“BI URTE HAUEK FUNTSEZKOAK IZAN DIRA ZARAUZKO PROIEKTU ESTRATEGIKOAK BIDERATZEKO”

0

Legealdi honen erdian, Xabier Txurruka alkateak, balantze “oso positiboa” egin du eta zarauztarren bizi kalitateari emandako bultzada nabarmendu du

“Zarautzek hauteskundeetan eskatutako aldaketa emateko eta zarauztarrei gure udalerrian ahalik eta bizi kalitate hoberenaz gozatzeko beharrezko bultzada eskaintzeko lanean ari gara”. Hitz hauekin laburtu ditu Xabier Txurruka alkateak bete berri dituen legealdiaren bi urteak. Ibilbidearen erdia jada igaro da eta esperientzia pertsonal bezala aberasgarria izateaz gain, EAJ-PNV eta PSE-EE-k osatutako udal taldeak “zarauztarrek hautestontzietan eskatutako aldaketa Zarautzera ekartzeko” etengabe lanean ari direla ziurtatu du. Zentzu honetan, lau urte hauetako erronkari aurre egiteko, 2015-2019 Legealdi Plana idatzi zuten. Dokumentu honetan legealdian burutuko diren ekintza nagusien plangintza jasotzen da eta herritar guztientzat eskuragarri dago www.zarautz.eus web orrian eta Zarauzko Udalean. Gardentasun osoz, kronograma baten bidez, planak lau urte hauetan burutuko diren proiektuak zehazten ditu. 131 akzio jakin, 14.352.000 euroko inbertsioaren aurreikuspenarekin. Ibilbide honen erdian, proiektu asko jada martxan dira, alkateak azpimarratu duenez, “lehen urte hauek funtsezkoak direlako legealdian garatu beharreko proiektu estrategikoak behar bezala bideratzeko”. “Planifikatzeaz gain burutu behar da”, adierazi du Txurrukak. Administrazioa herriari gerturatzeko, duela urtebete Udalak HAZ (Herritarren Arreta Zerbitzua) berria martxan jarri zuen kale Nagusiko bulegoetan.

Alkateak Auzoz auzo programaren sorrera nabarmendu du, herriko leku zehatzetan hiri-altzarien mantenua eta garbiketa lanak areagotzea helburu duen ekimena. “Gustura gaude lan egiteko modu hau ematen ari den emaitzekin. Askoz arinagoa eta eraginkorragoa da. Gainera, programa honek herritarren eskaera zuzenei erantzuten die. Herritarrek hainbat jarduketa eskertu dizkigute jada, besteak beste, Langako plazan ordezkatutako 25 bankuak, edota Azken Portu auzoko Tentenea plazan irisgarritasuna hobetzeko eraikitako arrapala. Jarduketa hauek pixkanaka euren egunerokotasuna hobetzen dutela jakinarazi digute”, adierazi du Txurrukak.

Udal Gobernu honen beste ardatz nagusietako bat enplegua bultzatzea da. Zentzu honetan, aurreko urtean Zarauzko Udalak 150.000 euro bideratu zituen Zarauzko enpresa eta ekintzaileen diru-laguntzei. Honek jada bere fruituak eman ditu, 542.511 euroko inbertsioak sustatuz enpresetan, lanpostuen sorreran eta ekintzailetzan: “Enplegua sustatzeko diru-laguntzak ematea nahikoa ez zela garbi genuen. Ekintzaileentzat euskarri izan nahi dugu eta horretarako, Mankomunitateko baliabideak erabili”. Udal Gobernuak Zarauzko garapen ekonomikoak aukera berriak sortu behar dituela eta enpresei euren jarduerak herrian ezartzeko aukera eskaini behar zaiela kontsideratzen du. Zentzu honetan, Errotaberriko proiektua “desblokeatzea” “ezinbestekoa” zen: “Errotaberri poligonoko uholdegarritasunaren aurrean segurtasuna hobetzeko helburuarekin gune horretan hasitako lanek jarraitasuna izango dute, uraren ibilgua autopistaren parean doan eremura zabalduz eta desbideratuz. Gipuzkoako Aldundiak, datorren urtean, Errotaberri poligonora Frantzeskua zubitik sartzeko obrak burutzeko konpromisoa hartzea lortu dugu”. Bestalde, Udalak Grupo Katealegaia SLL erakundearen instalazio berriak Abendaño industrialdean eraikitzeko baimena eman du. Grupo Katealegaia SLL Gipuzkoan elbarritasunen bat duten pertsonentzat lan postuak sortu eta lan munduan txertatzea helburu duen ekimen historikoa da.

