Zarauzko Uri Buru Batzarrak Izaskun Bilbaok jasotako konfiantza eskertu du

0

Emaitzak ontzat jo ditu, EAJk 2009an baino 546 boto gehiago jaso dituela azpimarratuta

Zarauzko Uri Buru Batzarrak (ZUBB) begi onez hartu ditu atzoko hauteskundeetan Izaskun Bilbao buru zuen hautagaitza jeltzaleak lortutako emaitzak. Xabier Txurruka ZUBBeko lehendakariak azpimarratutakoaren arabera, boto gehien jaso dituen aukera izateaz gain, EHBildurekiko 245 botoko abantalarekin, EAJk “nabarmen” hobetu ditu orain bost urteko europar hauteskundeetan lortutako emaitzak, 2009an baino 546 bozka gehiagorekin. “Benetan eskertu nahi dugu oraingoan ere zarauztarrek gure alderdiari erakutsi dioten babesa eta konfiantza. Oso inportantea da Euskadik Izaskun Bilbao bezalako ordezkari bat edukitzea, gure herriaren interesak Europan defendituko dituena eta Euskadik ahots propioa edukitzea bermatuko duena”.

Txurrukak adierazitakoaren arabera, “testuinguru oso zaila zen, abstentzio portzentaje handiak eta desmobilizazio politikoa zegoelako iragarrita, baina hala eta guztiz ere zarauztar askok konfiantza erakutsi dute EAJk islatzen dituen balioengan, hau da, lana eta seriotasuna. Lana Europa demokratikoago eta gardenago baten alde, eta lana herriek subjektu politiko gisa duten papera aitortua izan dadin”.

ZUBBeko lehendakariak honako balorazioa egin du emaitzen inguruan, amaitzeko. “Beste behin, ikusi da Zarautz herri abertzalea dela nagusiki. Hauteslegoak erabakitze eskubidearen aldeko indar politikoen alde egin du”. Herri mailan, berriz, adierazi du EAJren garaipena “akuilu polita” dela “denon artean, egunetik egunera, Zarautz hobe baten alde lanean jarraitzeko. Badakigu nolako ilusioa eta erantzukizuna dagoen jarrita gure lan taldearengan. Erantzukizun horri erantzuteko prest egoten ahaleginduko gara”.

Share.

Leave A Reply