Zarautz eta Kalkuta, irribarrez bilduz

0

Calcuta Ondoan GGKEak eta Zarauzko Udalak jai-egun solidarioa antolatuko dute igande honetan, hilaren 7an, Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko

Kalkutarekin konexioa egingo dute pantaila erraldoi baten bitartez, eta askotariko jarduerak izango dira Lege Zaharren Enparantzan, 11:00etatik 18:00etara: grafitiak, malabarrak, bidezko merkataritza, tailerrak, eta haurrentzako jolas kooperatiboak, besteak beste

Azken 90 urteetatik hona, martxoaren 8an, kontinente guztietako emakumeek haien ahotsak elkartzen dituzte berdintasuna, justizia, bakea eta garapena aldarrikatzeko. Aurtengoan, Calcuta Ondoan GGKEak erabaki du Zarauzko Udaleko Gizartekintza sailarekin elkarlanean ospatzea egun hau. Indiako emakumeen errealitatea gugana gerturatzea da helburua, eta aldi berean, dauden egoera desberdinetatik haratago, munduko emakume eta neskato guztiek maila handiago edo txikiagoan jasaten dituzten desberdintasun eta inekitate egoera unibertsalaren inguruan hausnarketa egitea.

Honela bataiatu dute ekimena: “Zarautz eta Kalkuta irribarrez bilduz. Mundu ekitatiboago baten alde lanean”. Helburuak, berriz, hauexek dira: Zarautz eta Kalkutako herritarrek emakume izateak dituen alderdi positiboak goraipatzea, eta emakume eta neskek, existitzen diren gizarte egitura guztietan berdintasunez parte hartu ahal izango duten mundu ekitatibo eta justuago baten aldarrikapena egitea. Maribel Albizu Gizartekintza zinegotziak, Mariana Aranburu Berdintasun zinegotziak, eta Izaskun Andonegi eta Iñigo Eguren Calcuta Ondoan-eko kideek parte hartu dute aurkezpenean.

Urtetan zehar Donostian ospatu ondoren, jardunaldia Zarautzera aldatuko da aurreneko aldiz. 11:00etan emango diote hasiera, Lege Zaharren Enparantzan, eta 18:00ak arte jarduera desberdinak izango dira. Horien artean, pantaila erraldoi baten bitartez Kalkutarekin egingo den konexioa azpimarratu behar da, bertan Emakumeen Nazioarteko Egunarekin egingo diren ospakizunekin, hain zuzen. Calcuta Ondoan-ek emakumea sustatzeko hainbat proiektu dauzka martxan. Emakumeak beraiek dira protagonistak; elkarrekin lanean aritzen dira garapen sozial, ekonomiko eta pertsonalaren alde, eta haientzat eta haien familientzat bizimodu duinagoa lortzeko.

Zarauztarrek, beraz, ikusi ahal izango dute nola emakume hauek hainbat jarduera antolatzen dituzten haien eguna ospatzeko. Kantuak, dantzak eta bertsoak izango dira, Indiako eremu horretan ohikoak baitira. Gainera, “Kili-kili eta Kolo-kolo” euskal pailazoen aktuazioa izango dute. Indiara egindako bidaia aprobetxatuko dute pailazoek Kalkutako emakumeei zein Zarautzei barrea aterako dien ikuskizuna eskaintzeko. Azken hauek bideoan ikusi ahal izango dute, milaka kilometrora. Andonegik azaldu duenez, 1.500 emakumeen parte-hartzea espero da. Haietako askok beren esperientzia kontatzeko hitza hartuko dute: “Duten energia eta kemena sentitu ahal izango ditugu”.

Jarduera nagusi horretaz gain, Indian emakumeek dituzten arazoak eta horiek konpontzeko martxan jarri diren alternatibak ezagutu ahal izango dira argazki erakusketa baten bidez. Halaber, bi manifestu irakurriko dira, indiar emakumeek idatzitakoa bata, eta Aitziber Etxeberria zarauztar idazle gazteak egina bestea.

Gaztetxoek ere izango dute festaz gozatzeko parada. Neska eta mutilek beren eskubideen inguruko hausnarketa egin ahal izango dute begirale batek zuzendutako hausnarketa bideoaren laguntzaz aurrena, eta “antzara-jolas” erraldoi batean ondoren,  lankidetza jolasen bitartez, eskubideen ezagutzaile eta babesle titulua lortu arte. Oso bestelako ekintzak ere izango dira: aurpegi-margotze tailerrak, malabarrak, jolasak, birziklatze tailerrak, bidezko merkataritzako produktuen salmenta, indiar te dastaketa… Halaber, Zarauzko bi bizilagunek grafiti berezia egingo dute, eta berdintasun eta ekitatearen  aldeko mezuak idaztera gonbidatuko dituzte herritarrak (eguerdia aldera)..

Iñigo Egurenek dei egin zion mundu guztiari igandean “egun dibertigarria, hezitzailea eta konprometitua” pasa dezan. Maribel Albizuk, berriz, ekimena eskertu eta bertan parte hartzera animatu zuen jendea. “Azken hilabeteetan  hitz bat darabilkigu etengabe gure ahotan: Krisia. Etxean, lanean, kalean, komunikabideetan hauxe bihurtu da hizketagairik arruntena. Eta egia da  jende asko ari dela gaizki pasatzen eta gero eta gehiago direla gurean estuasunak eta zailtasun ekonomikoak pasatzen ari diren familiak. Hala eta guztiz ere, gu baino askoz okerrago daudenak ere gogoratu eta kontuan hartu behar ditugula uste dut. Han ez dute krisi hitza ezagutzen, beti baitaude krisian”.

Mariana Aranburuk azpimarratu zuenez, ekitaldi “polita” izango da: “Oso interesgarria da ikustea Kalkutako emakumeek haien eguna nola ospatzen duten, emakume izatea nola bizi duten, eta egunerokotasunean aurrera nola egiten duten”. Halaber, Berdintasun sailak Emakumearen Nazioarteko Eguna dela-eta antolatutako jarduerak gogorarazi zituen: horien artean daude lehiaketan parte hartu duten kartelen erakusketa, Torre Luzean, hilaren 21era bitarte, eta ‘Nacidas para sufrir’ filmaren emankizuna, hilaren 12an Modelo zinean.

Calcuta Ondoan

Calcuta Ondoan 1999. urtean sortutako elkartea da, irabazi asmorik gabekoa. Hainbat garapen proiektu bultzatzen ditu Indian egoerarik txarrenean daudenei laguntzeko, haien osasuna, hezkuntza, garapen afektiboa, soziala, ekonomikoa eta espirituala kontuan harturik. Bestalde, hezkuntza eta sentsibilizazio jarduera ezberdinak aurrera eramaten ditu testuinguru hurbilenean; tokiko testuinguruan. Ildo horren barruan kokatzen da igandeko ospakizuna.

Share.

Leave A Reply