traketsa dugu. Badaude jolasetarako estalpe bat edukitzea ikaragarri eskatuko luketen familia ugari. Gure alderdiak bizilagun, elkarte eta bestelako eragileekin izan dituen harreman eta bileretan askotan entzundako eskaria da, bai legealdi hasieran egin genituen partaidetza prozesuetan, zein duela gutxi bukatu dugun Entzuteko Prest dinamikaren barruan”. Udalak aurrekontuen berri emateko antolatutako bileretan ere agertu dela jakinarazi dute, “besteak beste, Azken Portu Goian eginikoan”.

EAJk eredu gisa jarri du Orokietako ikastolako pistan iazko legealdian egindako obra. “Bere garaian ahalegin handia egin zen proiektu hori aurrera eramateko, eta gaur egun, inork ez du zalantzan jartzen hobekuntza handia ekarri duela Zarauzko kirol instalazioen eskaintzari dagokionez”. Hala, iragarri dute Salbide parkea eta polikiroldegia eta Lizartd Institutuaren arteko eremua estaltzea lehentasuntzat hartuko dutela datorren legealdian, “ikusirik oraingoa galdutako denbora izan dela, baita proiektu honi dagokionean ere”.

Share.

Leave A Reply