ZARAUZTARREN AURREAN AURKEZTU DU BERE HAUTAGAITZA EAJK

0

Zarauzko EAJk ekitaldi politikoa ospatu zuen atzo Azken Portun, Gurmendi plazan, zarauztarren aurrean datorren maiatzaren 24ko hauteskundeetarako bere zerrenda aurkezteko. Jende ugari bildu zen bertan Xabier Txurruka alkategaiaren eta Joseba Egibar GBBko lehendakariaren hizketaldiak entzuteko. Hautagaitzako kideek ondo babestuta hartu zuten hitza bi ordezkari jeltzaleek.

Bere taldearen lanerako gaitasuna, eta balio profesional eta pertsonala goraipatu zituen Txurrukak. “Erabateko errespetua diegu zarauztar guztiei, salbuespenik gabe, eta horregatik eginahalak egin ditugu hautagaitzarik onena osatzeko, politikatik kanpo bere prestakuntza eta trebezia erakutsi duten, herria primeran ezagutzen duten, eta kirol, kultura eta boluntariotza arloko taldeekin konprometituta dauden herritarrekin”, azaldu zuen.

Adierazi zuen Zarautzek “gogoa eta ilusioa baino zerbait gehiago” behar duela “bizi duen geldialditik atera eta proiekturik garrantzitsuenak aurrera eramateko: umiltasuna, lana, dedikazioa, konstantzia eta ideia argiak. Lehengo batean, bizilagun batek galdetu zidan nolatan sartzen naizen horrelako batean arkitekto bezala lana edukita, eta duela gutxi bi seme-alaben aita izan naizenean. Erantzun nion nire herriarekiko konpromisoagatik eta inplikazioagatik aurkezten dudala nire burua”.

Hautagai jeltzalearen iritziz, Zarautzek etorkizuneko egitasmo bat behar du jarduera ekonomikoa, babes soziala, etxebizitza, kultura eta kirola bultzatzeko. “Hori da hain zuzen gure programan jaso duguna, laster xehetasun guztiekin aurkeztuko duguna. Programa hori da gurea, zarauztar guztiona baizik, herritarrekin eta Zarauzko eragileekin elkarlanean osatu baitugu”.

Amaitzeko, azpimarratu zuen zarauztar asko zuzendu direla berarengana bestelako kudeaketa eredua eskatuz, “inposaketarik gabekoa, eta aldi berean lidergo eta lehentasun argiekin. Gure taldea ohituta dago erabakiak hartzen, eta prest dago ere denon artean Zarautz hobe bat eraikitzen lagunduko duten erabakiak hartzeko. Geldirik gelditzen den politikaria, haizeak eramaten du”.

Share.

Leave A Reply