Xabier Txurruka Alkateak Zarauzko herriak behar duen kulturgunea hartzeko eraikin aproposa dela iritzi du
Zarauzko Udalak Santa Klarako komentua erosteko dugun nahia adierazi die Alkateak monjei. Xabier Txurrukak eraikina Zarauzko herriak behar duen kultur gunea hartzeko aproposa dela iritzi du. Horregatik, alkatea klaratar ordezkariekin elkartu da, Udalak Santa Klarako monjen kongregazioaren jabetzakoak diren komentua, inguruko eraikinak eta partzelako azalera osoa erosteko duen interesa adierazteko. Azken bi urteetan izandako elkarrizketen eta Oñatiko klaratar komunitatera joan izanaren harira, monjek euren lehentasuna Udalak eraikina eskuratu eta Zarauzko herriarentzat interes orokorreko erabilerara zuzentzeko akordioa lortzea zela adierazi zioten alkateari.
Santa Klarako komentua 1611 urtean hasi zen eraikitzen eta 1625ean amaitu. Eliza beranduago eraiki zen, 1656 urtean. Komentuko multzoa osatzen duten eliza, komentu eta baratzeak, jatorriz, hormaz inguratu gabe zegoen eta María Ana de Zarautz y Gamboa andereak sortu zuen, XVII.mendearen hasieran. Eraiki bitartean, hogei urte gutxi gora behera, Lermatik etorri ziren monjek Narrosen hartu zuten ostatu, sortzailearen jauregian, eta bertan ezarri zen Klaratarrek sortutako Gipuzkoako lehen komentua.
Etorkizuneko erreferentziazko kultur gune batentzat aproposa
1999 urtean Udalak klaratarren eskutik euren baratzeen zati bat eskuratu zuen, geroago Salberdingo eremuaren garapenera txertatu zirenak. Eta legealdi honetan bertan, 2016 urtean, Udalak komentuko atean 199 metroko lorategi eremu bat eskuratu zuen, alkateak eta Santa Klarako mojek sinatutako akordio baten bidez, Santa Klarako pasabidea kentzeko lanak burutu ahal izateko.
Alkateak partzela osoa eta eliza, klaustro inguruko komentua eta alboan dituen lau eraikin txikiak eskuratzeko interesa azaldu du. Eraikita dagoen azalera 4.500 metro koadro ingurukoa da eta hormaz inguratuta dagoen partzela osoaren azalera 14.000 metro koadro ingurukoa. Ondoz-ondo dauden eraikinetako batzuk kendu egin daitezke, ez datozelako bat bestelako eraikinekin eta ez dutelako balore arkitektonikorik multzo originalaren bolumetriarekin alderatuta.
Gainera, Alkatea, Udalaren izenean, Aldundiko teknikoekin elkartu da, eraikin multzoa babestuta dagoelako eta etorkizuneko esku-hartzeek Eusko Jaurlaritzako eta foru erakundearen baimenak beharko lituzketelako. Txurrukaren iritziz, “Udalak komentua eskuratuko balu, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialarekin elkarlanean ideia lehiaketa bat deitu beharko luke, interesa duen arkitekto orori irekia, udal teknikariek adostutako programa bat oinarri hartuta. Era berean, herritarrei zuzendutako parte-hartze prozesu bat irekiko genuke, zarauztarrek euren lehentasunak zein diren adierazi ditzaten. Komentuko baratze eta lorategiak eskuratzea “estrategikoa dela eta ilusioz betetzen gaituela” iritzi du baita alkateak; izan ere, gerora Salberdin, Azken Portu eta Santa Klara kalean dauden eremu libreetara txertatzea da helburua, “birika berde” handi bat sortzeko Zarauzko bihotzean. “Eraikinaren eta lorategien erosketa aukera paregabea da kulturgune publiko moderno eta berritzaile bat irrikaz espero dugun agente kulturalen eta zarauztarron beharrak asetuko dituen kultur proiektu potente eta integratzaile bat finkatzeko”, gaineratu du alkateak.
Zentzu honetan, eraikinak herriko kultur jarduera eta zerbitzuak bateratzeko kokapen aproposa duela zehaztu du. “EAJtik garbi dugu Santa Klara Kulturgunea erreferentziazko kultur gune bilakatu behar dela, egun Sanz-Enea, Villa Munda, Ebro Etxea edo Maria Inmakulada bezalako eraikinetan banatuta dagoen kultur jarduera birkokatzeko. Musika eskolaren, Musika Bandaren, Zarauzko Abesbatzaren, Artezaleaken, dantzaren, Zarauzko Argazkilaritza elkartearen eta bestelako kultur agenteen jarduerak batzea oso aberasgarri eta garrantzitsua dela uste dugu. Udal Artxiboa, ikasketa gelak, mediatekak, Kultura saileko udal bulegoak edo erabilera berrientzako, Hizkuntza Eskola Ofiziala, kasu, bertan kokatzeko toki aproposa ere bada. Beharrezkoa da baita 600 ikusle inguruko auditorio bat, herriko kultur jarduera indartzen duten ekitaldi kulturalak bertan ospatzeko. Izan ere, sarritan, udal kiroldegira bideratu behar dira horrelako ekitaldiak”, azaldu du. Zarauzko Udalak eta herriko beste erakundeek antolatutako kultur programazio oso zabala dago urte osoan zehar baina, askotan, tamaina handiko ekitaldiak espazio arazoengatik mugatuta geratzen dira”, gogoratu du. Txurrukak azaldu duenez, onartu berri den Turismo Plan Estrategikoak era ezberdinetako ekitaldiak erakarri eta ospatzeko erabilera anitzeko espazio bat sortzeko beharra dagoela jasotzen du: “Nire iritziz, etorkizuneko arkitektura proiektuen lehiaketaren oinarriek auditorio hau komentuko eraikinean bertan edo eraikinaren ondoan kokatzeko aukera kontuan hartu beharko lukete”.
Txurrukak ideia hauek guztiak klaratarren ordezkariei adierazi dizkie, herriarentzat erosketa honek izango lukeen garrantzia azpimarratuz. “EAJk duela hiru urte jarri zuen mahai gainean Santa Klarako pasabidea kentzeko proiektua eta aurten ikusiko ditugu lan hauek amaituta. Jeltzaleok duela bi urte proposatu genuen Salberdin eta “tren geltokiko parkearen” konexio berria ETSko geltokiaren azpitik. Egun aurrera doa proiektua eta laster ETSk lehiaketara aterako du Zarauzko Udalarekin sinatutako elkarlan hitzarmenari esker. Hala, parkeak erdigunean garrantzia are eta handiago bat lortuko luke, iparra eta hegoa gerturatuz. Zarauzko erdigunearentzat hirigintza iraultza bat izango litzateke, nire ustez”, azpimarratu du alkateak. Egun Alkateak klaratarren kongregazioarekin harremanetan jarraitzen du eta datozen hilabeteetan negoziazioekin aurrera egitea espero dute. Mojek, bestalde, komentuko salmentatik lortutako dirua Oñatiko Bidaurretako klaratarren komunitatera bideratzeko nahia adierazi diote alkateari; izan ere, 2017 urteko ekainean Zarauzko komentuko azken lau mojak bertako komunitatera batu ziren. “Bi aldeen nahiak beteko dituen akordio batera iristea da helburua eta, beraz, gai hau lasaitasunez eta pazientziaz hartu behar dela uste dut, presarik gabe eta hirugarren pertsonen injerentziarik gabe. Izan ere, une honetan horrelako esku-hartzeek ez dute onik egiten negoziazio prozesuan”, burutu du Txurrukak.