Gipuzkoako Igeriketa Egokituko III. Txapelketa arrakastatsua Zarautzen

0

50 igerilari inguruk hartu zuten parte Aritzbatalde polikiroldegian

Hirugarren urtez, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak, Gipuzkoako Igeriketa Egokituaren Txapelketa antolatu zuen joan den asteburuan. Eta aurreneko aldiz, Zarautz aukeratu zuen horretarako. Hala, larunbatean (otsailak 6) Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian 50 igerilari inguruk parte hartu zuten. Gipuzkoako igerilariez gain, Arabatik, Bizkaitik eta Nafarroatik etorri ziren parte hartzaileak, giro bikaina jarriz. Ikusleen artean ere, giro ederra egon zen, kirolariak animatzen egon baitziren arratsalde osoan.

Txapelketan parte hartu zuten taldeak hurrengoak izan ziren: Apdema (Araba), Aspace-Alava (Araba), Dordoka kirol elkartea (Gipuzkoa), Nafarroako Kirol Egokituen Federazioa, Getxo Kirol Elkartea (Bizkaia), Kemen kirol elkartea (Gipuzkoa) eta Konporta kirol elkartea (Gipuzkoa). Kirolarien artean, Richard Oribe edota Sara Carracelas paralinpiarrak ikusteko aukera egon zen. Bien artean makina bat domina eskuratu dituzte mailarik gorenean. Horrez gain, parte hartzaileen artean, ezintasun ezberdinak zituzten pertsonak zeuden: hala nola, adimen urritasuna, ezintasun fisikoa edota garun paralisia duten kirolariak ibili ziren lehian.

Sariak emateko garaian, Imanol Lasa, Zarauzko alkate ordea eta Mikel Izagirre, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko presidentea aritu ziren kirolari guztiei beren esfortzua eskertzen. Sariei dagokionez, parte hartzaile guztiei eman zitzaien domina. Bestalde, Espainiako Txapelketarako marka minimoak lortu zituzten kirolari gipuzkoarrei trofeo bana eman zitzaien.

Azkenik, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak eskertu nahi izan du Zarauzko Udalak eskainitako laguntzagatik, Aritzbatalde kiroldegiarena, eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiari ere. Imanol Lasak, berriz, zorionak eman nahi izan dizkie parte-hartzaile guztiei: “Sekulako maila eta lehiakortasuna erakutsi dute. Aipatzekoa izan da eduki dugun giroa, guraso, lagun, gertuko eta ikusleen berotasuna, eta nola ez, Gipuzkoako Federazioaren eta boluntarioen lana. Asko harrotzen gaitu txapelketa hau Zarautzen egiteak eta horrenbesteko arrakasta edukitzeak. Duela bi urte txirrindularitza egokituko kriteriuma hasi ginen antolatzen, Zarautarra Txirrindularitza Elkarteari esker, eta herrian halako kirol ekimenak edukitzeak asko pozten gaitu”.

Share.

Leave A Reply