AZKEN PORTU GOIKO IGOGAILUA ERAIKITZEKO OBRAK HILABETE HONETAN HASIKO DIRA

0

Udaletik Construcciones Moyuari esleitu dizkiogu lanak eta ekainerako amaituta egotea aurreikusi dute

Zarauzko Udaletik Construcciones Moyua S.L enpresari esleitu dizkiogu Azken Portu Goiko igogailua eraikitzeko lanak. Obrak hilabete honetan bertan hastea aurreikusi dute eta enpresa eraikitzaileak 17 asteko epea izango du lanak burutzeko, beraz, ezustekorik ez bada, auzo honetako bizilagunek auzora igo eta jaisteko igogailua izango dute ekaina bukaerarako. Legealdi honetako inbertsiorik garrantzitsuenetakoa da eta bere aurrekontua 757.051,14 eurokoa (BEZ barne) da. Xabier Txurruka alkateak azaldu duenez, EAJ-PNV-ren “apustu sendoa” da obra eta horregatik, legealdi hasieratik hainbat bilera izan ditu Azken Portu Goiko bizilagun elkarteko ordezkariekin, auzoa Salbidekin lotuko duen igogailuaren proiektuaren ezaugarriak adosteko helburuarekin. “Zarauztarren bizi-kalitatea hobetzeko ekimenak bultzatzea gure lehentasuna da eta kasu honetan ere, bai beste instituzioekin eta baita bizilagunekin irisgarritasuna hobetzeko beharrezko kudeaketa atera dugu aurrera, bai auzo honentzat eta baita Vista Alegrerentzat ere, gure herrian jendetsuenak diren bi auzo altuenak izanik”.

     

Zarauzko Udaletik Salbide eta Azken Portu Goiaren artean dagoen aldapa saihesteko eskatu genuen hiri igogailuaren proiektua egitea, trenbidearen gainetik doan pasarela baten bitartez. “Igogailua EAJk Azken Portu Goiari eginiko aspaldiko promesa bat da. Horregatik, Alkatetzara iritsi bezain pronto hasi ginen agindutakoa bete eta auzoaren irisgarritasuna hobetzeko lanean”, gogoratu du Txurrukak. Hala, bizilagun elkartearekin adostutako proiektua aurreko urteko Mugikortasun Astean aurkeztu zen eta bertaratu ziren herritarrek harrera ona egin zioten.

Eusko Jaurlaritzaren babesa: 150.000 euroko diru-laguntza

Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza garrantzitsua jaso du: 150.000 euro. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailak Udalei eraikinen eta hirien irisgarritasun planak egin eta irisgarritasuna hobetzeko obrak egiten laguntzeko diru-laguntza lerro bat du zabalik. Besteak beste, hiri igogailuak eraikitzeko. Honela, Zarauzko Udaletikk Etxebizitza Zuzendaritzari aurkeztu genion Azken Portu Goiko igogailua egiteko proiektua, obra egin ahal izateko. Halaber, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) baimena jaso zuen Udalak, azpiegitura trenbidearen gainetik igaro zedin. “ETSrekin ditugun harreman onei esker Zarautzek bere irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetuko ditu, eta oso eskertuta gaude Eusko Jaurlaritzarekin. Badakigu bai Santa Klarako pasonibela kentzeko obrak eta baita Azken Portu Goian egingo direnak denontzat esfortzua direla, baina, ziur gaude bi proiektuen emaitzei esker zarauztarron bizi kalitatea hobetuko dela”, gaineratu du alkateak.

2016-2019 Agintaldirako Planean, besteak beste, Zarauzko auzo jendetsu eta altuen irisgarritasuna hobetzeko neurriak hartzea aurreikusten dugu, eta, dokumentuan jasotzen den bezala, Azken Portu Goia eta Vista Alegre auzoek bi proiektuak martxan ikusiko dituzte legealdi honetan. Herritarrek dokumentu hau Udaletxean edo udal web orrialdean (www.zarautz.eus) kontsultatu dezakete. “Vista Alegre eta Azken Portu Goiak, herribusa izateaz gain, bizilagunen irisgarritasuna bermatuko duen zerbitzu publikoa 24 orduz izatea nahi dugu”, gaineratu du Txurrukak.

Share.

Leave A Reply