Merkataritza eta ostalaritza Zarauzko ekonomia eta turismoa dinamizatzeko funtsezko sektoreetako bi dira. Arrazoi honengatik, agintaldi honetan hainbat kanpaina bultzatu dira, besteak beste, Zarautzen Buy eta Merkatutik zuretzat! izenekoak. Lehenak, zarauztarrak herrian erosketak egitearen garrantziaz kontzientziatzea du helburu, eta bigarrenak, Merkatu Plazako baserritar eta merkatariei babesa eta laguntza ematea. Era berean Karlos Argiñano bezalako aitabitxi paregabearekin, Zarauzko Turismo Bulegotik Toldotxo izeneko pintxoa sortu da, Zarauzko ikono diren hondartzako toldoei omenaldia eginez. Gainera, turismoaren urtarokotasunarekin hausteko lanetan ari dira Udaletik. Apustu berri honen adibide garbia da surfeko munduko txapelketa berreskuratzea eta ospatzeko datak Pazko Astera aurreratzea.

15 urte eta gero, etxebizitza publikoaren sustapenari bultzada

2016-2019 Etxebizitza eta Lurzoru Udal Planean, legealdi honetan, Aldapeta eta Salberdinen 250 etxebizitzen sustapena jasotzen da, eta hauetatik 190-ek nolabaiteko babesa izango dute. “Planaren helburua zarauztarrei babes ofizialeko etxeak eskaintzea da, prezio eskuragarrian. Duela 15 urte gertatzen ez den zerbait da”, nabarmendu du Txurrukak. Aldapetan, VISESAK 50 etxebizitza eraikiko ditu, guztiak babes publikokoak: 20 BOE eta 30 tasatuak. 30 etxebizitza tasatu hauen zozketa pasa den maiatzaren 4ean izan zen eta 2019an emango dira. Beste babes ofizialeko 20 etxebizitzak obrak amaitzean zozkatuko dira, alokairuan. Bestalde, Salbedinen, proiektatutako lehen fasea burutuko da, babes ofizialeko 140 etxebizitza inguru eskaintzeko.

Irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzea ere udal gobernuaren helburuetako bi dira. Zentzu honetan, Aldapetak Vista Alegre auzoko irisgarritasuna hobetuko du bi igogailurekin, eta dagoeneko, Azken Portu goiko igogailua eraikitzeko proiektua tramitean da. Honetarako, udalak 150.000 euroko diru-laguntza lortu du Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailetik. Txurrukak gogorarazi du EAJ-PNVk duela bi legealdi aurkeztutako proposamena dela: “Ezinbesteko kontsideratzen dun agindutakoa betetzea eta obrak hauek aurten jarriko dira martxan. Hala, legealdi honetan Azken Portu goiak agindutako igogailua izango du”.

Agintaldi honetan martxan jarritako beste proiektu estrategikoetako bat Santa Klarako pasonibela kentzea da, eta, hala, 2018rako prest egongo den azpi-pasagunea eraikitzea. Gainera, bi urte hauetan, herritarren parte hartze prozesuari esker, TAO sisteman hobekuntzak egin dira eta Itxasmendiko auzoaren irisgarritasuna hobetu da biribilgune berriaren eraikuntzarekin. Txurrukak azaldu duenez, “auzotarrekin hartu genuen konpromisoa izan da, biribilgunea hau eskaera historikoa baita”. Era berea, Itxasmendiko Haurreskola parean lursail berri bat prestatu zen, auzoko aparkaleku guneak zabalduz. Bestalde, datorren ekainaren 5ean, Zarauzko Udalak herri autobusaren hirugarren linea martxan jarriko du, ordutegia zabalduz eta Abendaño eta Asti bezalako puntu berrietara iritsiz.

Salbideko parke estalia zarauztarrek itxarondako beste proiektu bat da eta ekainaren hasieran zabalduko da: “Aurreko legealdian aztertu genuen blokeatua zegoen proiektu hau eta parkearen erabilera zabaltzeko helburuarekin hobekuntza batzuk gehitu ditugu. Izan ere, iparraldeko itxitura gabe, euria egiten duen egun askotan parkea erabilezin geratuko litzateke”.

