AGINDU GENUENA BETEZ, ALOKAIRUKO ETXEBIZITZA BERRIAK ERAIKITZEKO LANEAN ARI GARA

0

Udaletik Eusko Jaurlaritzari Lanpardo kalean (EPAko eraikin zaharrean) alokairuko 25 etxebizitza eraikitzeko partzela bat laga diogu.

Legealdi honen hasieran EAJ-PNVk 2011ko hauteskundeetan egindako proposamena berreskuratu dugu: Lanpardo kalean babes ofizialeko etxebizitzak egitea. “Azken Portu Goiko igogailua bezala, 2011ean eginiko proposamen bat zen hau eta argi genuen Alkatetzara iritsi bezain pronto gogor lanean hasiko ginela agindutakoa betetzeko. Pixkanaka Zarautzen garapenerako oso garrantzitsuak diren proiektuak aurrera ateratzen ari gara”, azaldu du Xabier Txurruka alkateak.

Hala, Zarauzko Udaletik Azken Portun babes sozialeko alokairuko 25 etxebizitza eraikitzeko tramiteak hasi ditugu. Alkatea buru belarri jardun da lanean bera buru den Hirigintza sailak “Aldapeta eta Salberdingo etxebizitza babestuen sustapenak desblokeatu eta martxan jartzeko”. Bi sustapenen artean babestutako 635 etxe eraikiko dira guztira eta dagoeneko Salberdingo lehen 113 jabetzako BOEren zozketarako onartutakoen zerrendak ofizialak dira. Dena ondo bidean, zozketa ekaina amaitu aurretik egitea aurreikusten da.

Salberdin eta Aldapetaz gain, legealdi hasieratik beste eremu batzuk garatzeko lanean aritu da Alkatea, Azken Portun, Urdaneta eta Lanpardo kaleen artean dagoen Helduentzako Hezkuntza Zentro (EPA) zaharraren partzelan, kasu: “Duela urtebete Eusko Jaurlaritzari partzela hau doan emateko proposamena luzatu nion. Aste honetan bertan partzela honetan babestutako alokairu sozialeko 25 etxebizitza sustatzeko lankidetza hitzarmenaren zirriborroa iritsi zaigu eta albiste bikaina da Zarautzentzat”.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza saileko teknikariekin izandako elkarrizketetan 2.500 metro karratuko eraikigarritasuna adostu da, behe solairu bat gehi lau solairu, guztira, 25 etxebizitza eraikitzeko. Behin Udalak plana aldatuta, Ingurumen eta Lurralde Plangintza departamentuak egungo eraikina bota eta etxe berriak eraiki eta urbanizazio lanak egiteko beharrezko proiektu teknikoak idatziko ditu.

Alokairuko 103 etxe hiru urtetan

“Abenduan Salberdingo partzela bat alokairuzko 60 apartamentu egiteko Eusko Jaurlaritzari emateko hitzarmena sinatu genuen. Gainera, uda aurretik Visesa dagoeneko zozkatuta dauden Aldapetako 30 etxebizitza tasatuen sustapenarekin hasiko da eta baita Udalak erosi eta alokairura bideratuko dituen babestutako 20 etxeen sustapenarekin ere. Eusko Jaurlaritza eta Zarauzko Udalaren arteko harreman estuari esker Aldapeta, Salberdin eta Azken Porturen artean 2020an Zarautzek babestutako alokairuko 103 etxebizitza berri izango ditu”, gaineratu du Alkateak.

“Gure Etxebizitza Planarekin Zarautzek zuen etxebizitzaren arazoari erantzuteko konpromisoa hartu genuen eta 2018 eta 2020 urteen artean, hiru urtetan, alegia, legealdi honetan orain arte egindako lanaren emaitzak ikusiko ditugu”, burutu du alkateak.

Share.

Leave A Reply