Zarauzko garagardo azokak hamargarren urteurrena ospatuko du

0

Karpa Munoan jarriko da, eta zabalik egongo da bihartik aurrera (asteazkena) apirilaren 5era bitarte

 

Abuztuan Zarautzen kontzertua emango duten Barricada musika taldeko kideak gonbidatu dituzte aurtengoan festari hasierarik onena emateko

Ekitaldi askorik eskaintzen ez duen urteko garai honetan, Aste Santuan, hain justu, Zarautzek garagardoaz giro paregabean gozatzeko aukera eskainiko du aurtengoan ere, urtero herriko errugbi taldeak Turismo Bulegoarekin elkarlanean antolatzen duen Garagardo Azokari esker. Daukan oihartzunari eta erakartzen duen jende kopuruari erreparatuta, Zarauzkoa Gipuzkoa mailako mota honetako hitzordu ezagunenetakoa eta finkatuenetakoa da. Aurten, gainera, pizgarri berezia izango du, hamargarren urteurrena ospatuko baitu, handikiro eta hainbat berritasunekin.

Ander Alberdi eta Ibon Zinkunegi errugbi taldeko kideek Imanol Lasa Turismo zinegotziarekin batera prentsaurrekoan azaldu zutenez, bihar, asteazkena, arratsaldeko zazpiak aldera zabalduko ditu azokak ateak, apirilaren 5a, Pazko Astelehena arte. 2001ean aurreneko  aldiz antolatu zenetik, azoka pixkanaka hazten joan da, zarauztarrentzat eta eskualdeko biztanleentzat Aste Santuan ohiko ekitaldi bihurtzeraino. Horren froga da azken edizioetan lortu duten arrakasta. Ohi bezala, Munoako karpan kokatuko da: eguerdiko hamabietatik goizeko ordu bata arte egongo da zabalik.

Bi menu mota eskainiko dira, ukondoa edo oilaskoarekin (aukeratzeko), saltxitxekin, eta postrearekin. Izar nagusia, ordea, garagardoa izango da ezinbestean. Mota eta marka desberdinetakoa eskainiko da: Heineken, Murphys, Guinness, Paulaner, eta aurtengo hiru berritasunak, Affligem Dubble (alemaniarra), Maes (belgiarra) eta John Smith’s (ingelesa). Alkoholik gabekoa eta ura ere edan ahal izango da. Animazioa gauero jaialdian parte hartuko duten musika taldeen eskutik etorriko da. Zuzenean arituko dira ondoko taldeak: Drindots, TZ, Lug, Fan & Go, eta Unsain anaiak. Gainera, etzi, ostegunean, bertso-bazkaria izango da eguerdian.

Aurtengo edizioan hainbat nobedade izango dira. Eguerdiro txikienentzat jarduera bereziak izango dira, hala nola pailazoak, ipuin kontalariak eta eskulan tailerra. Igandean, berriz, zuzenean jarraitu ahal izango dira pantaila handi batean eguneko bi kirol hitzordu nagusiak: Realak Herculesen aurka jokatuko duen norgehiagoka, eta Gonzalez-Laskurain eta Xala-Zubietaren arteko Eskuz Binakako pilota txapelketa. Gauean, berriz, karaoke saioa antolatuko da animatuenentzat, dj baten laguntzarekin.

Igandean ere, baina eguerdian, azokak oso bisita berezia jasoko du: Harley Davidson motoak dituzten hainbat moto-zaleena. Normalean igandero biltzen dira, eta gogo onez hartu dute antolatzaileek festarekin bat egin dezaten egin dieten gonbidapena. Hala, Munoara gerturatzen direnak AEBtako ikurra eta mekanikaren mirariak diren moto ikusgarri hauek bertatik bertara ikusi ahal izango dituzte, karparen alboan jarriko den eremuan. Azkenik, azokara gerturatzen direnek zozketa batean parte hartu eta Jesuskoa nekazalturismoan gaua eta gosaria irabazi ahal izango dute.

Urtero, pertsonai ezagunen batek hartzen du parte azokaren inaugurazioan. Aurten ere, aitabitxiak kategoriakoak izango dira, Barricada musika taldearena izango baita ohore hori. Enrique Villarreal ‘El drogas’ bihar arratsaldean egongo da azokan, taldekide guztiekin batera.

Txantreakoek Zarautzen, desertu txikian, abuztuaren 28an emango duten kontzertuaren atarikoa izango da bisita hori. Errugbi taldeak antolatu du kontzertua, Turismo Bulegoarekin lankidetzan. Sarrerak aldez aurretik erosi ahal izango dira azokan bertan, 12 euroko prezioan. Barricadak 29 urte daramatza jada eskenatokietan, 21 disko kaleratu ditu guztira, eta mitikotzat jo daitezkeen hainbat abesti sortu ditu.

Azpimarratu behar da azoka diru-sarrera iturri garrantzitsua dela errugbi taldearentzat, kirol helburuei begira, bertan lortutakoarekin aurrekontuaren ia erdia betetzen baitute. Pasa den urtean antolatzaileek emandako datuen arabera, egunero 45 lagun aritzen dira lanean karpan, txandaka, boluntario gisa: taldeko jendea, lagunak eta senitartekoak. Guztira 120 pertsona mugitzen dituzte.  Azken edizioetako argazkiak zein bideoak www.gurezarautz.net atarian daude ikusgai, sare sozialetarako aurten sortu duten klubaren logotipo bereziarekin batera.

Share.

Leave A Reply