XXVIII. Lizardi Saria, Castillo Suarezentzat

0

Idazle nafarrak ‘Ebelina Mandarina’ lanari esker lortu du garaipena; haurrentzat idazten duen lehena da, hain zuzen

Ohi bezala, 2.400 ale argitaratuko ditu Euskara Zerbitzuak Zarauzko ikastetxe eta eskoletan banatzeko

Castillo Suarezek (Altsasu, 1976) irabazi du Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen duen Lizardi Sariaren XXVIII. edizioa. Idazle nafarrak Ebelina Mandarina lanarekin lortu du saria. Haurrentzat idazten duen aurrenekoa da, hain justu. Bederatzi lan aurkeztu dira 2009ko sariketara, eta Suarezena aukeratu du Jesus Mª Olaizola Txilikuk, Miren Agur Meabek, Xabier Mendigurenek eta Ruben Ruizek (2008 eta 2007ko lehiaketetako irabazleak, hurrenez hurren) eta Imanol Lasa Euskara zinegotziak osatutako epaimahaiak, bere “ukitu poetikoagatik” besteak beste.

Irabazleak 3.700 euro jasoko ditu sari gisa, eta ohi bezala, lanaren 2.400 ale argitaratuko ditu Euskara Zerbitzuak, herriko ikastola eta ikastetxeetan banatzeko. Argitalpena sari banaketa egunean kaleratuko da, 2010eko apirilean. Ohi bezala, iragan ostegunean kaleratu zen liburua, sari banaketarekin bat, Liburuaren Egunarekin bat. Sariaren irabazlea, Txiliku, eta Imanol Lasa izan ziren Sanz Enea liburutegian egindako ekitaldian. Azken horren eskutik jaso zuen saria Suarezek.

Trapezista izan nahi duen neska-ilegorria da Ebelina Mandarina.  “Ez da kasualitatea nik ere trapezista izan nahi nuen txikitan baina ez zidaten utzi, gehienez ere gimnasio erritmikoan izena ematen utziko zidatela esan zidaten”, azaldu zuen egileak. Trapezioa eta literaturaren arteko konparazioa egin zuen: “Harrotasun puntu bat badugu idazten dugunok, eta trzpezistek bezala, jendearen arreta piztu nahi dugu. Literatura arriskuaren artea da, trapezioa bezala, eta arriskua beti da erakargarrua”.

Ideia horretan sakondu zuen: “Literatura eta trapezioa duten ezaugarririk erakargarrienetakoa da, oso gauza xumea izanda, haiekin gauza zoragarriak egin daitezkeela. Elementu edo lehengaio xume eta ez kaltegarriak dira, bai trapezioa eta bai hitzak, baina haiekin gauza ederrak sor daitezke. Horretan datza idaztearen misterioa”. Eskerrak eman zituen altsasuarrak: “Zarauzko Udalari, sari hau posible egiteagatik, eta trapeziora igotzen naizen aldiro sarea hedatzen duzuen lagunoi”.

Imanol Lasak “zorionik beroenak” eman zizkio irabazleari, eta hauxe nabarmendu du: “Idazle gazteentzat, erakusleiho bikaina izan da Lizardi Saria. Duela bi urteko irabazleak, Ruben Ruizek, Literaturako Euskadi Saria irabazi zuen pasa den urtean, Zarautzen aurkeztutako ‘Anekdotak’ lanareki.. Castillo ere idazle gaztea da, nahiz eta ibilbide polita eta sariz jositakoa duen jada, eta aurrerantzean ere bide oparoa izatea opa diogu”.

Sariak duen garrantziaz jabetuta, eta egoera ekonomikoa ona ez den arren, “dotazio ekonomikoa mantentzeko ahalegina” egin dute Euskara Zerbitzutik, “euskarazko sormena bultzatzen jarraitzea oso inportantea delako guretzat”. Halaber, azpimarratu zuen Euskara Zerbitzuak Suarezen obraren “publikazio txukuna” egin duela, “gaur egun askoren ahota dabilen Leire Urbeltzen ilustrazio ederrekin. Seguru herriko ikasleek obrarekin gozatzeko aukera izango dutela, eta irakurzaletasuna pizteko ere balioko duela”.

Zinegotziak gogorarazi zuenez, “euskarazko haurrentzako ipuingintzan dagoen saririk inportanteenetakoa da Lizardi. 28. edizioa da aurtengoa, eta irabazleen zerrenda gaur egun sekulako ospea dauden idazleak topatzen ditugu: Bernardo Atxaga, Felipe Juaristi, Pello Esnal, Imanol Azkue, Mariasun Landa… batzuk aipatzeagatik”.

Castillo Suarez (Altsasu, 1976)

Euskal Filologian lizentziatua. Administrazioko langilea da ogibidez, euskara teknikaria, hain zuzen ere.Bere literatur lanari etorrita, batik bat poesia idatzi orain arte. Zenbait poema-sorta saritu eta argitaratu dizkiote Iruñeko Udalak Amodio galduak (1999), Bitaminak (2000) eta Arabako Foru Aldundiak Iragarki merkeak (2000), Madarikazioa (2003); horiez gain, orain arteko bere bildumarik osatuenak Mugarri estaliak (Susa 2000), Spam poemak (Elkar 2004), Bala hutsak (Elkar 2006) eta Souvenir (Elkar 2008) izan dira (azkena Elkar fundazioaren Joseba Jaka VI. literatur bekari esker burutua). Bestalde, hainbat hedabidetako kolaboratzailea da, besteak beste, Argia eta Berria. Ebelina Mandarina da haurrei zuzendua idatzi duen lehendabiziko lana.

Share.

Leave A Reply