Dena prest San Pelaioak bete-betean ospatzeko

0

Turismo Bulegoak eta helduen danborradako ordezkariek ofizialki aurkeztu dute egitaraua

Manolo Urbieta musikariak jasoko du aurtengoan makila, eta hainbat berritasun izango dira

Turismo Bulegoak publikoki aurkeztu zuen atzokoan Zarauzko jai patronalen, San Pelaioen, egitaraua, Orokieta ikastetxean egindako ekitaldian. Danborrada desberdinetako ordezkariak izan ziren bertan, Imanol Lasa Turismo zinegotziarekin batera. Guztiak bat etorri ziren adierazterakoan San Pelaioak ospakizun maitatuenetakoa direla zarauztarrentzat, eta “hartzaile baino gehiago, protagonistak” direla herritar guztiak. Lasak erantsi zuenez, festek “udaren etorreraren seinale” ere badira, eta ildo horretan, udan antolatutako egitarauaren berri ere aurki emango dutela aurreratu zuen.

Patroiaren eguna hilaren 26ra arte iritsiko ez bada ere, lehenagotik ere hainbat jarduera izango dira. Atariko gisa, bihar, larunbata, mus txapelketa, haurrentzako pintura tailerra, produktu naturalen eta artisautza produktuen azoka eta txakoli dastaketa egingo dira besteak beste, Mutil Ardoren eskutik. Bezperatan, hilaren 25ean, jardunaldi berezienetako bat biziko dute zarauztarrek, Haur Kultur Taldeak antolatutako XXXII. Haurren Agerraldiarekin, Danbor Nagusiak egingo duen ikurriñaren igoerarekin, Helduen Danborradaren irteerarekin, eta gauerdian festari hasiera emango dioten txupinazoarekin eta ereserkiarekin.

Une batzuk lehenago, unerik hunkigarrienetako bat iritsiko da, ‘Zarauzko San Pelaio Makila’ emateaez bat. Ohitura honi pasa den urtean ekin zioten, herriaren eta zehazki San Pelaio festen alde jardundako herritar baten lana aitortzeko. 2009an Pedro Mari Silvan, hainbat urtetan Helduen Danborradaren antolatzailea izandakoari eman zioten, eta aurtengoan Manolo Urbietarena (Zarautz, 1934) izango da ohorea. Haurrentzat euskarazko ehunka abesti famaturen sortzaile, hainbat kultur mugimenduren sustatzaile, Euskadi mailan pedagogian musika aplikatzen aitzindari, eta Haurren Agerraldian jotzen diren abestien egile da Urbieta, besteak beste.

Patroiaren Egunean, hilaren 26an, Musika Bandak Lege Zaharren Enparantzan emango duen kontzertua eta, batez ere, koadrilen joan-etorria izango dira jarduerarik aipagarrienak. Gazteak 17:00etan bilduko dira Musika Plazan, brusak soinean dituztela, kalejiran Iñurritzarantz jotzeko. Bertan erromeria egingo da trikitilari, dultzainero eta Aiko taldearekin. Ondoren, Musika Plazara itzuliko dira Tximeletak txarangarekin batera. 23:00etatik aurrera hondartzan izango diren su artifizialak dira eguneko beste arreta iturrietako bat.

Hilaren 27a, igandea, txikienei eskainiko zaie, ohi bezala. Oilasko-biltze tradizionalaz gain, kalejira izango da erraldoi eta buruhandiekin, ikuskizuna pailazoekin, haur parkea ikastolako kirol pistan, eta haurrentzako dantzaldi rockeroa Rum Rumen eskutik. Helduek ere edukiko dute gozatzeko parada, maila handiko Bertso Jaialdiarekin, edota capoeira eta batuka erakustaldiarekin. Festak hilaren 28an amaituko dira, auzoen arteko pikearekin, herri kirolekin, eta musika gehiagorekin gau partez, kantu-afari eta guzti.

Aurtengo berritasun nagusia Kutxaren Kultur Zirkuituaren barruan antolatuko diren ekitaldiak izango dira, Munoan zein Musika Plazan: kontzertuak FranC, Iñigo Pro & Allinbeats, King Konsul, Kilema, Louise Michel, Bufalo, Clem Snide eta Dj Makala Global Funk-en eskutik; zinea atari zabalean Kimuak saileko larburmetrai onenen aukeraketa batekin; eta ‘Palacio Malgache’ izeneko bost urtetik gorako haurrentzako tailer plastikoa. Kutxaren Kultur Zirkuitua duela gutxi jaiotako egitasmoa da, gipuzkoar sortzaile gazteei babesa emateko, haien arteko bilgune bat sortzeko, eta artista berrientzat adierazpen plataforma berria eratzeko. Zarautz da parte hartzen duten bost herri eta hirietako bat, Donostia, Oñati, Tolosa eta Irunekin batera.

Aurtengo jaietako beste nobedadea igandean, hilaren 27an iritsiko da, lehen aldiz espreski jubilatuei zuzendutako gau-dantzaldia antolatuko baita, Ibai-Berriak taldearekin. Hilabete bakoitzeko azken larunbatean dantzaldia antolatu ohi da Udaberri zaharren etxean, eta Turismo Bulegoari ideia ona iruditu zaio, Imanol Lasaren arabera, “kalera ateratzea eta jai egitarauan txertatzea”.

Antolaketa lanetan Zarauzko talde eta elkarteen inplikazioa eskertu du zinegotziak: “Haiek dira nagusiki festak aurrera ateratzen dituztenak”. Halaber, mundu guztia animatu nahi izan du kalera ateratzera eta San Pelaioak bizitzera: “Zer gozatu izango da ia ordu oro; musika, kultura, bertsoak, kirola, eta batez ere kale animazioa, gau eta egunez, heldu zein gaztetxoentzat”. Egitaraua bihartik aurrera jaso ahal izango da detaile guztiekin, Turismo Bulegoan, eta www.gurezarautz.net-en ere kontsultatu ahal izango da.

Share.

Leave A Reply