32 gazte nor baino nor Zarautzen, Europako surflaririk onenaren txapela lortzeko

0

16 urtez azpiko nazioarteko txapelketarik garrantzitsuena da Quiksilver King of the Groms, eta finala herrian izango da bigarren aldiz, bihar

Europako surfaren etorkizuneko proiekturik onenak Zarautzen bilduko dira bihar, ostirala. Quiksilver King of the Groms, 16 urtez azpiko munduko txapelketarik garrantzitsuenaren Europako finala herrian izango da bigarren urtez jarraian, hamabost urtetik gora Capbretonen (Frantzia) eman ondoren. Herriko surflari talde baten eta Turismo Bulegoaren elkarlanari, eta Quiksilverrek Zarautzen alde egindako apustuari esker antolatu ahal izan da lehiaketa. Aurkezpena gaur eguerdian egin dute, Argiñano jatetxeko terrazan.

Txapelketa bihar (ostirala) hasiko da, goizeko zortzitan. Charle Puyo eta Aitor Franzesena ‘Gallo’ teknikariek azaldu zutenez, hasiera batean bi egunetan zen jokatzekoa, bihar eta larunbatean, hain zuzen, baina baldintzak uste baino okerragoak izango direnez, txanda guztiak bihar egin behar izango dira ezinbestean. “Dena den, gure esku dagoen guztia egingo dugu ikusleek eta, batez ere, surflari guztiek goza dezaten”. Zortzi kanporaketa jokatuko dira hasieran, bakoitza lau surflarirekin, eta bakoitzean bi sailkatuko dira, finalera iritsi arte.

Iban San Martin Kirol zinegotziak iragarri duenez, “Europako harrobirik onenetako surflaririk onenak ariko dira lehian: Frantzia, Erresuma Batua, Irlanda, Portugal, Italia… Guztira, 32 parte-hartzaile”. Haietako 28k maiatzean Frantziako Antilletan eta Kanariar Uharteetan hasi ziren sailkapen txandak gainditu behar izan dituzte eta beste laurek wild card edo gonbidapena jaso dute.

San Martinek nabarmendutakoaren arabera, “sekulako ohorea da hain txapelketa garrantzitsuaren egoitza izatea”. Euskadik “primerako ordezkaritza” izango duela gaineratu du, guztira bertako sei surflari baitaude parte-hartzaileen artean: Ethan Egiguren, Imanol Yeregi, Natxo Gonzalez, Mikel Zamakona, Alex Iriondo eta Roberto Letemendia. Azken biak zarauztarrak dira, eta onena ematen ahaleginduko dira etxekoen aurrean.

Ez dituzte gauzak batere erraz izango, aurkari latzak baitaude tartean, hala nola Pierre Rollet baionarra. Zarauzko lehen bi sailkatuek, hirugarren urtez jarraian urtez Hossegor, Seignosse, Capbreton eta Donibane Lohitzuneko hondartzetan jokatuko den nazioarteko finalean aritzeko txartela eskuratuko dute. Bertan Australia, Hegoafrika, Estatu Batuak eta Brasilgo surflariekin neurtuko dituzte indarrak, hain zuzen. Horien artetik aterako da 2009ko munduko surflari gazterik onena.

Nazioarteko final horrek, gainera, irailaren 25etik urriaren 5era bitarte jokatuko den ASP World Tourreko Quiksilver Pro France txapelketa profesionalarekin egingo du bat. Beraz, olatu berdinetan surfeatzeaz gain, haien idoloak, Kelly Slater, Joel Parkinson, Taj Burrow eta enparauak, bertatik bertara ikusteko aukera izango dute hamasei gazteek. Hori ere ez da sari makala.

