IGERAIN-GAIN PARKE ESTALIA MARTXAN DA. AGINDUTAKOA BETE DUGU.

0

Obrak otsailaren 6an hasiko dira eta udaberrirako zarauztarrok haur parke estaliaz gozatzeko aukera izango dugu.

Datorren udaberrian, azkenean, zarauztarrok Igerain-gainen (Salbide auzoan) kokatuko den hainbeste eskatutako haur parke estaliaz gozatzeko aukera izango dugu. Santiago Peñalba Garmendia, Iñigo Peñalba Arribas eta Aritz Díez de Oronoz arkitektoek diseinatutako proiektua Altuna y Uria S.A enpresak burutuko du, aurreko abenduak 27an Zarauzko Udaleko Kontratazio Mahaiak adostutako esleipenaren ostean. Enpresa eraikitzaile azpeitiarrak obrak otsailaren 6an hasiko ditu. Hamahiru asteko epearekin eta 311.671,17 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin burutzeko konpromisoa hartu du. “Euria dugun egunetan etxeko txikiek euren kasara jolasean ibiltzeko gune estalien gabezia handia dago. Zarauztarrek Udalera askotan zuzendutako eskaera bat da, eta, azkenean, hilabete batzuen buruan errealitate izango da, gobernura iritsi ginenean hartu genuen konpromisoa betez”, adierazi du Xabier Txurruka alkateak. Honez gain, proiektuak 36.600 euroko diru-laguntza jaso du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren eskutik, Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazio eta Lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideraturiko laguntzen programaren bidez. “Udaletik egindako kudeaketek euren fruitua eman dute. Eusko Jaurlaritzak emandako laguntza honekin oso eskertuta gaude”, nabarmendu du alkateak.

Azkenean eraikiko den proiektuak hobekuntza batzuk aurkezten ditu aurreko gobernuak geldiarazitakoaren aldean. Hobekuntza hauek parke estaliaren erabilera zabaltzeko helburuarekin egin dira, alkateak zehaztu duen bezala, iparreko itxitura gabe euria egiten duen egun askotan parkea “erabilezin” geratuko litzatekeelako: “Hustubideak eta zimendatzeak birplanteatu eta sinplifikatu egin ditugu. Horrela, estalkiaren neurriak berriro aztertu ditugu, tokialdatuz eta honen eragina jasango duten zuhaitzen kopurua murriztuz – aurreko proposamenarekin alderatuz, aldaketa hauekin zuhaitzen erdia moztea ekidingo da-. Honekin batera, parkearen iparraldeko itxidura zabaldu da, proposamen irabazleak ez baitzuen inongo babesik aurreikusten alde horretan”. “Horrelako estalki batek ipar-ekialdean babes osagarri bat behar duela ulertzen dugu, hori baita euriaren astindua gehien jasaten duena”, gaineratu du Txurrukak.

Agindutakoa betetzen ari gara

Alkateak gogorarazi du aurreko gobernuari kritika gogorra egin geniola, duela bi urte, erabakiak hartzeko garaian izan zituen zalantza guztiengatik eta Salbideko haur parkea estaltzeko “gai ez izanagatik”. “Aspalditik dator haur parkea estaltzeko proiektua. Zarauztarrek sarritan egindako eskaera da eta bere egunean, Udalbatzako talde politiko guztien adostasuna eta babesa izan zuen. Zoritxarrez, aurreko legealdiko betegabeko promesen zerrenda loditu besterik ez zuen egin proiektuak”, adierazi du Txurrukak.

Duela zortzi urteko hauteskunde programan haur parkea estaltzea proposatu genuen eta 2012ko aurrekontu emendakinetan instalazio horren beharra errepikatu genuen; beraz, 2013ko aurrekontuetan proiektua sartzea “begi onez” ikusi genuen. “2013ko martxoan Bilduk urte horretan bertan proiektua idatzia izango zuela agindu zuen eta 2014ko negurako eraikiko zela. Egun hori ez zen sekula iritsi”, gogoratu du alkateak.

“Haur parkeak, eta orokorrean, estalitako azpiegiturak, zarauztarrentzat behar argia dira eta etengabeko eskaera aspaldidanik. Zarautzen adin txikiko seme-alabak dituzten familiak asko dira eta eskertuko lukete haur jolasak dituzten gune estaliak izatea herrian. Zentzu honetan, duela hilabete 2017ko aurrekontuen inguruan egin zen herritarren parte-hartze prozesuan jasotako eskaerei erantzunez, Frontoi Zinema zabaltzen hasi gara asteburuetan, 10.00etatik 20.00ak arte. Honez gain, astegun goizetan adin oso txikiko haurrentzat gimnasioa duen Gaztelekuko hirugarren solairua ere zabaltzen hasi gara, 10.00etatik 13.00etara”, nabarmendu du Nekane Iribar Hezkuntza eta Partaidetzako zinegotziak. “Gune publiko estalien beharra auzolagun, auzo-elkarte eta bestelako entitateekin izandako elkarrizketa, bilera eta topaketa ia guztietan aipatu da, bai Alkatetzara iritsi baino lehen baita udal gobernutik lanean gaudenetik ere. Gaur Salbideko haur parkearen estaltzea aurkeztea tokatzen da, baina gobernutik antzeko proiektuetan lanean jarraitzen dugu, besteak beste, errugbi zelaiko harmailako txapelean eta Aritzbatalde kiroldegi kanpoko zelaiko estalkian. Agindutakoa bete nahi dugu”, gaineratu du Txurrukak.

Share.

Leave A Reply