‘Zarautz-Ekin’ ekimenak hiru lan lerro izango ditu, herritarren ideia eta proposamenei irekiak, “guztion artean gure herriaren etorkizuna diseinatzeko”. Proposamenak Zarautzekin@gmail.com helbidean ere jasoko ditugu.
Zarauzko EAJ-PNV-k ‘Zarautz-Ekin’ dinamika aurkeztu genuen ostegun arratsaldean. Ekimen honen bidez hiru lan talde jarriko ditu martxan alderdiak, zarauztar guztiei irekiak, gure herriaren etorkizuneko ideia eta proposamen nagusiak landu eta adosteko helburuarekin. Proposamen hauek datozen udal hauteskundeetan aurkeztuko dugun programan jasoko dira, zuzenean. Xabier Txurruka alkateak, EAJ-PNV-rekin alkatetzarako hautagaitza berrituko duenak, aurkezpenean jakitera eman zuenez, «zarauztar guztiek partekatutako proiektu honetan parte hartzea nahi dugu. Proiektu serio eta errealista izango da, eta kontuan izango ditu Zarauzko behar nagusiak. Era berean, aurrera egiten laguntzeko ardatza izatea nahi dugu, parte-hartzean oinarritutako politika abiapuntu hartuz, modu ireki eta eraginkor batean».
Horretarako, Txurrukaren hitzetan, ‘Zarautz-Ekin’ ekimenaren baitan hiru arlo ezberdin barne hartuko dituzten hiru lan lerro antolatuko dira: Gizarte Ongizatea eta Ekonomia, Herritarrak, eta Lurralde antolamendua. Arduradunak, hurrenez hurren, Xabier Txurruka, Leire Arana eta Iban San Martin izango dira. «Bakoitzak bere lan arloan, udal gobernuan emandako azken lau urteetan lanerako dugun gaitasuna eta esperientzia erakutsi duen taldea osatzen dugu», nabarmendu zuen Txurrukak. Arduradun bakoitzak ekarpen eta proposamenak jaso eta landuko dituen pertsona talde bat dinamizatuko du. Guzti hauek hiru lan dokumentu osatzeko erabiliko dira, «zarauztar guztientzat» izango den partekatutako proiektuaren oinarri izango direnak.
Prozesu irekia
Hala, Txurrukak zarauztar guztiak gonbidatu ditu ekimenean parte hartzera, aurrez jakitera emango diren lan taldeen bileretara batuz, edota proposamen eta ideiak zarautzekin@gmail.com helbide elektronikora bidaliz. «Prozesu irekia dela nabarmendu nahiko genuke. Gure helburua herri arloan politika modu irekian egitean sakontzea da, gertukoa eta gardena. Guztiok dugu zer ekarri eta zer esan. Herritarrak kudeaketa publikoan inplikatzea eta udal politikan modu aktiboan parte-hartzea sustatzea dugun erronka handienetako bat dela uste dugu».
EAJ-PNV-ren lehentasun nagusiena beharra duten pertsonen behar sozialei aurre egitea da. Beraz, ‘Zarautz-Ekin’ ekimenaren helburu nagusienetako bat babes sozial jasangarria duen eredu bat bermatzea izango da, eta eredu hau jarduera ekonomikoarekin eta guztiontzako enplegu politiken sustapenarekin uztartzea da, bereziki kontuan hartuz behar gehien dituzten kolektiboak. “Gizarte Ongizatea eta Ekonomia” taldeak alkatea bera izango du buru, Xabier Txurruka, datozen maiatzeko hauteskundeetan hautagaitza berrituko duena. Jarduera ekonomikoaren sustapena, langabezian dauden pertsonen kontrataziorako eta formakuntzarako babesa, eta industriaren, komertzioaren eta baserritarren sustapena izango dira landuko diren gai estrategikoetako batzuk.
‘Herritarrak’ arloan euskara eta kulturarekin, kirol praktika eta instalakuntzekin, gazteriarekin, edota jai eta ekitaldien antolakuntzarekin lotutako proiektu ezberdinak landuko dira. Udaletxe , «ireki, bizkor eta eraginkor» bat finkatzea, edo herritarrenganako arreta eta diru-laguntzen kudeaketa hobetzea izango dira egun EAJ-PNV alderdiaren komunikazio arduraduna den Leire Arana gazteak gidatuko duen taldearen lan lerroetako batzuk.
‘Lurralde antolamendua’ arloak egungo Obra eta Zerbitzu zinegotzi jeltzalea, Iban San Martin, izango du buru. Bere taldeak bizi kalitatea eta azpiegitura estrategikoen garapena, eta instalakuntza eta ekipamenduak hobetzeko neurrien lanketa izango du helburu, baita aparkalekuak, ingurumena eta garbiketa ere.
Epe luzera
Txurrukak azpimarratu duenez, prozesu hau epe luzera begira antolatu da eta kutsu elektoralistetatik urruntzea bilatzen du. «Sarritan herritarrez lau urtean behin gogoratzen garela leporatzen zaigu alderdi politikoei. EAJ-PNV-k legealdi osoan zehar etxeko lanak egiten ari dela erakutsi du, ekintzekin, lehen egunetik azken egunera arte intentsitate berdinarekin lan eginez, programan jasotako konpromiso gehienak betez». Alkateak kudeaketa eraginkor, estrategiko eta arduratsu baten oinarriak indartzeko eta aurrera pauso handi bat emateko unea dela azpimarratuz amaitu du: «2030 urteko Zarautz datozen bost urteetan eratuko da. Guztion artean, modu partekatu batean, gure etorkizuna nola eta zein gairen ingurua eraiki nahi dugun definitzeko unea iritsi da, datorren hamarkadan bizi nahi dugun Zarautz sortzeko».