Xabier Txurruka alkateak EH Bilduk Salberdingo planaren inguruan esandakoa gezurtatu du
EH Bilduk duela 15 egun komunikabideetan egindako “adierazpen larrien” aurrean, Hirigintza buru eta alkate Xabier Txurrukak, Salberdingo garapen urbanistikoaren momentu klabe honetan Zarauzko Udalaren jarrera argi utzi du. Hitzarmen Batzordeak hiru aldiz onartu du behin behinekoz errepartzelazio proiektua: 2016ko urrian; 2017ko ekainean eta, azkenik, urte honetan bertan, urtarrilaren 25ean. Dokumentua jende aurrean egon da hilabetez, martxoak 1 (barne) arte eta, alkateak azaldu duenez, horregatik ez du EH Bildu erantzun nahi izan orain arte: “Kontu handiz isilik egon nahi izan dugu alegazio epea amaitu bitarte. Lotsagarria da dokumentua jende aurrean zegoela EH Bildu errealitatea desitxuratu eta jendearen iritzia manipulatu nahi izana, modu alderdikoian jokatuz. Hirigintza prozesuaren inguruko erabateko ezjakintasuna erakutsi du, politikariak zuzenean erasotuz eta Hirigintzako teknikariak zeharka, Udalak oraindik ezin zuenean ezer esan (ez alde eta ez kontra) aurkeztutako erreklamazioei buruz”.
“EH Bilduk dio gehiegikeriak ari direla gertatzen Salberdingo jabe txikien konpentsazioetan eta eskaini zaiena oso kezkagarria dela. Jakinarazi dutenez, 70 metro karratuko etxe bategatik 36.000 euro eskaintzen ari dira. Publikoki azaldu beharko zaio EH Bilduri, Hirigintza batzordean dagoeneko azaldu zaion arren, ostatu emateko eskubidea duten Salberdingo jabeekin lortutako akordioa beraiek jakitera eman nahi izan dutena baino haratago doala: etxe berriko metro karratua orain arteko etxearen metro karratuagatik aldatzeko aukera eskaini zaie”, adierazi du alkateak. Zentzu honetan, ostatu emateko eskubidea duten Salberdingo zazpi jabeak eremuan eraikiko den babestutako lehen 120 etxebizitzen eraikinean izango dute etxe berria. “Hau da, 70 metro karratuko etxea duen jabeak azalera bereko (70 metro karratu) etxe berri bat jasoko du, behar bezala hornitutako sukaldearekin. Gainera, lehen sustapen horretako 120 etxebizitzetatik nahi zutena aukeratzeko aukera izan dute. Salberdingo etxebitzen jabeen alde Udalak ezer ez duela egiten esatean gezurra dio EH Bilduk. Alkateak berak gaian esku hartu du eta ostatu emateko jabeen eta Hitzarmen Batzordearen arteko akordioa bultzatu du”, gaineratu du. “Beraz, 70 metro karratuko etxe bategatik 36.000 euro emango zaizkiela esatea gezurra da”, nabarmendu du Txurrukak.
“Udala ez ikusiarena egiten ari dela esatea gezur galanta da”
“EH Bilduk dio Udala ez ikusiarena egiten ari dela eta ez dituela zarauztarrak entzuten. Ez duela bitartekari lanak egiteko bere burua eskaini. Hori ere gezur galanta da. Legealdi hasieratik elkartu bainaiz ni neu alkatetzan eskaera egin duten interesdun guztiekin. Azkena, errepartzelazio proiektua behin behinekoz onartu zen hirugarren eta azkenengo aldian, pasa den urtarrilaren 25ean. Orduan jakinarazi nien alegazio epe berri bat hasi zela eta oraindik egin ez zuenak, aukera zuela kontrabalorazioak aurkezteko, ondoren aztertu, parekatu eta kontrastatzeko”, azaldu du. “Jende aurreko epea errespetatu ez duena EH Bildu izan da, Salberdingo errepartzelazioari buruzko alegazioen inguruko balorazioak eginez, jende aurreko epea zabalik zela martxoaren 1a arte eta Udalak ezin zituenean aurkeztutako alegazioak baloratu. EH Bilduk kalumnia eta gezurraren bidea hartu du Salberdingo prozesua erasotzen saiatzeko edozer egiteko prest”, nabarmendu du. “Berriro barregarri geratu baino lehen EH Bilduk udal teknikariei hirigintza prozeduraren inguruan galdetu beharko lieke, berriro prentsan hanka ez sartzeko. Hori baita egin duena”, gaineratu du alkateak.
