Gazte makro-diskofesta ostiral gau honetan Munoako karpan

0

Olga Grande ’40 Principales’ irratiko esatari ezagunak momentuko abestirik arrakastatsuenak jarriko ditu, abesti klasikoagoekin, diskotekeroekin eta alaiagoekin uztartuta, 22:00etatik 1:30etara

‘Zarauztik Mundura’ jaialdiak, larunbatean, eta Elvi bentrilokuo ezagunaren ikuskizunak, igandean, osatzen dute Turismo Bulegoak aurreikusitako programazioa

Zarautz motorrak berotzen hasia da jada Aste Santuari begira, eta asteburu mugitua izango du heldu dena ere. Larunbata, hilaren 26rako iragarrita dagoen ‘Zarauztik Mundura’ kulturen jaialdiaz gain, beste bi hitzordu erakargarri izango dira, batez ere gazteei zuzendutakoak: makro-diskofesta bat ostiral gauez, hilaren 26an, eta Elvi bentrilokuo ezagunaren ikuskizuna, igande arratsaldez, hilaren 28an. Munoan jarri ohi den karpan izango dira biak ala biak.

Bi ekitaldiak Turismo Bulegoak prestatutako aisialdi programazioaren barruan daude. Imanol Lasa Turismo zinegotziak azpimarratu duenez, azken urteetan “gazteei aisialdi aukerak eskaintzea” izan da haien helburu nagusietako bat. Ostiral honetako diskofestak bete-betean egiten du bat helburu horrekin, Lasaren ustetan. Munoara gerturatzen direnek dantzaldi luzearekin gozatzeko aukera izango dute, Olga Grande, ’40 Principales’ irrati kateko dj, esatari eta aurkezle ezagunaren eskutik.

Festa 22:00etan hasi, eta 1:30etan bukatuko da. Argiztapen berezia jarriko da, diskoteketako giroa irudikatuz. Halaber, animazioa eta aurkezpen ikusgarriak ere izango dira. “Hiru ordu eta erdiko parrandatxo sano eta dibertigarria” iragarri du Olga Grandek. Denbora horretan, abesti desberdinak tartekatuko ditu: “Momentuko arrakastatsuenak, abesti klasikoagoekin batera, bai diskotekeroak, eta baita patxangeroak ere. Euskarazko batzuk ere izango dira”. Guzti hori, helburu bakar batekin: “Dantzatzen eta musika entzuten monentu onak pasatzea”.

Imanol Lasaren esanetan, ekitaldia prestatzerakoan, gazteak izan dituzte kontuan bereziki, “batez ere DBHko azken kurtsoetako eta Batxilergokoak, ostiral honetan klaseak bukatzen dituztelako, eta Aste Santuko oporraldiak modurik onenean hasi ahal izango dituztelako”. Edonola ere, Grandek gonbidapen zabalagoa ere egin du: “15 eta 30 urte bitarteko gazteak izaten ditugu gehienbat, baina gazte sentitzen den edonor etor daiteke, ondo pasatzeko gogoa edukitzea da baldintza bakarra”.

Esatariak bigarren ikuskizuna du ostiral honetakoa Zarautzen. Ondo gogoan du Turismo Bulegoak berarekin antolatutako aurreko diskofesta: “2008ko abenduan izan zen, Santa Luzia egunean. Akordatzen naiz gau kaskarra irten zela: hotza, haizea, euria… Baina hala ere karpa bete egin zen eta arrakasta izan zen. Kontatu didatenez datozen egunotan mugimendua izango da Zarautzen eta bestelako ekitaldiak ere izango dira Munoan; beraz, ilusio handiarekin eta aurreikuspen onekin nator”.

Igandean, hilaren 28an, berriz, Elvi bentrilokuak hartuko du lekukoa, 18:30ean eskainiko duen ikuskizunarekin. Haur, gazte eta helduek bentrilokiarekin gozatu ahal izango dute, pertsonai eta panpina desberdinekin, horietako batzuk objektu bitxienekin sortutakoak. Euskaraz izango da saioa, ordubete inguru iraungo du, eta umorea eta egoera komikoak izango dira osagai nagusia.

Ramon Irizar Gomez ‘Elvi’ 1960an jaio zen, eta hainbat eskenatokitan zaildutako ospe handiko bentrilokuoa da. Gaztetatik, ikuskizunen arloan aritu izan da modu profesionalean, jarduera desberdinetan: magia, antzerkia, musika (saxofoi irakaslea da)… Urtetan zehar Europako hanbat zirkutan jardundakoa da pailazo hirukote batekin.

1.989tik aurrera, berriz, bentrilokiaren artea ikasiz joan zen, ikastaroen bitartez, eta AEBetako eta Kanadako beste bentrilokuoekin harremanetan. Pantaila txikian ere ezaguna da, ETB1en hainbatetan aritu baita lanean, haurrentzako saioietan parte hartuz, hala nola  “Barrebusa”, “Altxaporru”, edo “Triki Traka triki tron”. 2000tik 2004ra 62 saio egin zituen guztira, eta bera arduratu zen gidoiez zein eszenaratzeez.

Empresa handitako topaketetan ere parte hartu izan du, mezuak modu originalean eta umorea erabilita duen gaitasunari esker, eta baita ospe handiko aretoetan ere: Donostiako Kursaal, Bilboko Euskalduna jauregia, Bilboko Arriaga antzokia, Gasteizko Antzoki Nagusia, Donostiako Victoria Eugenia Antzokia, Iruñako Gaiarre Antzokia, edo Miarritzeko Gare du Midi. Informazio gehiago www.elviweb.com-en.

Share.

Leave A Reply