Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Zuzendariaren lan bisita

0

Imanol Lasa eta Rafa Olaizola Turismo eta Merkataritza zinegotziak Maite Balmasedarekin batzartu ziren Turismo Bulegoan, elkarlanean aritzeko oinarriak jartzeko

 

Bertan izan ziren ere Carmen Urquia Murkil elkarteko presidentea, eta Jesus Sanz Zarauzko Merkatal Dinamizaziorako Bulegoko teknikaria

Maite Balmaseda Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendaria Zarautzen izan zen joan den asteartean. Imanol Lasa Turismo zinegotzia, Rafa Olaizola Merkataritza eta Ostalaritza zinegotzia, Carmen Urquia Murkil elkarteko presidentea, eta Jesus Sanz Merkatal Dinamizaziorako Bulegoko teknikariarekin batera lan bilera egin zuen bertan.

Hainbat gai jorratu zituzten. Besteak beste, Dinamizazio Bulegoaren egitekoa bera. Eusko Jaurlaritzak, Merkataritza Sailaren bitartez, dirulaguntzak eman ditu aurten ere bulego hauen sorrera zein mantenimendurako. Lehen, Merkataritzarako Aholkularitza Teknikorako Kabineteak (GATC, gazteleraz) izenaz ziren ezagunak. 2010ean, Euskadi osoko 30 bulegoren artean banatu dituzte laguntzak, horien artean Zarauzkoa. Bederatzi urte daramatza herriak zerbitzu honekin. Turismo Bulegoaren egoitza berean topa daiteke.

Merkataritza Zuzendaria Dinamizazio Bulego guztiak bisitatzen ari da, bakoitzaren egitekoa eta lana ezagutu ahal izateko, eta aldi berean, eragile nagusiei, hau da, elkarte eta udalei, arlo honetan Eusko Jaurlaritzak dituen helburu eta lehentasunak ezagutarazteko. Maila guztietan koordinazio hobea lortzea da asmoa: denda, elkarte, Udala, Eusko Jaurlaritza eta Dinamizazio Bulegoen artekoa, alegia. Lan hori herri bakoitzeko egoera eta esperientzia kontuan hartuz egiten da.

Dinamizazio Bulegoaren egiteko nagusia herrian dauden merkatal enpresei hainbat arlotan aholkularitza teknikoa eskaintzea da: lan eta merkatal esparruan, zergetan, legeetan… Oro har, enpresa txikien lehiakortasuna eta merkatal jarduera sustatzeko ekimenak jartzen ditu abian.

Rafa Olaizola Merkataritza zinegotziak ontzat jo zuen bileraren emaitza: “Azpimarratu beharra dago batez ere Merkataritza Zuzendaria herrian-herriko egoera ezagutzen egiten ari den ahalegina. Harremana oso ona izan zen, eta aurrerantzean elkarlanean jarraitzeko oinarriak jarri genituen. Aurreko gobernuarekin egiten genuen lanari jarraipena emango diogu horrela”.

Imanol Lasa Turismo zinegotziak, bere aldetik, turismoa eta merkataritzaren arteko “lotura estua” azpimarratu zuen: “Kalitatezko merkataritza edukitzea balore turistiko handia da, eta turistikoki erakargarria izatea ere merkataritzaren mesedetan doa. Alor horretan azken urteetan sekulako lana egiten ari den elkartea daukagu herrian, Murkil, bai herriarentzat ekitaldi desberdinak antolatzen eta sektorea aurrera atera dadin indarrak batzen. Turismo Bulegoaren asmoa haiekin elkarlan estuan jarraitzea da”.

Share.

Leave A Reply