Asti hobetzeko hainbat lan hasiko dituzte

0

Kirol Patronatuak obrei ekingo die datozen aste hauetan aldageletan eta futbol zelaiko harmailetako estalkian

 

Iban San Martin zinegotziaren arabera, denboraldi aurreko geldialdia aprobetxatu nahi dute ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko

Kirol Patronatuak hainbat hobetze-lan hasiko ditu datozen asteetan Astin. Kirol instalazioetan dauden zenbait kalte konpontzea da helburua, hala nola futbol zelaiko harmailetako sabaian daudenak, baina errugbiko eta futboleko aldagelak aldatzeko ekintzak ere izango dira, erabiltzaileei ematen zaien zerbitzua hobetu eta haien beharretara egokitu asmoz. Iban San Martin Kirol zinegotziak adierazitakoaren arabera, “egoera ekonomikoa onena ez bada ere, ahalegina egin nahi dugu herriko kirol instalazioak ahalik eta baldintza onenetan jartzeko, eta horretarako datozen hilabeteetan hainbat ekintzaren berri emango dugu”.

Behar handienetako bat Astiko belar zelaiko harmailetako estalkia konpontzea zen. Pasa den otsailaren 27an, ziklogenesi lehergarriak aurretik eraman zuen erdiko zatietako bat, harmailak babesik gabe utziz. Aparteko ustekaberik ez baldin bada, hilaren 14an espero dute lanekin hasi ahal izatea, astelehenean. Obrek tresneria oso astuna erabiltzea exijitzen dutenez, denboraldia bukatu arte itxaron nahi izan dute horiekin hasteko.

Bestalde, lanak aprobetxatuko dira tapakiak dituen sei  zutoin nagusiak indartzeko, eta egurrezko egitura osoa lixatu eta bernizatuko da. Kono gisako elementuak ere jarriko dituzte euriak eragindako kalteak gutxiagotzeko. San Martinek azpimarratutakoaren arabera, premia handiko obra da; harmailak mendebaldera begira daude kokatuta eta, horrenbestez, eguraldi txarrak asko eragiten die. “Nahiko egoera eskasean” zeuden.

Errubgi taldearen aldageletan biomasa galdara instalatzeko ere aprobetxatuko dute udako etenaldia. Orain arte lau termo elektriko zeuden bertan, baina ez ziren “inolaz ere nahikoak” airea eta dutxetako ura berotzeko. San Martinek azaldu duenez, biomasa aukeratu dute “sistemarik garbiena, ekonomikoena eta jasangarriena” delakoan. Ohiko galdara batean datza, baina erregai gisa pellet deritzona erabiltzen du, hau da, egur txirbila prentsatuz lortzen diren takoak.

Egur hori ez dator moztutako zuhaitzetatik, baizik eta altzari zaharretatik, edo bestelako birziklatutako materialetatik; beraz, sostengarritasunaren aldeko apustua egin da. Gainera, indar eta energia-eraginkortasun handiko metodoa da, beste bi edo lau geletako airea berotzeko gaitasuna baitauka. Galdara jartzeko lanak berehala hastea espero du Kirol Patronatuak.

Azken obrak futbol taldeen aldageletan egingo dira. Zeharo berrituko dira, bai etxekoenak zein bisitarienak eta epaileenak. Azken hauei, esaterako, beste hainbat erabilpen ematen zaizkie, epaileak hartzeaz gain. Obrek ondorengo atalak hartuko dituzte: zoru eta paretetako azulejua, estolda-zuloak, ur-bilketak, markoak eta ate-alboak. Azken horiek aluminioz egingo dira. Metalezko arotzeria erabiliko da  dutxetan, hoditerian, pultsadoreetan, etabar, polikiroldegian bezalaxe, hain zuzen. Desberdintasuna zera da, elementu hauek ez direla horman sartuta joango, baizik eta begibistan. Balizko konponketa-lanak erraztuko dira modu horretan. Obrak hasita daude dagoeneko.

Kirol zinegotziak ziurtatu duenez, “itxuraldaketa handia lortuko da lan hauekin, eta erabiltzaileak aspaldian egiten ari ziren eskaerei erantzuna emango zaie”. Halaber, pazientzia eskatu du sor litezkeen eragozpenen aurrean, eta nabarmendu du, aipatutako lanez gain, harremanetan dagoela herriko kirolari eta kirol elkarte desberdinekin epe luzeko beharrak zeintzuk diren ikusteko, herriko kirol azpiegiturei dagokienez: “Uste dut oso inportantea dela denon artean hausnartzea zer nahi dugun, eta batez ere, zer egin dezakegun etorkizunean, eta hor Astik sekulako garrantzia eta potentziala dauzka. Prozesu honen atariko urratsetan gaude”.

Share.

Leave A Reply