Zarauzko hondartza, primerako eskenatokia II. Zaldi Lasterketarako

0

18 zaldizkok parte hartuko dute lehiaketan, larunbat honetan, 12:00etatik aurrera, itsasbeherarekin bat

Iaz jaio zen proba eta arrakasta erabatekoa izan zen, 3.500 ikusletik gora bildu baitziren malekoian

Zarauzko hondartzak hipodromorik ikusgarrienaren traza hartuko du larunbat honetan, Turismo Bulegoak zarauztar talde batekin elkarlanean antolatu duen II. Zaldi Lasterketari esker. 12:00etan emango diote hasiera lehiaketari, itsasbehera aprobetxatuta, eta ordubete eta erdi inguru beranduago bukatuko da, ondo bidean. Hamasei zaldizkok parte hartuko dute, euren animaliekin batera, Imanol Lasa Turismo zinegotziak jakitera eman duenez.

Ibilbideak zirkulu forma izango du eta Zarauzko Damaren parean egokituko dute, hondartzaren erdialdean, gutxi gora behera. 400 metro inguruko luzera izango du. Irteera eta helmuga, berriz, Gurutze Gorriaren parean kokatuko dira, sorosleen talaia aprobetxatuz. Zaldiek eta zaldizkoek hiru itzuli eman beharko dituzte lasterketa bakoitzean, 1.200 metro guztira. Iraupenak baino gehiago, zuzenguneetan garatutako abiadurak izango du garrantzia, eta nola ez, baita bihurguneak hartzerakoan izandako trebetasunak eta kokapenak ere, lasterketa bakoitzean sei bihurgune hartu beharko baitira.

Hiru sailkapen txanda egingo dira, eta lehen bi postuetan gelditzen direnek  final handirako txartela eskuratuko dute. Lasterketa bakoitzean, beraz, seina zaldizkok parte hartuko dute. Antolatzaileen arabera, maila handiko parte-hartzaileak lotu dituzte, badaudelako hipodromoetan maila onean lehiatu diren zaldi eta behorrak. Guzti-guztiak daude hondarretan lasterketak korritzera ohituta. Gehienak Urola-Kosta eta Goierritik datoz, baina Bizkaitik ere baten bat badator . Odolgarbiak ikusteko aukera izango da, bai ingelesak zein anglo-arabiarrak.

Zaldizkoen eta amazonen artean ere badaude sona handiko parte-hartzaileak; Iñaki Garmendia, oztopoetan lehiatzen den Jesus Garmendia donostiar zaldizkoaren anaia, hain zuzen; Xabier Lakano, mota honetako lasterketetan zaildutakoa; eta Marian Isasi gernikarra, iaz hirugarren postua lortu zuena, besteak beste. Irabazleak 300 euro, txapela, garaikurra eta zaldiarentzat apaingarria jasoko ditu. Bigarrenak 200 euro eta garaikurra, eta hirugarrenak 100 euro eta garaikurra. Xanti Telleriak erdietsi zuen 2009an lehen postua, Guarnizorekin.

Aurten, berritasun gisa, zarauztar gazte talde batek erakustaldia eskainiko du zaldiekin finala jokatu aurretik, Miguel Iriarte ekitazio irakaslearen ekimenez. Hartara, azken txandan lehiatzen direnek lasterketa erabakigarriaren aurretik atseden hartu ahal izango dute. Probaren gogortasuna hondarraren trinkotasunaren araberakoa izango da neurri batean. Dena den, antolatzaileak konbentzituta daude baldintza egokiak izango direla. Horretarako, lasterketa eremua zapaldu eta gogortzeko lanean arituko dira boluntarioak tresneriarekin.

Imanol Lasak azaldu duenez, Jose Patricio Aristi buru izan duen zarauztar talde baten eta Turismo Bulegoaren elkarlanaren ondorioz jaio zen proba, iaz. “Aristik azken urteetan Getariako lasterketa eta beste batzuk antolatu dituzten Lazkano anaiak ezagutzen ditu, eta berak beti galdetzen zien nola zen posible zaldi lasterketa baterako baldintzarik onenak dituen hondartzak, Zarauzkoak, halakorik ez edukitzea, Donostiak, Zumaiak, Oriok edo Getariak ez bezala”.

Izan ere, Lasaren irudiko, Zarauzko hondartza eskenatoki ezin aproposagoa da halako ikuskizun bat antolatzeko, bere zabalera eta luzera kontuan hartuta: “Inguruak ez du aurkezpenik behar, ederra dela badakite denek. Baina horrez gain, ia edozein txokotatik ondo ikusten da”. Hala, iaz 3.500 lagunetik gora buldu ziren malekoian eta inguruetan lasterketaz gozatzeko. “Bai jendea eta bai parte-hartzaileak, denak gelditu ziren oso gustura. Arrakasta erabatekoa izan zen, eta Aristiren eta boluntario taldearen lana eskertu behar dugu, proba aurrera eramateko lan handia egin dutelako eta larunbatean ere dena ondo atera dadin arduratuko direlako”.

Horrelako ekimen batek jende asko erakartzen du, ikusgarritasunagatik, emozioagatik, eta errespetua eta jakin mina pizten dituzten animalia itzelak gertutik ikusteko aukeragatik. Ildo horretan, segurtasuna bermatzeko neurri guztiak hartuko dituzte. Zirkuituaren perimetroan hesiak izango dira, eta Gurutze Gorria eta DYA ere han izango dira. Nolanahi ere, antolatzaileek dei egin diote jendeari zuhur jokatu eta distantziak errespeta ditzan, tamaina eta indar handiko animaliak izango baitira tartean. Era berean, txakurrak daramatzaten ikusleei ondo lotzeko eskatu diete, ezbeharrik gerta ez dadin.

Puzgarri solidarioak

Lasterketa bukatzerakoan, Udaleko langileek garbiketarako lan talde berezia antolatuko dute. Bestalde, txikienek malekoian jarriko diren puzgarri solidarioekin gozatu ahal izango dute goiz eta arratsaldez, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etatik 18:30etara. 0.50 euroko prezioa izango dute eta bildutako dirua Caritasentzat izango da. Turismo zinegotziak larunbatean mundu guztia Zarautzera gerturatzera animatu nahi izan du. “Hondartzako futbol txapelketaren finalak jokatu ondoren, eta udako programazioari ekin aurretik, uste dugu aisialdirako aukera aparta dela asteburu honetarako. Ea eguraldiak laguntzen duen eta egun ederra pasatzen dugun”.

Share.

Leave A Reply