Castellano | Euskara
Sarrera EAJ-PNV Udal Taldea Dokumentu Interesgarriak Berriak Argazki Bilduma Harremanak Loturak Deskargak
Sarrera : Berriak
 Berriak
14-12-2009 | XABIER LIZARDI ETA SALBATORE MITXELENA SARIEN XXVIII. EDIZIOA AURKEZTU DUTE
Itzuli Berriak 
Imanol Lasa Euskara zinegotziaren esanetan, Euskararen aurrekontua derrigor jaitsi behar izan bada ere, sarion atalean ez da beherakadarik izan: “Mantendu beharreko apustua da”
        
Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzuak Euskadiko haur eta gaztetxoen literaturgintzan sona handia eta ibilbide luzea duten bi sari aurkeztu zituen atzo: Xabier Lizardi saria eta Salbatore Mitxelena saria. Aurrenekoak gaztetxoenei zuzendutako literatur ekoizpena bultzatzea du helburu, eta idazle helduei doa zuzenduta. Salbatore Mitxelena sariak, berriz, irakurle ez ezik idazle ere bihurtu nahi ditu haur eta gazteak, Lehen Hezkuntzako Bigarren Ziklotik Batxilergora bitartekoek har baitezakete parte beraien olerkiak edota ipuinak aurkeztuz. 28 edizio beteko dituzte sariok aurtengoarekin. Ibilbide luzea dute biek ala biek, beraz.
 Xabier Lizardi sariaren diru kopurua 3.700 eurokoa izango da aurten. Lanak jatorriz euskaraz idatzitakoak, originalak, argitaragabeak eta beste inolako lehiaketan saritu gabeak izan beharko dira. Gaia librea izango da eta partaide bakoitzak lan bat edo gehiago aurkez dezake. Makinaz idatziko dira, lerro artean tarte bikoitza utzita eta DIN A-4 neurriko orrietan.
 Lan bakoitzaren bi ale bidali beharko dira, ongi josiak, zenbakituak eta izengoitiz sinatuak. Aparteko gutun-azal itxi baten barruan adieraziko dira: izengoitia, izen-abizenak, helbidea eta telefonoa. Gutxieneko luzera, berriz, 24.000 karakterekoa izango da. 2010eko urtarrilaren 11an bukatzen da lanak aurkezteko epea (Euskara Zerbitzuan).
Honako adituek osatuko dute epaimahaia: Jesus Mª Olaizola Txiliku, Miren Agur Meabe, Xabier Mendiguren, eta Ruben Ruiz (2008 eta 2007ko lehiaketetako irabazleak, hurrenez hurren). Zarauzko Udalak Imanol Lasa Euskara zinegotzia izango du ordezkari gisa eta idazkari bat ere izendatuko du. Bera arduratuko da gaiak bideratzeaz; lan-teknikoari dagokionez, berriz, epaimahaikide adituek izango dute erabakitzeko ahalmena. Epaimahaiak egoki baderitzo, saria lan bakar bati eman arren, aipamen bat edo gehiago egin dezake, beste zenbait lanen bikaintasuna adierazteko. Epaia 2009ko otsailean emango da jakitera.
 Imanol Lasa Euskara zinegotziak sariak “euskarazko ipuingintzan duen garrantzia eta tradizioa” azpimarratu zituen. “Genero hori ondoen landu duten euskal idazleetako askok eta jaso dute saria. Irabazleen zerrendan, sona handiko izenak topatzen ditugu: Mariasun Landa, Bernardo Atxaga, Felipe Juaristi, Xabier Mendiguren, Martin eta Xabier Etxeberria, Pello Esnal eta Imanol Azkuerenak, esaterako. Azken bi urteetan aurkeztutako lanen maila orokorra oso altua izan da. Frogetako bat duela gutxi izan dugu, 2007an irabazle izan zen Ruben Ruizi literaturako Euskadi Saria eman baitiote, Zarautzen aurkeztutako Anekdotak lanarekin. Espero dugu aurtengo edizioak bide beretik jarraitzea”.
