Euskara zerbitzuak oparia eman dio urteko lehen haur zarauztarrari

0

Arropaz beteriko otarra eta ‘Egizu lo’ disko-liburua jaso dute Eñaut Iturzaeta Odriozolaren gurasoek, Imanol Lasa Euskara zinegotziaren eskutik

 

Aurten jaiotzen diren ume guztien gurasoei ere disko-liburua eta gutuna bidaliko dizkie Euskara Zerbitzuak, euskararen transmisioan duten garrantzia gogoraraziz

Urtero bezala, Zarauzko Euskara Zerbitzuak arropaz eta opariz osatutako otarra, eta ‘Egizu lo’ disko-liburua eman dizkio 2010an herrian jaiotako lehen umeari. Aurtengo lehen haurra Eñaut Iturzaeta Odriozola izan da, urtarrilaren 4an jaio zen, eta Enara Odriozola eta Gorka Iturzaeta bere gurasoek atzo, ostegunean, jaso zuten opari berezia, Imanol Lasa Euskara zinegotziaren eskutik. Lo-kantak eta ipuin liburua dakartza ‘Egizu lo’-k, eta urtean Zarautzen jaiotzen diren haur guztien gurasoei bidaliko zaie, gutun batekin batera, alde batetik zorionak emateko, eta bestetik, “familiak hizkuntzaren transmisioan duen garrantzia” nabarmentzeko.

Gutunarekin batera, hiru-orriko bat ere bidaliko die Euskara Zerbitzuak, gurasoen hizkuntza-tipologiaren arabera talde bakoitzarentzako mezu zehatzak emanez. Bertan, besteak beste, euskarak Zarautzen duen indarra nabarmentzen da, eta ondorioz, haren ezagutzak eta erabilerak seme-alaba jaioberriaren bizitzan izango duen garrantziaz eta tokiaz hitz egin zaie gurasoei, hizkuntza txikitatik barnera dezan animatuz.

Bestalde, iaztik haur jaioberriak anai-arreba zaharragorik baduen hartzen da kontuan; hala den kasuetan, lehenengo seme-alabari oparitu zaion lo kanten CDaren eta ipuin-liburuaren jarraipena diren beste CD eta liburu bana oparitzen dizkie.

Urtero, lehen haurrari opari gisa egiten zaion otar berezia hilabete batez Zarauzko denda bateko erakusleihoan egoten da erakusgai, aitzakia horrekin herritarrei kanpainaren berri emateko aprobetxatuz. Aurten Zabalegi dendan egon da. …………….-eko ekitaldian, Imanol Lasak zorionak eman zizkien Eñauten gurasoei, eta gogorarazi zuen oraingo jaioberriak direla “etorkizunean Europako hizkuntzarik zaharrenaren biziraupena bermatuko dutenak”.

Share.

Leave A Reply