Xabier Arzalluzek emango dio hasiera Zarauzko EAJ-PNVk antolatutako hitzaldi zikloari

0


Alderdiak herrian 105 urte betetzen dituela ospatzeko antolatu dute ekitaldia.

Datozen asteetan, EAJ-PNV hainbat hautetsik lekukoa hartu eta egungo egoera politikoa aztertuko dute.

Ostegun honetan, 105 urte beteko dira Zarautzen lehen batzokia ireki zutenetik (1905 otsailaren 4a), eta Zarauzko Uri Buru Batzarrak merezi duen moduan ospatu nahi izan du urteurrena, alderdiko hainbat ordezkari partaide izango dituen hitzaldi zikloarekin, hain zuzen. Horien artean lehena ostiral honetan izango da, hilaren 5an, 19:00etan Antoniano ikastetxeko ekitaldi aretoan. Xabier Arzalluzek jardungo du hizlari. Aurkezpen handirik ez du behar: ia mende laurdenez bera izan zen EAJ-PNVko presidentea, 1980tik 2004ra, eta Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua ere izan zen Gipuzkoa ordezkatuz, Espainiako Konstituzioa onartu zen garaian (1977tik 1979ra).

Aurkezpen ekitaldia gaur izan da Zarauzko batzokian, eta bertan izan dira Imanol Lasa herriko EAJ-PNVko bozeramalea, Joakin Landa Zarauzko Uri Buru Batzarreko presidentea, eta Maribel Albizu zinegotzia. Landa oraintsu aukeratu dute presidente kargurako beste bi urterako.

Arzalluzen karismak eta dialektikarako gaitasunak emango diote hasiera zikloari, eta datozen asteetan ere jarraipena izango du ekimenak, alderdiko hainbat hautetsik hartuko baitute parte. Besteak beste, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, Arantza Tapia Gipuzkoako Mugikortasun eta Lurralde Antolamendurako diputatuak, Izaskun Bilbao europar legebiltzarkidea, Josu Erkoreka Espainiako Diputatuen Kongresuko ordezkariak, edota Eider Mendoza eta Joseba Egibar eusko legebiltzarkideek. Hitzaldi guztiak publikoari eta komunikabideei irekiak izango dira.

Imanol Lasa Zarauzko EAJ-PNVko bozeramaleak iragarri duenez, guztien artean gaur egungo egoera politiko, sozial eta ekonomikoaren azterketa egingo dute, erakunde desberdinen ikuspegitik, eta Euskadik, Zarautzek, zein alderdiak berak aurre egin beharreko erronken inguruan hausnartuko dute. Markel Olano eta Arantza Tapiaren kasuan, proiektu estrategiko zehatzez ere mintzatuko dira, hala nola Euskal ‘Y’-a, Lurraldebus, Gipuzkoa Aurrera, Zarauzko etorkizuneko industriagunea (Irita) edota saihesbideaz..

Aurreneko hitzaldiari dagokionez, Xabier Arzalluzen eskarmentu politikoa azpimarratu du Imanol Lasak: “Euskadi gaur egun ezagutzen dugun bezala izatera eraman duten gertaera nagusien lekuko izan da, eta baita partaide ere, hainbat kasutan. Gainera, jendearengana zuzenean iristeko gaitasun handia dauka. Erreferentea da”.

43 urteko aldea dago Arzalluzen eta Eider Mendoza eusko legebiltzarkidearen artean. Azken hura ere Zarautzen izango da hizlari aurki. “Datu horrek ondo islatzen du urteek ematen duten jakinduria politikoa badugula, baina baita oraina eta etorkizuna ere. Sasoiko gaude, pilak kargatuta, eta uste dugu ekarpen handia egin ahal diogula nazio honi, are gehiago garai hauetan”. Zarauzko EAJ-PNVko bozeramalearen esanetan, “105 urteko historia izatea bada behar bezala ospatu beharreko kontua, eta horretarako modurik onena da eduki politikoa duten ekimenak eskaintzea. Duela gutxi beste mugarri garrantzitsua izan genuen, Balea kaleko batzoki berriaren inaugurazioarekin eta ‘Ate irekiak’ egunarekin. Oraingo honetan ere dei egin nahi diogu mundu guztiari parte hartu, entzun, galdetu eta ekarpena egin dezan, bai afiliatuei eta baita afiliatu ez direnei ere”.

EAJ-PNVk 1905 otsailaren 4an inauguratu zuen Zarauzko bere lehen egoitza, orduko Ondar kaleko bederatzigarren zenbakian. Eremu guzti hori behera botako zuten denborarekin, eta egungo errepide nagusia eraiki (Nafarroa kalea). Gipuzkoan ireki zuten bosgarren batzokia izan zen hura, Donostia, Errenteria, Pasaia eta Bergarakoen ondotik, hurrenez hurren. Arrasto handirik ez dago gainerakoan. 1918an itxi zituen ateak, eta Zigordia kalean, Errekondo okindegiko bigarren solairuan zegoen egoitzak hartu zuen lekukoa. Indarrean iraun zuen hark ere, harik eta Primo de Rivera diktadoreak batzoki guztiak ixteko agindua eman arte.

Ordutik hona, EAJ-PNV garaian-garaiko gorabehera politikoen lekuko eta isla izan da. Beste bederatzi aldiz aldatu zuen egoitza. “Oso une zailak egon dira, baina sua ez da behin ere itzali, eta gaur egun inoiz baino biziago dago, herriko afiliatuen kopuruak izan duen gorakadak erakusten duen bezala”, adierazi du Imanol Lasak atzera begiratuaz.

‘Aupa mutilak’ eta Athletic

Pasadizo gisa, gogoratu behar da ‘Aupa mutilak’ abesti ospetsuak hain zuzen Zarauzko lehen batzokiaren inaugurazioan duela jatorria, 1905ean. Jose Olaizola musikari hernaniarrak inprobisatu zuen doinua bere txistuarekin, letrarik gabe. Ekitaldira gonbidatu zuten, eta  tren geltokitik batzokirainoko bidean jo zuen lehen aldiz, bertan bildutako alderdikideen omenez. Berebiziko arrakasta izan zuen biribilketak, eta kanta herrikoi bihurtu zen urteekin. Bertsio desberdinak izan ziren, baina Emeterio Arresek idatzi zituen letrak 30ko hamarkadan, Tolosako Musika Bandako zuzendari Feliciano Beobidek egindako moldaketen gainean.

 

Ez hori bakarrik; doinua, Athleticen ereserkiaren bigarren zatian entzuten den berbera da, Olaizolaren biribilketan oinarrituz konposatu baitzuten hura ere, Gerra Zibila lehertu aurretik. Gerraondoan, klubeko zuzendaritzak ereserki hura baztertu eta Timoteo Urrengoetxeak konposatutakoa hartu zuen beretzat. Haatik,  demokraziaren etorrerarekin, ereserki tradizionala berreskuratzea erabaki zen, Karmelo Bernaola musikariak egokituta, Agustin Zubikarairen letrarekin. Gaurdaino iraun duena da.

Share.

Leave A Reply