Halaber, gogorarazi zuen Lizardi bezalako sariak, askotan iritzi kontrajarriak piztu arren, “beharrezko akuilu” direla euskarazko kalitatezko literatura ekoizpena bultzatzeko. “Horregatik, eta Euskara Zerbitzuaren aurrekontuetan beherakada izan dugun arren, sarien kopuruari eta kantitateari eutsi egin diogu, uste dugulako une zailetan ere egin beharreko apustua dela hau. Bestalde, sariak ematen duen oihartzunaz gain eta beren burua ezagutzera eman ahal izateaz gain, idazleek gehien eskertzen duten gauzetako bat Euskara Zerbitzuak egiten duen edizio eta argitalpen lan txukuna da. Obrari merezi duen balioa emateko modua da, aitortzarik onena”. Aurten ere, ohiko argitalpenaz gain, beste 2.400 ale kaleratuko dira Zarauzko Udalaren izenean, herriko eskola eta ikastetxeetan banatzeko. Argitalpena sari banaketa egunean kaleratuko da, 2010eko apirilean.
Zarauzko ikastetxeetako ikasleak izango dira, hain justu ere, Salbatore Mitxelena Sariko protagonistak. Lehen Hezkuntzako 2. ziklokotik hasita, guztiek hartu ahal izango dute parte. Euskaraz idatzitako lan originalak aurkeztu beharko dituzte, gaia librearekin, olerki edo ipuin formatuan (LHko 2. zikloan ipuinen kategoria baino ez da izango). Bertsorik ez da onartuko eta partaide bakoitzak lan bat edo gehiago aurkez dezake. Makinaz, ordenagailuz nahiz eskuz idatzita bidal daitezke DIN A-4 neurriko orrietan orrialdeak zenbatuta. Aparteko orri batean datu hauek adieraziko dira: lanaren izenburua, izen-deiturak, adina, helbidea, telefonoa, ikastetxea eta maila. Ez da onartuko arkatzez edota bi aldeetatik idatzitako lanik, ezta grapaz jositakorik ere.
Luzera honakoa izango da, mailaz maila: ‘A’        mailako ipuinak (Lehen Hezkuntzako 2. zikloa): orrialde 1 edo 2; ‘B’        eta ‘C’ mailetako ipuinak (Lehen Hezkuntzako 3. zikloa eta DBHko 1. zikloa): 2 eta 5 orrialde bitartean; ‘D’        mailako ipuinak (DBHko 2. zikloa): 3 eta 6 orrialde bitartean; ‘E’        mailako ipuinak (LOGSE Batxilergoa / Erdi mailako Heziketa zikloak): 3 eta 8 orrialde bitartean; ‘B’ mailako olerkiak: 15 eta 30 lerro bitartean; ‘C’ mailako olerkiak: 30 eta 100 lerro bitartean; ‘D’ mailako olerkiak: 50 lerro gutxienez; ‘E’ mailako olerkiak: 75 lerro gutxienez.
‘A’, ‘B’ eta ‘C’ mailetarako epaimahai bat osatuko da eta ‘D’ eta ‘E’ mailetarako beste bat. Ikastetxeek eta herriko zenbait idazlek hartuko dute parte epaimahaian. Imanol Lasak parte-hartzera animatu zituen ikasle guztiak: “Eurek ematen diote handitasuna sari honi, sormenak adinik ez duela gogoraraziz eta ikuspuntu originala, freskoa eta inplikazio handikoa erakutsiz. 25 urte hauetako lanetan bizipen asko eta ilusio eta aberasgarritasun handia daude pilaturik. Urtez urte altxor hori handituz joatea gauza ederra da herriarentzat”.
Lanak Euskara Zerbitzuan aurkeztu behar dira, 2010eko urtarrilaren 15a baino lehenago. Sari-banaketa, berriz, 2010eko apirilean izango da. Lehen sailkatuentzat sariak metalikoan, garaikurrak, eta liburuak erosteko bonoak izango dira. Udalak hainbat argitaratuko ditu saritutako lanekin. Oinarrien inguruko xehetasun gehiago izateko, Euskara Zerbitzura jo daiteke (Balea kalea, 2-A, 943-005116).