Surflari gazteentzat goi mailako lehiaketa aitzindaria izan da hogei urtetik gorako denboran zehar Quiksilver King of the Groms, eta gaur egun ere derrigorrezko geltokia da surfan ibilbide profesionala egin nahi duten talentu gazteentzat. Jérémy Flòres (Frantzia), Aritz Aranburu (Euskadi), Taj Burrow (Australia) edota Miky Picon (Frantzia), guztiak hasi ziren bertan nabarmentzen. Azken garaiotan, berriz, Maxim Huscenot (Asp Junior 2010-eko Munduko Txapelduna Narabeenen) eta Gabriel Medina brasildarra (urtarrilean ISA Tourreko Munduko Txapelketa lortutakoa) igaro dira lehiaketa honetatik.

Aranburuk 1999an lortu zuen garaipena, artean Grommets Trophy izena zuenean. Hala, bere burua nazioartean ezagutzera emateko aukera eman zion lehiaketaren aitabitxia izango da zarauztarra, hamaika urte pasa ondoren. Bi urtez ASP World Tour, munduko 45 surflari profesional onenen zirkuituko partaide izan ondoren, bertara itzultzeko borrokan ari da egun WQS zirkuituan. “Txapelketa parte hartuko dute gaztetxoen artean dezente ezagutzen ditut, eta seguru nago oso maila polita eskainiko dutela”, adierazi du Aranburuk.

Natxo Gonzalezek, parte-hartzaileetako batek, surflari gazteek baldintza txarren aurrean erakutsiko duten gogoa irudikatu du: “Nahiko etsita ikusten ari naiz jendea, baina olatu txikiekin ere oso gauza onak egin daitezke, motibazioa edukitzea da gauzarik garrantzitsuena”.

Tag team, eta We are standard taldearen kontzertua

Txapelketaz gain, beste hainbat ikuskizun izango dira datozen bi egunetan. Hala, bihar, ostirala, finala bukatu ondoren, Aritz Invitational Tag Team lehiaketa bitxia jokatuko da. Lau talde ariko dira nor baino nor, eta bakoitzak honakoak izango ditu kide: surflari profesional bat, gazte bat, 70ko hamarkadako bat (garaiko taula batekin), eta Alaia surflari bat. Aranburuk azaldu duenez, Alaia taulak surfaren hastapenetan erabiltzen zirenak dira: “Oso oinarrizkoak dira, egur zati bai ia gilarik gabe, baina haiekin maniobra politak egin daitezkeela erakutsi digute”. Sorpresak eta umore ona ez dira faltako.

Finala eta final erdiaren artean, Expression Session bat izango da, eta baita skate erakustaldiak ere egun osoan zehar malekoiko skate-parkean, Quiksilverko espezialisten eskutik. 23:00etan, surf bideoen emanaldia izango da Munoan. Larunbatean, berriz, lehiaketa antolatuko da formatu berritzaile batekin, eta hondartza-jokoak izango dira egun guztian zehar. Beraz, txapelketaren hutsunea ez da nabarituko

21:30etatik aurrera, musikak hartuko du lekukoa Munoan Mahara Mc Kay dj eta nazioarteko modeloaren kontzertuarekin. Zelanda Berrian jaio eta Suitzan bizi den gazte honek musikaren bitartez adierazi du azken urteetan bere energia positiboa,  eta iaz berak jarri zuen dantzarako giroa, King of the Gromsen Zarauzko estreinaldian.

Eskaintzarik potoloena ondoren iritsiko da, We are standard-en kontzertuarekin. Getxotarrek Euskadiko talderik arrakastatsuenetakoa osatzen dute nazioarte mailan gaur egun, Deloreanekin batera. Bi disko argitaratu dituzte, eta haien dance-rock estiloak kritika bikainak bildu ditu komunikabide espezializatuetan, hainbat sarirekin batera. Europan eta AEBetan barrena biran ibilitakoak dira, eta musika zaleen arreta piztu dute. Horren adibide da FIB Heineken jaialdian eman zuten kontzertua, non 30.000 ikusle mugiarazi zituzten.

 

 

 

Share.

Leave A Reply