Zarautzen Kultur Aniztasunaren Festa ospatuko du

0

‘Zarauztik Mundura’ ospatuko da hilaren 27an, larunbatean, duela bi urte atzerritik iritsitako bizilagunen kultur aniztasuna erakutsi asmoz jaiotako ekimena

Berritasun gisa, gaurtik hasita, aste osoan zehar izango diren hainbat ekitaldirekin osatuko da egitaraua

Zarautzek ‘Zarauztik Mundura’ ospatuko du hirugarren urtez jarraian. Kulturen jaialdi berezia da, Udalak Eusko Jaurlaritzako Inmigrazio zuzendaritzarekin elkarlanean antolatutakoa, honako helburuekin: Zarautzek duen kultur aniztasuna eta aberastasuna erakustea eta, are garrantzitsuagoa, herrian bizi diren guztiontzat, bertan jaiotakoentzat zein kanpotik datozenentzat, topagune bihurtzea, elkar ezagutu eta oraindik egon daitezkeen hesi artifizial horiek apurtzeko.

Aurkezpena ostegunean izan zen, udaletxean egindako prentsaurrekoan. Bertan izan ziren Maribel Albizu Gizartekintza zinegotzia eta Julen Aranguren Inmigrazio teknikaria, batzorde antolatzailea osatu duten zenbait kiderekin batera: Silvia Crespo (Argentina), Eli Picón (Guatemala), Paula Bustos (Txile), Rosa Quispe (Bolivia) eta Gloria (Kolonbia). Guztiek eskertu zuten beraien tradizioak eta ohiturak erakusteko aukera, eta Zarautzen oso harrera ona egin zaiela nabarmendu.

Maribel Albizuk azaldu zuenez, ekimena hirugarren ediziora iritsiko da aurtengoarekin, beraz, badu nolabaiteko ibilbide bat jada. “Hasieratik zituen helburuak ahaztu gabe, aurten erabaki dugu hainbat hobekuntza eta berritasun martxan jartzea. Hasteko eta behin, antolaketa prozesu irekia izatea eta herritarren partaidetza sustatzea bilatu izan dugu, batez ere herriko bizilagun berriena, haiek baitira protagonista nagusiak”. Hala, lau bilera egin dira, eta hamar lagunek hartu dute parte guztira lan taldean.

Era berean, zarauztarren presentzia areagotzen ahalegindu dira; ondorioz, “festaren garapenean parte hartuko duten pertsona guztiak herriko bizilagunak dira gaur egun”. Parte hartzen duten elkarte guztiak ere, Malen Etxea, Saharautz, Yakaar (Senegal) eta Bidez Bide, herri mailakoak dira, aurreko edizioetan ez bezala. “Gainera, egitaraua osatu eta zabaldu dugu, astean osoan zehar askotariko sentsibilizazio jarduerak antolatuko baititugu, Kultura eta Gazteria sailekin elkarlanean”, azpimarratu zuen zinegotziak.

Ospakizun nagusia larunbatean izango da, hilaren 27an, eguerdiko 12:00etatik 23:00etara Munoan jarriko den karpan. Inaugurazio ekitaldian, antolatzaileek plakak banatuko dizkiete Caritas eta Heldu elkarteetako ordezkariei, haien lana eskertuz. Ekitaldi horretan Guatemalako Espainiako enbaxadorea ere izango da. Ordu bat lehenago, 11:00etan, auto-karabana bat egingo da herrian zehar.

Munduko hainbat txokotako kultura desberdinetatik datozen zaporeak dastatzea izango da aukera erakargarrienetako bat. Izan ere, topaketa gastronomito hutsa ez bada ere, janariak eta edariak protagonismo handia izango dute. Hala, Munoako karpatik igarotzen diren guztiek oso toki desberdinetako platerak probatu ahal izango dituzte, bertan jarritako erakustokietan: Peru, Nikaragua, Argentina, Senegal, Guatemala, Kolonbia, Sahara, Paraguay, Venezuela edota Euskadikoak (taloak), besteak beste.

