Harley-Davidson motoak nagusi izango dira Zarautzen hilaren 21etik 23ra

0

Euskal Herriko Harley Davidsonek eta Turismo Bulegoak ‘Txakoli Road 2010’ motoen topaketa antolatu dute, publikoari irekitako hainbat jarduera eta erakustaldirekin batera.

Hilaren 21etik 23ra bitarte, Zarautz Harley-Davidson motoen erreinu bihurtuko da, ‘Txakoli Road 2010’ ekimenaren eskutik. Estatubatuar ekoizle famatuaren motoen jabe diren hainbat lagun bilduko dira bertan, eta herritarrei zabaldutako hainbat ikuskizun eta erakustaldi ere izango dira. Aurkezpena gaur egin dute Zarautzen, honako parte-hartzaileekin: Euskadiko Harley Davidsoneko Emilio Valcarcel eta Zarauzko Turismo zinegotzi Imanol Lasa, antolaketan aritutako bi erakundeak ordezkatuz, eta Karlos Argiñano sukaldari ezaguna, gonbidatu berezi gisa.

Zarauzko Turismo Bulegoak sustatzen duen mota honetako lehen ekitaldia da, eta piztu duen interesak bere aurreikuspen guztiak bete ditu. Moto-zale sutsu askok parte hartuko dute, haien ibilgailuak Bike Show edo lehiaketa berezi batera aurkeztuko dituztenak. Bi mailatan jokatuko da: aldatutako Harley Davidson motoak, eta Chopper motoak. Sariei erreparatuta, Europan antolatzen den gisa honetako lehiaketarik garrantzitsuena da, 9.000 euro banatuko baitira guztira. Epaimahaia parte-hartzaileek osatuko dute, erabakia neutrala izan dadin bermatzeko.

Harrera hilaren 21ean egingo zaie, 18:00etan, Munoan. Izen-emateak 20 euroko kostua du, eta lehiaketara aurkezteaz gain, izena ematen dutenek hainbat jardueratan parte hartuko dute: ibilbideak Orio eta Getariara, gastronomia dastaketak, txakolinaren ekoizpen prozesua ezagutzeko bisita… Gainera, opari gisa material berezia, informazio turistikoa eta beherapen txartelak dituen poltsa bat jasoko dute.

Haatik, antolatzaileek azaldutakoaren arabera, zarauztar guztiek zein egun horietan herrira gerturatzen direnek gozatu ahal izango dute festaz, moto baten jabe izan ala ez. Ostiralean eta larunbatean (hilaren 21 eta 22), 22:00etatik eta 23:00etatik aurrera, hurrenez hurren, musika egongo da malekoian zuzenean, The Reverendos eta Reverendo Parker taldeekin. Bestalde, Bike Show-ko motoak ikusgai egongo dira Munoan larunbat eta igandean zehar, antolatzaileek ekarritako beste hainbat harribitxirekin batera. Gidari bakoitzak bere kasa moldatutako makina ikusgarriak ikusteko aukera izango da, beraz.

Larunbatan, 12:00etan, herri-kirol erakustaldia izango da, Landarbide, Izeta II.a eta Fausto Mugerzarekin. 17:00etan, berriz, Lapurdi kalean (Kortazar aurrean, San Pelaion), moto-jauzi eta akrobazia erakustaldia eskainiko dute hainbat espezialistek. Gauarekin bat, asteburuko unerik ikusgarrienetako bat iritsiko da, 22:30etatik aurrera: Harley-Davidson gidariek gau-ibilbidea egingo dute Getariarantz, eskuan argi-zuziak dituztela.

Igandean, 11:00etan, estatubatuar auto klasikoen erakusketa izango da Lege Zaharren Enparantzan. Antolatzaileek aurreratu dutenez, parte-hartze zabala izango du. 13:30ean, azkenik, Bike Show-a zeinek irabazi duen emango da jakitera, eta sari eta garaikurrak banatuko dira. Aipatutako ekitaldi guztiak doanekoak dira.

Txakolia eta motoak lotzearen arrazoia azaldu du Imanol Lasak: “Euskal Kostaldea marka turistikoaren ikur garrantzitsua da txakolia, eta Zarautz erreferenteetako bat da horren barruan. Geroz eta garrantzi handiagoa dauka edari honi lotutako kulturak, eta bi gauzak uztartzea gure burua ezagutarazteko eta bisitariak erakartzeko modu ona da”. Adierazi duenez, etorkizunean ekimenari jarraipena ematea, “eta onenetako bat bihurtzea” dute helburu, surfaren edo triatloiaren ereduak jarraituz.

Karlos Argiñano bera oso pozik azaldu da: “Jarduera honek argi eta garbi uzten du Zarautzen gauza berriak eta tamaina handikoak egiten direla. Moto lasaia, ikusgarria, lasaia eta garbia, askok berentzat nahiko luketen ardo desberdin eta txispadun batekin batuko dute. Makina zoragarri bat, eta trago zerutiar bat. Arrazoi nahikoa da jendea gerturatu dadin gastronomia eta motorra nagusi izango den hiru egun hauetaz modu jatorrean gozatzeko. Hauxe istorio luze eta polit baten hasiera delakoan nago”.

Emilio Valcarcelek, bere aldetik, azpimarratu du moto-eraldatzaileak geroz eta ospe handiagoa hartzen ari direla, eta oso zaila zela haiek Zarautza erakartzea, baina “ahalegin itzela egin dugu sarietan”. Parte-hartzaile gehienak Euskadi, Mediterranear kostaldetik eta Iparraldetik etorriko omen dira, “baina badaude ere Zarautzen egongo direla baieztatu duten ingelesak, alemanak, italiarrak eta frantsesak”. Eskerrak eman dizkio Zarauzko Udalari bere harreragatik: “Askorentzat, zarata atera besterik egiten ez dugun zatarrak gara, baina benetako artelanak diren motoez ari gara, tailer-lan eta kasu batzuetan ingeniaritza-lan handia eskatzen dutenak, eta gainean doazenak errespetua duten eta txorakeririk egiten ez duten pertsonak dira”.

‘Zipri’-ren oroimenez

Josu Aizarnazabal ‘Zipri’-ren oroitzapenak indar handia izango du ‘Txakoli Road 2010’ guztian zehar. Duela gutxi zendu zen beste hiru lagun zarauztarrekin batera, auto-istripu tragikoan, eta bera izan zen ekimenaren sustatzaile nagusia. Hil aurreko hilabeteetan bete-betean aritu zen antolaketa lanetan, Turismo Bulegoarekin, eta Harley-Davidsoneko kideekin elkarlanean: “Ilusio handia zuen, eta dagoen tokitik gozatuko du”, amaitu du Lasak.

Share.

Leave A Reply