Arrantzale onenak nor baino nor ariko dira asteburu honetan Zarautzen estatu mailako txapelketan

0

93 kirolarik parte hartuko dute selekzio autonomikoen arteko lehian, eta horien artean Euskad izango dai; banakako mailan ere sariak banatuko dira

 

Bi txanda jokatuko dira, ostiralan 20:00etatik 00:00etara, eta larunbatan 16:00etatik 20:00etara

Euskadiko zein estatu osoko arrantzale onenetako askok Zarauzko hondartzan neurtuko dituzte indarrak asteburu honetan, gizonezkoen mailan jokatuko den XLII. Espainiako Itsaso Kostako Arrantza Txapelketaren barruan. Kostaldea duten hamabi erkidego autonomikoetako 93 kirolarik parte hartuko dute guztira: Kanaria, Ceuta, Melilla, Galizia, Asturias, Kantabria, Balearrak, Katalunia, Valentzia, Murtzia, Andaluzia eta Euskadikoak, hain justu. Selekzio gisa lehiatuko badira ere, banakako mailan ere hiru onenentzat sariak eta dominak egongo dira. Piezarik onena harrapatzen duenak ere saria jasoko du.

Ikusmin handia piztu du txapelketak, jokatu diren 42 edizioetan, Euskadin egingo den aurrenekoa izango baita aurtengoa. Duela bost urte Munduko Txapeldun izan zen Donostiako Mons taldeko kideena izan zen lehiaketa gurera ekartzeko ideia, baina hasiera batean ez zen posible izan. Haatik, Jose Luis Fernandez buru zuela eta Espainiako Federazioak erakutsitako interesa ikusita, kirol-arrantza eta casting Euskal Federakuntzak lehiaketa aurrera ateratzea hartu zuen helburutzat duela zazpi hilabete, eta Zarauzko Turismo Bulegoarekin elkarlanean, eta hainbat babesleri esker, errealitate bihurtzea lortu zuen.

Lehen unetik pentsatu zuten Zarautzen egoitza gisa, bertako hondartzak ezaugarri egokiak baitauzka mota honetako lehiaketa antolatzeko. Lau sektoretan zatituko dute hondartza, eta arrantzale bakoitzak hogei metro koadroko espazioa izango du, gutxi gora behera. Guztien artean, hondartzaren luzera ia osoa hartuko dute. Hala, 93 parte-hartzaileko muga ezarri behar izan dute, espazio guztia beteta baitzegoen: “Parte-hartzeko eskaerek gainezka egin digute, erkidego guztiek eskatu dizkigute izen-emate kopuru handiagoa”, ziurtatu dute antolatzaileek.

Bi txandatan jokatuko da txapelketa, ostiralan 20:00etatik 00:00etara, eta larunbatan 16:00etatik 20:00etara. Parte-hartzaileen maila oso altua izango da, guztiek gainditu behar izan baituzte selekzioetan sartzeko kanporaketak. Gainera, espero dute harrapaketak ere aurreko edizio askotan baino hobeak izatea, bai tamainan zein aniztasunean, Kantauri kostaldea, eta lehiaketa-eremua aberastasun handikoak direlako. Harrapatutako espezie guztiek araudian zorrozki zehazten den gutxieneko tamaina eduki beharko dute. Sari desberdinez gain, lehen bost sailkatuek pizgarri berezia izango dute, Estatu mailako Goi Mailako Lehiaketarako txartela erdietsiko baitute.

Lau gipuzkoar (Sergio Fernandez, Jesus Maria Altuna, Patxi Sanz eta Jose Antonio Domínguez), lau bizkaitar (Victor Justel, Joaquin Galvez, Alberto Perez Villafruela eta Koldo Martinez de la Hidalga), eta arabar batek (Josu Martinez Oqueranza) osatuko dute Euskadiko selekzioa. Angel Fernandez gipuzkoarrak egingo ditu ordezkari lanak. Guztien artean, iazko edizioan lortutako brontzea errepikatzen edo hobetzen ahaleginduko dira. Lehiakideetako batzuk, valentziarrek esaterako, ia aste osoa daramate Zarautzen, egokitzeko entrenamenduak egiten, baina selekzio gehienak gaur iritsiko dira, ostegunan. Eguraldiaren eta itsasoaren baldintzak txarrak baldin badira, Kontxa eta Hondarribiako hondartza dira egoitza alternatiboak.

Zarautz, jendez gainezka

Lehiaketa alde batera utzita, ostiralan, 12:00etan Argiñano Hotel Jatetxean izango den inaugurazio ekitaldia eta ongietorri aurreskua ere azpimarratu behar dira. Txakoli dastaketa egingo da, eta parte-hartzaileak zein udal ordezkariak egongo dira bertan. Larunbatan, berriz, 22:30ean, agur afaria egingo dute. Txapeldunak izendatu eta garaikurrak, txapelak, eta bestelako aipamenak banatuko dituzte, giro ederrean gainera, Gaztelubideko otxotea bertan izango baita. Bestalde, arrantzaleek, beren lagun edo familiekin batera gidatutako bisita turistiko batean parte hartu ahal izango dute. Zarautz eta inguruko kostaldea ezagutu dezaten aprobetxatuko da aukera.

Jose Luis Fernandez Euskal Federazioko presidentearen iritziz, kirol-arrantza kirol gisa ezagutarazteko aukera ezin hobea da txapelketa: “Dezenteko lan físikoa eskatzen duen kirola da hau. Zain gelditzeak ez du balio. Parte-hartzaileek lau ordu eman behar dituzte bi kanaberekin, aparailuak etengabe aldatzen, norberak edo aldameneko aurkariak harrapatutakoaren edo beste hainbat faktoreren arabera. Taktika, teknika eta estrategia ugari daude”.

Halaber, Zarautz honelako hitzordu baterako primerako egoitza dela nabarmendu du, bere irudiagatik eta duen ohartzunagatik. “Gainerako selekzieak ilusio handia dute hona etortzeko. Oso harrera ona egingo diegu, guri makina bat ediziotan zehar egin digutena bezain ona, edo hobea. Urte guzti hauetan jasotako guztia itzuli nahi dugu”. Azkenik, Turismo Bulegoari eta Imanol Lasa turismo zinegotziari eskerrak eman, eta mundu guztia animatu nahi izan du txapelketaz eta bere detaile guztiez gertutik gozatzera: logistikaz, funtzionamenduaz, pisaketaz… “Ikusteko oso gauza polita izango da”, amaitu du.

Imanol Lasak azaldu duenez, berriz, txapelketarekin kirolaren aldeko apustua berresten du Zarauzko Turismo Bulegoak, turismoaren ikur, eta sustapenerako tresna egoki gisa: “Mundu mailan ospea duten hainbat proba ditugu, hala nola triatloia edo surfa, eta baita Euskadi edo estatu mailan hainbat jende erakartzen dituztenak ere: igeriketa zeharkaldia, Zarautz-Gernika-Zarautz klasikoa, edo TKE Ligako estropada. Horiei, eta beste batzuei esker, jende askok ezagutu ahal izan du Zarautz”.

Ildo horretan azpimarratu du arrantza txapelketak 200 bisitaritik gora ekarriko dituela herrira, lagunak edo familiak kontuan hartuta: “Asteburu honetan ere motoen kontzentrazioa dugunez, hotel eta ostatuek okupazio portzentaje aparta edukiko dute. Mota honetako ekitaldi berritzaileak modu ona dira jarduera ekonomikoa bultzatzeko, ez bakarrik ostalaritza sektorean, baita dendetan, garraioetan edo zerbitzuetan ere”.

Share.

Leave A Reply