Halaber, 12:15etan bertso saioa izango da Zarauzko Bertso Eskolako ikasleen eskutik, gai nagusia kulturartekotasuna izango dutela. 12:30etan, Maite Lopezek hiru abesti eskainiko ditu, eta 13:00etan Senegalgo gazteek Euskal dantzen erakustaldia egingo dute. Izan ere, aurtengoan euskal kulturak ere tokia izatea bilatu dute, gainerako kulturekin harremanetan jarriz. 13:30ean, Senegalgo musika izango da, eta indarrak berritu ondoren, 17:00etan capoeira erakustaldia. Ordu erdi ondoren, Akelarre antzerki taldeak Sorginak obra antzeztuko du.

19:30ean, munduko dantzen saio bereziaren txanda izango da, Marisa Merinoren eskutik, eta ekitaldi bereziak 21:00etan bukatuko dira Rafa Villafañak eta “Fuerza Latina” bere taldeak emango duten kontzertuarekin. Villafaña Dominikar Errepublikan jaio zen, baina makina bat urte daramatza Zarautzen finkatuta.

Aurreneko ekitaldiak, ordea, aste honetan hasiko dira, esan bezala, gaur bertan, Senegalen inguruko hitzaldi batekin (18:30ean Etxezabalan). Bertan Balingorren garatzen ari diren lankidetza proiektuaz hitz egingo da. Zarauztarren laguntzen dute proiektu hori, Udalaren bitartez. Astelehenetik aurrera, bestalde, udal liburutegiak Afrikako prentsa jarriko du erabiltzaileen eskura, kontinente beltzaren gaineko dokumentu eta irakurketa gidekin batera. Egitaraua beste bi hitzaldirekin osatuko da, ‘Ulisesen sindromeari’ eta Guatemalari buruzkoak, hain zuzen, asteazkenean eta ostiralean, hurrenez hurren. Ipuin kontalari saioa ere izango da, Maite Frankorekin, eta baita literatura tertulia ere (ikusi atxikitako eskuprograma).

Eli Piconek azpimarratutakoaren arabera, aurtengo festak esanahi berezia izango du: “Natura hondamendi izugarrien biktima izan diren gure txiletar eta haitiar anaiei eskainiko diegu. Ospakizuna aprobetxatuko dugu diru-bilketa egiteko, haien egoera arintzen lagundu asmoz”. Halaber, pozik agertu zen, “aurten herrialde gehiagok egin dutelako bat jaialdiarekin. Toki desberdinetatik gatoz, baina bihotz handi batek batzen gaitu”. Azkenik, Caritas eta Helduko kideei egingo zaien omenaldia azpimarratu zuen. “Ondratzeak ondratu egiten gaitu. Babes handia eskaintzen diguten gipuzkoar elkarteak dira biak, eta itzuli egin nahi diegu”.

Gaur egun, 2009ko iraileko datuen arabera, 1.463 atzerritar bizi dira Zarautzen, biztanlego osoaren %6,41. Nikaragua, Errumania eta Argentina dira jatorri nagusiak, baina guztira 53 herrialde desberdinetakoak badaude. Kopuruak gora egiten jarraitu du, baina hazkunde hori nabarmen apaldu da azken denboretan, gelditzeraino ia. Hala, 2008ko irailetik 2009ko irailera doan urtean, 67 pertsonakoa baino ez zen izan atzerritarren kopuruaren gorakada.

Julen Aranguren Inmigrazio teknikariak gogorarazi zuenez, igandean, hilaren 28an, Xenofobia eta Arrazakeriaren aurkako Nazioarteko eguna ospatuko da; horrenbestez, “aurtengo ‘Zarauztik Mundura’ aukera ezin hobea izango da berdintasunaren eta integrazioaren balioak aldarrikatzeko”.

Share.

Leave A Reply