Urtetako zabortegiaren itxierari oztopoak ez jartzea eskatu du EAJ-PNV-k

0

Jeltzaileen arabera, “elkartasun falta handia” erakutsi du Usurbilgo alkateak, Zarautz, Azpeitia eta Beasaingo zabortegiak ixtea ahalbidetuko duen errauskailua egiteko lanak bertan behera uzteko eskatzerakoan

Imanol Lasa Zarauzko EAJ-PNVko bozeramaleak arbuiatu egin du Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak errauskailuaren lanak sei urtez bertan behera uzteko Gipuzkoako Foru Aldundiari egin dion eskaera; errauskailuak ahalbidetuko du Gipuzkoan geratzen diren hiru zabortegiek ixtea. Horien artean Urtetakoa dago, zeina, Beasain, Azpeitia eta Igorrekoekin (Bizkaia) batera, Gipuzkoako beste herri eta udal elkarteetako hondakinak jasotzen ari den azken garaiotan. Alberdi jeltzaleak Urtetako zabortegia bertan behera uzteko konpromisoa berretsi du, Zubietan egingo den Hondakinen Kudeaketa Zentroa martxan jartzen denean.

Lasak adierazitakoaren arabera, azken hilabeteotan “berebiziko garrantzia duten pausoak” eman dira Gipuzkoak hondakinen kudeaketarekin duen arazo larria konpontzeko. “Hainbat azpiegitura onartu dira horretarako, horien artean Lapatxko konposta egiteko planta, Legazpiko edukiontzien sailkapenerako plantaren handitze lanak, Zubietan luze gabe hastekoak diren errauskailuaren obrak, edota etorkizunean egingo den biometanizazio planta, zeinaren proiektua enkargatuta dagoen jada”.

Azpiegitura guzti horiek martxan jarri bitartean, Urtetako zabortegiak Gipuzkoako beste hainbat tokitatik datozen hondakinak jasotzen ditu astero-astero. Horri esker, San Markoseko (Donostialdea) zabortegia ixtea posible izan da, besteak beste. “Baina aldi berean askotariko arazoak ekarri dizkie zarauztarrei eta, batik-bat, Urtetako bizilagunei, hala nola zaborra daramaten kamioien etengabeko joan-etorria, kiratsak, eta kaio poblazioaren hazkundea. Gainera, zabortegiaren erabilera bizitza nabarmen murriztu du”, salatu du.

Ildo horretan, honakoa gogorarazi du Zarauzko EAJ-PNVko bozeramaleak: “Zarauzko herria arduraz eta elkartasunez ari da jokatzen, ez dagozkion hondakinak hartzerakoan. Ulertu izan dugu probintzia mailako arazo larri baten konponbidean parte hartzea, eta amore ematea egokitu zaigula. Baina baldintza horietan, inondik inora ez dugu onartuko inork oztopoak jartzea inoiz baino premiazkoagoa den Urtetaren itxiera hori ekarriko duen azpiegitura martxan jartzeko prozesuan. Uste dugu tokiz kanpo dagoela  eta insolidarioa dela Usurbilgo alkateak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dion sei urteko moratoria”.

Aipatutako moratoria arbuiatzeaz gain, EAJ-PNVk berretsi egiten du “Urtetako zabortegia ahal bezain laster ixteko borondatea, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa Zentroa martxan jartzen denean”. Momentu hori iritsi bitartean, “Gipuzkoako herri eta hirietako zaborra jasotzen jarraitzeko kompromiso solidarioari” eutsiko diola ziurtatu du, baina “erantzukizun berbera” eskatu die guztiei: “Ez gaude prest berez dagokiguna baino zabor kopuru handiagoa jasotzeko, dagoeneko famatua den zaborraren turismoaren bitartez –Usurbilen atez-ateko bilketa aplikatu izanak hainbat bizilagunek zaborra gertuko herri eta hirietara eramatea ekarri du-”.

Lasak azpimarratu du Hondakinen Kudeaketa Plana gehiengo zabalarekin onartu zela Batzar Nagusietan, eta Plan horren aplikazioak, Urteta ixtea ahalbidetuko duena, ez daukala “atzera bueltarik”: “Bilketa sistema bat edo bestea ezarrita ere, beti geldituko da hondakinen kopuru bat, errausketa bitartez energetikoki aprobetxatu, edo zabortegietan bota beharko dena. Eta Gipuzkoako zabortegietako bizitza agortzear dago”.

Aldi berean, berretsi egin du Zarautzek “jasangarritasunaren, birziklapenaren eta bilketa selektiboaren alde egindako apustua”: “Gaur egun, esaterako, dendaz denda biltzen da kartoia, eta Zarautz aitzindaria izan da materia organikorako bosgarren edukiontzia martxan jartzerakoan 2008az geroztik, Gipuzkoako beste lau herrialderekin batera esperientzia pilotu batean parte hartu baitu”.

Share.

Leave A Reply