Zarauzko Kirol Patronatuak autobusa antolatu du XXI. Lilatoia korritu nahi dutenentzat

0

Igande honetan izango da proba, eta autobusean izena emateko polikiroldegira jo eta bi euro ordaindu behar dira

Lilatoian parte hartu nahi dutenek osteguna arte dute epea

Zarauzko Kirol Patronatuak autobusa antolatu du Lilatoian parte hartu nahi duten herritar guztientzat. Emakumeei zuzendutako herri-lasterketa da Lilatoia, eta igande honetan, hilaren 7an, izango da Donostian. Autobusean joan nahi dutenek polikiroldegiko instalazioetara jo eta bi euroko kuota ordaindu beharko dute.  Iban San Martin Kirol zinegotziak azpimarratu duenez, “Lilatoia geroz eta harrera hobea duen proba da, eta aurtengoan parte-hartzaile errekorra apurtzeko asmotan dabiltza. Beraz, interesgarria iruditu zaigu parte-hartu nahian dabiltzan zarauztarrei garraiobidea eskaintzea”.

Proban izena eman ez dutenek, badute oraindik horretarako aukera, osteguna, hilaren 4a bitarte –www.lilaton.com-. Autobusa goizeko bederatzitan irtengo da polikiroldegitik, eta proba bi ordu  beranduago hasiko da Alderdi Ederren, ohiko ibilbidearekin, Donostia erdiko kaleetatik, eta luzerarekin (bost kilometro). Adin eta kirol maila guztietako emakumeak bilduko dira bertan, eta aurtengoarekin 21 edizio beteko ditu. Honako helburuekin jaio zen Lilatoia: emakumeek kiroletan parte hartzea bultzatu, emakumeen elkartegintza eta harreman sarea indartu, eta kirol jardunaren esparruan oraindik ere emakumeen eta gizonen artean dagoen aldea murriztu.

Estatu mailan aitzindari izan zen proba, eta jai giroa eta aldarrikapena uztartzeagatik nabarmentzen da. Hau da, lehiaketa hutsa baino askoz gehiago da. Denborarekin hastapenetan topatu zituen oztopoak gaindituz joan da, eta hazkunde hori parte-hartzaile kopuruan gelditzen da agerian: 130 lehen edizioan, duela hogei urte baino gehiago, eta 1.264, berriz, iazkoan. Lilatoi Taldeko antolatzaileek helburu gisa jarri dute igande honetan 1.500 korrikalari biltzea. Duela gutxi, lanean jarraitzeko bultzada garrantzitsuak jaso dituzte, sari forman: Donostiako Udalak ematen duen Hiritar Merituari Domina, eta Berdintasunaren Emakunde Saria. Azken hori apirilaren 14an izango den ekitaldian jasoko dute.

Emakumeentzako entrenamendu taldearen arrakasta

Ildo berean, Iban San Martinek “oso ontzat” jo du Kirol Patronatuak eta Fortuna K.E.-k Zarauzko Kirol Elkartearen elkarlanarekin abian jarritako emakumeentzako entrenamendu taldeak izan duen erantzuna. Adin desberdinetako 63 emakumek egin dute bat taldearekin; asteazken eta ostiraletan entrenatzen dute otsailaz geroztik, Txumai Fernandez entrenatzailearen aholkularitzarekin. “Ekimenean parte hartu duten beste herri eta hirietan baino kopuru handiagoa da Zarauzkoa, nabarmen. Bada zerbait, horien artean Donostia bezalakoak daudela kontuan hartuta. Zarautz herri kirol zalea dela frogatzen du, beste behin. Iaz Gipuzkoa osoan martxan jarri ziren bost taldeek 120 parte-hartzaile bildu zituzten guztira. Zarautzek aurten egin du bat ekimenarekin, eta bertan bakarrik kopuru horren erdia baino gehiago lortu da”, goraipatu du San Martinek.

Zinegotziak azpimarratutakoaren arabera, talde hauetan sartzen diren emakumeek “giro bikaina, harreman berriak, eta erronka pertsonalak eta kirol mailakoak” topatzen dituzte. Haren ustetan, oso garrantzitsua da emakumeei “erraztasunak eta estimuluak” eskaintzea kirol jardunarekin bat egin dezaten, eta baita parte-hartze hori ikusarazten duten lasterketak antolatzea ere, “hala nola Lilatoia bera edo Zarauzko Kros Mistoa”. Entrenamendu taldea doanekoa da, eta emakumezkoa izatea eta 18 urtetik gora edukitzea dira parte-hartzeko baldintza bakarrak. Lortutako arrakasta ikusita, Kirol Patronatua bi talde antolatzea aztertzen ari da, entrenamenduen martxa erraztu eta hobetzeko.

Share.

Leave A Reply