Alkateak gogoratu du errepartzelazioaren inguruko azken hitza Udalak berak izango duela eta Udalak emango diola behin betiko onarpena: “EH Bilduz gain, udal teknikariek zerbait esan beharko dute horren inguruan, baina, oraindik ez zegokien hitz egitea. Dokumentua behin betikoz onartuko duena eta gehiegikeriak egon diren edo ez baloratuko duena Udala izango da. Ez da benda zauria egin baino lehen jarri behar”. Alegazio epea itxita egonik, orain aztertuko dira jasotako erreklamazioak. “Beraz, Udalak ezin izan die alegazioei orain arte erantzun eta, hortaz, EH Bilduk egindako adierazpenak lekuz kanpo daude. Edo fede txarrez ari dira edo hirigintzak nola funtzionatzen duen tutik ere ez dute ulertzen”, nabarmendu du alkateak.
“EH Bildu biribilguneekin nahastu da”
“Faltsua da ere Salberdingo hitzarmen akordioaren ondorioz egingo diren obra urbanistikoak eta hornikuntza sareak herritar guztion artean ordaindu beharko ditugula. Ez dakit ze kalkulu egiten duten Hitzarmen Batzarrak ordaindu beharko lituzkeen 1.340.000 euroko lanak zarauztar guztiok ordaindu beharko ditugula esaterakoan. Salberdingo jabeek ordaindu beharko dituzten urbanizazioen kapituluak 17 milioi eta erdi euroko gastua dute eta horietatik 3 milioi inguru ordaindu beharko ditu Udalak. Berriz ere hanka sartu baino lehen, galdetu udal teknikariei, teknikari independenteak dira eta”, nabarmendu du Txurrukak. “Susmoa dut, aipatzen dituzten 1.340.000 euroak Salberdingo Plan Berezian txertatu ziren bi biribilgune direla, Plan Orokorrean definitutako eremutik kanpo egon arren: Bizkaia kalekoa, Zelai-Ondon eta Justo Eneakoa”, azaldu du. “Hitzarmen Batzarrak bi biribilgune horiek eremutik kanpo zeudela defendatu zuen, beraz, ezin zuen bere gain hartu horien eraikitzea (bata eraikita dago, Justo Eneakoa). EH Bilduk ez du hau guztia azaldu nahi izan. Udala gainean egongo da Hitzarmen Batzordeak eremuari lotutako urbanizazio obra guztiak egin ditzan, baina, bi biribilgune horiek ezin dira proiektu honetan txertatu, Plan Orokorrean zehaztutako eremuaren barruan ez daudelako. Zarauztar guztioi N-634-an ordaindu behar ez genuen biribilgune bat ordainarazi dien bakarra EH Bildu izan da. Burutu zuten beste burugabekeria bat, saihesbidearen proiektua atzera bota eta gero Foru Aldunditik kontrapartidak ekartzekotan zirela esaten ari zirenean, gainera”, gaineratu du.
“Onartezina da EH Bilduk Etxebide zalantzan jartzea”
Txurrukak ere Salberdingo kudeaketa urbanistikoa kooperazio sistematik kontzertaziora noiz eta nola aldatu zen argitzea komeni dela azaldu du: “Hasiera batean sistema kooperaziokoa zen, orduan, Udalak izaera publikoa zuen kudeaketan erantzukizun handiagoa zuen. Gestioa pribatizatzeari ekin ziona eta jende aurrean jarri zuena Bildu izan zen. Kudeaketaren aldaketa, aurreko Bilduko alkateak bultzatu zuen 2015eko maiatzaren 5eko 589 zenbakidun dekretuarekin. EAJ-PNV eta PSE-EEk uztailean onartu zuten behin betikoz, gobernura iritsi bezain pronto, baina, Bilduk egin zuen aldaketa aurreko legealdian. Badirudi EH Bilduk ez dakiela edo ez duela gogoratu nahi hau guztia beraiek bere momentuan hartutako erabakien ondorio dela”.
“EH Bilduk Salberdinen ematen ari diren pausoak zalantzan jartzea onartezina da. Etxebidek sustatzaileei zozketarako zerrenda ematea zuzena dela zalantzan jartzen ari al dira? Otsailaren 13an 10 urte bete ziren Zarauzko Plan Orokorra onartu zela eta egungo gobernuak bultzatu du etxebizitza babestuen lehen zozketa. Ez dakit nola ez diren lotsatzen gobernua lanean “azkarregi” ari dela esatean. Argi dago EH Bildu eta gobernu honen kudeatzeko modua oso ezberdina dela”, gaineratu du. Txurrukak argi utzi nahi du babeseko 120 etxebizitzen prozedura (horietatik 7 Salberdingo jabeei ostatu emateko erabiliko dira) guztia “erabat legezkoa dela eta Etxebide-Eusko Jaurlaritzaren oniritzia duela”.