Musika, jolasak eta kale-animazioa, inauterietako programazioaren osagai nagusiak

0

Turismo Bulegoak hainbat ekitaldi antolatu ditu, gehienak haur eta gaztetxoei zuzendutakoak

 

Jose Angel Ligero Martínez  errioxarrak  irabazi du aurtengo kartel lehiaketa; lanak Euskalduna tabernan daude ikusgai

Zarautzek Inauteriak bete-betean ospatuko ditu aurten ere, asteburu honetan. Turismo Bulegoak hainbat ekitaldi antolatu ditu, musika, jolasak eta kale animazioa oinarri gisa hartuta. Imanol Lasa Turismo zinegotziaren arabera, “helburua herrian gelditzen diren zarauztarrei aisialdirako aukerak eskaintzea da, batik bat haur eta gaztetxoei. Eurak izango dira protagonista nagusiak, Gabonetako programazioan hartutako ildoari jarraituz. Inauteriak oso festa bereziak dira, eta Zarautzek merezi du kaleetan giro polita edukitzea, maila xume batean baldin bada ere, jendeak ikus dezan posible dela ondo pasatzea Tolosara edo Donostiara mugitu beharrik gabe”.

Ekitaldiak Euskalduna tabernan jarri den erakusketarekin hasiko dira. Euskaldunak berak eta Turismo Bulegoak antolatutako ‘Inauteriak 2010’ kartel lehiaketara aurkeztu diren lanak daude ikusgai bertan. Sari banaketa bihar izango da, ostirala, arratsaldeko zazpitan, tabernan bertan. Jabeak izan dira sarien kostua bere gain hartu dutenak.

Aurtengo irabazlea Jose Angel Martínez Ligero izan da, Peraltan (Nafarroa) bizi den errioxarra, ‘Z disfrazada’ izenburuko lanarekin. Lan hori izango da aurtengo Inauterietako kartelari irudia emango diona, eta programaren eskuorrietan ere ikusi ahal izango dena. Ligero diseinatzaile afizionatua da, baina hala eta guztiz ere garaipen zerrenda bikaina dauka mota honetako lehiaketetan. 400 euro jasoko ditu garaile gisa. Uxoa Zulaikak, Orion bizi den zarauztarrak irabazi du bigarren saria ‘On egin’-ekin. 200 euro jasoko ditu. Azpimarratu behar da Zulaika bera bigarren sailkatu zela iazko edizioan, ‘Ekin jaiari’ izeneko obrarekin.

Larunbata, hilaren 13a, giroz beterik iritsiko da eguerdiko hamabietatik hasita, ginkana erraldoia egingo baita Musika Plazatik abiatuta, animazio, joko eta guzti. Azken inauterietan bezalaxe, zortzi urtetik gorako neska-mutikoentzat doa zuzenduta, eta kale hezitzaileak eta Xisko gazte talea arduratuko dira antolaketaz. Oso harrera ona duen jarduera da, aurreko edizioetan arratsaldez egiten zena.

Arratsaldeko seietatik zortzitara, Houba perkusio taldeak –www.houbasamba.com-  erdialdeko kaleak girotuko ditu. Jatorria Frantzian duen talde honek eskarmentu handia dauka, estatuko zein Europako hamaika jaialdi eta inauteritan hartu baitu parte. Hamalau musikarik osatzen dute, eta bilduma original eta berritzailea eskaintzen dute, brasildar doinuak, saltsa, rocka eta ragga izeneko estiloa nahastuz.

Zortzitatik hasita eta hamarrak arte, berriz, aurtengo edizioko berrikuntza nagusia: Gaztelekuko gazteek Brasilen girotuz egindako karroza ikusgarria herriko kaleetan barrena arituko da, erritmoz beteriko batukadak lagunduta. Hango eta hemengo jai eta festak girotzen errepidean ordu mordoa eman duen Trakets taldeak emango dio amaiera egunari, Musika Plazan 22:30ean hasiko den dantzaldiarekin.

Igandean, hilaren 14an, haur eta gaztetxoen txanda helduko da. Ekitaldi desberdinak izango dira haientzat, hala nola Lege Zaharren Enparantzan 11:00etatik 14:30etara eta 16:30etatik 18:00etara jarriko diren puzgarriak. 11:00etatik 12:00etara, bestalde, giro herrikoia izango da erdiko kaleetan, kalejira, erraldoi eta buruhandiekin, eta Tximeleta fanfarrearekin. Tximeletakoek 14:00ak arte jarraituko dute jendea animatzen.

Arratsaldean, 17:00etatik 18:00etara, Potxin eta Patxin pailazoek Musika Plazara gerturatzen diren guztiei barrea aterako diete. Bukaeran, eta 18:30ak arte, askaria izango da haur guztientzat. Bukatzerakoan, eta 19:30ean arte, haurrentzat dantzaldi berezia izango da Gramola taldearekin. Eguraldia txarra balitz, igandeko jarduerak Gaztelekuan egingo dira. Imanol Lasak zarauztar guztiak animatu nahi izan ditu festarekin bat egin eta goza dezaten, “horretarako dagoen modurik onenean”, hau da, mozorrotuz.

Share.

Leave A Reply