Kirolarekin konpromisoa eta Modelo zinema eraberritzea

Udal gobernuak kirolarekin duen konpromisoa azpimarratu du alkateak. 2016 urtean Zarauzko Kirol Elkarteari emandako diru-laguntza %20 batean areagotu da. Era berea, azken urteetan kirol diru-laguntzak jasotzeko zain zeuden hainbat elkarteen laguntzak eguneratu dira. Gainera, Txurrukak bi urte hauetan bultzatutako proiektuak zenbatu ditu: “Astin belar artifizialeko bi zelai txiki eraiki dira eta 1.200.000 euroko inbertsioa egin da aldagela eta gimnasio berria izango dituen eraikinean, jada amaituta daudenak. Ekainean errugbiko harmailen estaldura egiteko obrak hasiko dira. Gainera, Asti kirolguneak transformazio zentro berri bat du, udal instalakuntza hauen zerbitzuak hobetu dituena. Bestalde, Aritzbatalde kiroldegiko gimnasioan makina berrian jarri dira eta igerilekuetan berrikuntzak egin dira, Zarautz Arraun Elkarteak, Zarautzen entrenatu zezan, kiroldegiaren ondoan zuen arraun hobiaren lokalean solairuarte bat eraikitzeaz gain”. Udal Gobernuak Aritzbataldeko kiroldegiaren eta Lizardi Institutuaren artean kirol pabilioi berri bat eraikitzeko proiektua eskatu du, obrak legealdi honetan burutzeko asmoarekin. “Urtean zean gure klubek egiten duten lana bultzatzen eta laguntzen jarraituko dugu”, adierazi du Txurrukak.

“Zarauztarren bizi kalitatea hobetzeko emandako bultzada honetan ezin da inor atzean utzi. Herritar guztien beharretan pentsatzen dugu”, azpimarratu du. Zentzu honetan, Hirugarren Adineko Mahaiari bultzada berri bat eman zaio kolektibo honen interesekoak diren ekitaldiak antolatzeko, eta, era berea, Zarautz Eusko Jaurlaritzak eta Matia Fundazioak bultzatutako Euskadi Lagunkoia proiektuari atxikitu zaio. Gaztedi sailetik, bestalde, Gazte Zerbitzu berria sortzeko proiektu pilotu bat ari da lantzen.

Hezkuntza sailetik Ikaslagun proiektua sortu da, Zarauzko eskoletan arazo ekonomikoak dituzten ikasleei laguntzeko sortutako ekimena. Era berean, arrakasta handia izaten ari den ekimena jarri da martxan: Aritzbatalde kiroldegiko hitzaldi aretoan azterketa garaietarako ikasgela bat prestatu da. “Irailean Modelo zinemako berrikuntza obrekin hasiko gara. Hau ere herritarrek egindako eskaera bat da eta legealdi honetan erantzuna emango diogu”, aurreratu du alkateak.

“Zarauztar asko dira Zarautzen ospatzen diren festei bultzada berezi bat emateko eskatu digutenak. Hala, Amabirginaren Festak ekitaldiz betetako Aste Nagusi batera zabaltzeko apustua egin da, zarauztarrentzat eta bisitarientzat”, azaldu du Txurrukak. “Aurreko urteko Los Secretos taldearen kontzertu potentea guztion oroimenean geratu da, aurtengo Inauterietako Grease konpartsa arrakastatsua eta Kuadrilla Eguna ahaztu gabe, festaren hasierako urteak oroituz”, gehitu du. Gainera, festetako egitarauan gazteentzako espazio berriak zabaltzeko lanketa berezia egin da.

Alkatea gustura azaldu da udal gobernu taldea zehaztutako epeak betetzen doalako. “Erritmo onean goaz. Bi lehen urte hauetan legealdi osorako oinarri solido bat ezarri dugu. Asko dago egiteko oraindik eta zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko lanean jarraituko dugu, herritarrekin hartu genuen konpromisoa mantenduz. Era berean, gertuagoa eta eraginkorragoa den administrazioa bat bultzatzeko ere lanean jarraituko dugu”, burutu du Txurrukak.

Share.

Leave A Reply