Kirol Patronatuak squash pistaren erreforma amaitu berri du

0

Iban San Martinek aurreratu duenez, beste hainbat ekintza burutuko dira datozen hilabeteetan herriko kirol instalazioak hobetzeko asmoarekin

Zarauzko Kirol Patronatuak polikiroldegiko squash pistaren erreforma bukatu du dagoeneko. Herriko kirol instalazioak hobetzeko Iban San Martin zinegotziak aurreikusitako obretako bat da. Datozen hilabeteetan beste hainbat lan burutuko dituzte aipatutakoaz gain, egoera txarrean dauden instalazioak hobetu, edo beharrezkoak diren beste batzuk egiteko. “Urte osoan zehar kirol elkarte desberdinekin eta kirolariekin harreman zuzenean egon gara nolako beharrak dauden jakiteko, eta gaur egun ekonomiaren arloan mugitzeko ditugun aukeren barruan, gure esku dagoen guztia egingo dugu horiei erantzuna emateko”.

Polikiroldegiko squash pistak ziren, hain zuzen, erreforma baten premia handienetakoa zuten instalazioetako bat, erabilerak paretetan zein egurrezko zoruan eragindako narriaduragatik. Pasa den urtean bietako bat erreformatu zuten, eta iragan apirilean bigarrenaren obrak ere burutu zituzten, 3.726,50 euroko aurrekontuarekin. “Horrela, polikiroldegiko erabiltzaileen eta asteroko entrenamenduak bertan egiten dituzten Squash Taldekoen eskaerei erantzuna eman diegu”.

Squash Taldea iaz jaio zen, Zarauzko Kirol Elkarteko atal gisa, baina lehenagotik ere hainbat jarduera antolatzen zituen. Gaur egun 22 bazkide ditu guztira, horietatik zortzi adin txikikoak. Gainera, bazkideetako sei federatuta daude eta Euskadi mailako lehiaketetan parte hartzen dute. Pixkanaka hazten joatea, eta kirol zirraragarri hau gaztetxoen zein helduen artean ezagutaraztea dute helburu. Horretarako ikastaroak antolatzen dituzte. Parte hartu edo informazio gehiago eskuratu nahi dutenek www.squashzarautz.com web orrialdearen bitartez jar daitezke harremanetan klubarekin.

Squash taldeak askotariko jarduerak bultzatzen ditu: urtarriletik maiatzera jokatzen den txapelketa herrikoia, aurten hirugarren edizioa bete duena; kanporaketen bitartez, Koadrilen Egunarekin bat eginez jokatzen den txapelketa azkarra; eta alebinentzako beste proba bat. Iaz beste aurrerapauso bat eman zuten, Euskal Ligako probetako bat ekarri baitzuten herrira –Euskadiko jokalari onenak lehiatzen dira bertan-. Pasa den urteko abuztuan, teknika hobetzeko ikastaro berezia antolatu zuten, Markus Schwarz alemaniar jokalariaren begiradapean.

Taldeko arduradunek pozez hartu dute pisten hobekuntza, aipatutako jarduera guztiak baldintza egokiagoetan egiteko aukera emango dielako. San Martinek, berriz, orain arteko lanarekin jarraitzera animatu ditu: “Askotan esaten dugu Zarautz herri kirol zalea dela, baina azpimarratu behar da ere zaletasun hori ez dela kirol nagusietara mugatzen, eskaintza zabala baitago kirol praktikari dagokionez halako talde apalei esker”.

Share.

Leave A Reply