Aurreko urteetan bezala, Zarautz ordezkatuta egongo da Fiturren, Madrilen hilaren 20tik 24ra bitarte ospatuko den nazioarteko turismo azokan. Mota honetako ekitaldi garrantzitsuenen artean dago Fitur, mundu mailan, eta edizio honetan 30. urteurrena beteko du. Turismo eragileak, erakunde sustatzaileak, enpresa operadoreak, hotelak, bidai-agentziak, garraio-enpresak, kontsultoriak eta adituak bilduko ditu, besteak beste. Jon Urien alkateak eta Imanol Lasa Turismo zinegotziak osatuko dute zarauztar ordezkapena Madrilen.
Fiturren kopuruek argi eta garbi azaltzen duten nolako tamaina duen. Pasa den urteko edizioan, 170 herrialde-eskualdetako 12.312 enpresa bildu zituen bere erakusleihoekin, eta 136.177 profesionalek eta 8.470 kazetarik hartu zuten parte. Enpresen parte-hartzeak behera egingo du aurtengo honetan, krisialdi ekonomikoaren ondorioz, baina antolatzaileak baikor dira. Hilaren 20, 21 y 22an sektoreko profesionalentzat egongo da irekita soilik, eta 23an eta 24an publikoari ere zabalduko dizkio ateak. Iaz, adibidez, 85.000 bisitari erabarri zituen epe horretan.
75.000 metro koadroko azalera izango du Fiturrek. Madrilgo IFEMA azoka eremuak dauzkan 12 pabilioetatik hamar beteko ditu. Zarautzek Eusko Jaurlaritzaren erakustokian aurkeztuko ditu bere proposamenak, Euskal Kostaldea-Gipuzkoa izendapenarekin (www.costagipuzkoa.com). “Gipuzkoako kostaldeko herri eta hiriak elkartzen dituen marka turistikoa da, duela gutxi ofizial bihurtu dena, eta oso eroso gaude horren barruan lanean. Gauza asko dauzkagu amankomunean gure turismo eskaintzan, eta zalantzarik gabe Zarautz da gure kostaldeko ikurretako bat”, azaldu du Imanol Lasak,
Fiturrek duen oihartzuna azpimarratu du zinegotziak. “Mundu mailako erakusleihoa dela esan daiteke, arreta handia duelako komunikabideen aldetik, hainbat herrialde, nazio eta eskualde biltzen dituelako, eta erabiltzaile eta bezero ugari erakartzen dituelako. Bere burua ezagutzera eman nahi duten, edo hazi egin nahi duten turismo-gune guztiek bertan egon behar dute. Negozioaren ikuspegitik, berriz, bertan elkartzen dira banatzaileak, operadoreak, komunikabide espezializatuak, etabar. Beraz, derrigor aprobetxatu beharreko aukera da”.
Bere iritziz, promozioa alorra ez ezik, turismoaren sektoreko azken joerak ezagutzeko azokak ematen dituen aukerak ere azpimarratu beharra dago. “Bost egunetan zehar, publikoa eta komunikabidearen eskaerei erantzuteaz gain, sektoreko profesionalekin ere harremanetan egongo gara, eta horri esker estrategiak partekatu eta besteak zer egiten ari diren ezagutu ahal izango dugu”. Turismoa lehiakortasun handiko sektorea da, baina hala eta guztiz ere FITUR bezalako azoketan “oso harreman aberasgarriak” sortzen dira haren irudiko
Egoera ekonomikoa zaila izan arren, pasa den urteko udako kanpainaren balantzea oso positiboa izan zen Zarautzen. Turismo informazio guneetan egindako kontsultak %26 hazi ziren, eta okupazio portzentajeek ere gora egin zuten hilabete mugituenetan, krisialdi aurreko portzentajeak ere hobetuz. Espainiatik etorritako turisten gorakada ere aipatu beharra dago, %45 %55ra. “Lorpen horrek azoka desberdinetan egiten den lanarekin, eta prentsa, irrati eta telebistan Zarautzen eta bertan antolatzen diren ekitaldien gainean egin den promozioarekin du zerikusia. Estatu mailako telebista kateen eskaera dezente jaso ditugu, hemen erreportajeak granbatzeko. Bide hori lantzen jarraitzea da gure asmoa, internetek eskaintzen dituen aukera berriez ere baliatuz”.
Kalitatea eta berrikuntza izango dira Turismo Bulegoaren beste lan ildo nagusiak, ella baita Fiturren aurkeztuko duen eskaintzaren ezaugarri nagusiak ere. Ildo horretan, Lasak mugarri gisa aipatu ditu kalitatearen gestioan sistema berrien ezarpena, hala nola 5 ‘S’-ak, CictourGunen parte hartzea, duela gutxi saritua izan den gurezarautz.net webgunea, edota, maila apalago batean, Zarauzko Turismo Bulegoa facebook sare sozialan present egotea: “Teknologia berriek egundoko garrantzia hartuko dute”, ziurtatu du.
Bestalde, Zarautzek ‘Destinos País Vasco’ erakundeko kide izaten jarraituko du: EAEko hiru hiriburuak, Hondarribia eta Zarautz biltzen ditu, eta askotariko promozio ekintzak burutzen ditu. Gainera, Turismo Bulegoak “elkarlanean” jarraituko du turismo, kultura, gizarte eta kirol eragileekin, ekitaldi eta jardueren antolaketari begira, besteak beste. Lan hori Turusmoaren Aholkularitza Batzordearen esparruan egingo da aurrerantzean. Litekeena da datorren astean erakunde hori martxan egotea.