Barricadak lehen aldiz joko du Zarautzen, Garagardo Azokaren X. urteurrena ospatzeko

0

Larunbat honetan izango da, hilaren 28an, 22:30etatik aurrera Desertu Txikian, itsasoa aurrez-aurre dutela

Ordubete eskainiko dio azken diskoari, eta beste bi abesti arrakastatsuenei; bere azken biraren barruan taldeak Gipuzkoan emango duen kontzertu bakarra da

Aurten hamar urte betetzen dira Zarautz Rugby Taldeak (ZRT) aurreneko aldiz Garagardo Azoka antolatu zuenetik. Herriko kirol talderik ezagunenetako bati babesa emateko ekimen herrikoi gisa hasi zen dena, baina agur egun finkatutako ekitaldia da Gipuzkoako Aste Santuaren barruan. Urteurrena ospatzeko, eta azokatik igaro diren bisitari eta kolaboratzaile guztiei eskerrak emateko, ZRTk, Turismo Bulegoarekin elkarlanean, formatu handiko kontzertua antolatzea erabaki du, Zarauzko leku berezi batean.

Lehen antolaketa lanak iaz hasi ziren, Turismo Bulegoaren eta ZRTren asmoek bat egin zutenean. Imanol Lasa Turismo zinegotziak adierazitakoaren arabera, “’Zarautz’ berri kanpainaren barruan, hondartzan kontzertu handiak antolatzea zen herritarrek egindako eskaerarik errepikatuenetako bat”. Aldi berean, Joseba Etxabe ZRTko kideak azaldu duenez, “klubean azokatik kanpo ekimen handi bat antolatu nahi genuen talde ezagun batekin, zarauztarrei urte hauetan zehar eman diguten guztia itzultzeko”.

ZRTko arduradunek oso garbi izan zuten hasieratik hautua: Barricada. Euren nortasunarekin bat zetorrelako,  eta Txantreakoak apustu segurua direlako, musikaren munduan duten “ibilbide luzeari” -28 urte eszenatokietan eta 21 disko merkatuan-, eta belaunaldi desberdinetako publikoaren artean duten harrera onari esker. Halaber, azpimarratu behar da, Lasaren arabera, “Barricada zela gehien aipatzen zen taldeetako bat, herritarren aisialdi proposamen eta iradokizunak jasotzeko inkesta egin genuenean”.

‘Drogas’ eta enparauek hiru ordu inguruko kontzertua eskainiko dute. Lehen ordua “La tierra está sorda”, beren azken diskoa aurkezteko erabiliko dute. Harrera bikaina izan duen Espainiako Gerra Zibilari buruzko album kontzeptuala da. Titulua Luis Cernuda sevillarraren olerki batetik atera dute, eta diskoa ‘Drogas’ berak idatzitako 150 orri inguruko liburuxkarekin batera dator. Taldeko abeslariak Dulce Chaconen “La voz dormida” liburua irakurri ostean ekin zion memoria historikoaren gaian barneratzeari.

Eszenatokiaren formatua aldatzeko hamabost minutu eskaseko geldialdia egingo dute, eta ondoren beste bi ordu emango dituzte abestirik ezagunenak jotzen. Horietako asko ereserki bilakatu dira belaunaldi askorentzat, hala nola  Okupación, No hay tregua, Oveja negra, Blanco y negro o Animal caliente… Larunbat honetan, hilaren 28an izango da kontzertua Desertu Txikian (hondartzan, Argiñano jatetxearen aldamenean). Toki ederra delako, eta kontzertu handi baterako ezaugarri guztiak dauzkalako aukeratu dute. Etxabek ziurtatu duenez, “Barricadako kideak poz-pozik gelditu ziren Desertu Txikia erakutsi genienean, itsasoa aurrez-aurre dutela joko duten lehen aldia delako”.

“Mañana será igual” abestiarekin Euskadi Gaztearentzat prestatu duten euskarazko bertsioa, “Bihar berdin izanen da”, estrainakoz joko dute Zarautzen. Oso gonbidatu berezia izango dute horretarako, Berri Txarrak taldeko abeslari Gorka Urbizu, hain zuzen. Urbizuk jarriko du ahotsa, eta Barricadak musika. Taldeak Zarautzen ematen duen lehen kontzertua da larunbatekoa, baina nafarrak izaki, gaztetako urteetatik ezagutzen dute herria. “Rock and roll” gau berezia agindu dute larunbaterako. Azken biraren barruan Gipuzkoan emango duten kontzertu bakarra dela ere nabarmendu behar da.

Turismo Bulegoaren laguntza izateaz gain, ZRTk baliabide asko jarriko ditu mahai gainean, 150 boluntario ariko baitira lanean dena behar bezala irten dadin. Kontzertuak eszenatoki handia –14×12 metro-, pantaila erraldoia, jateko eta edateko jaimak (Gureak, ezinduen integrazioa helburu duen enpresaren esku), eta DYAren laguntza edukiko ditu. Euskal Telebistak osorik grabatuko du, ondoren Gaztea Live saioan emateko, ETB3 katean. Ezin da baztertu material hori DVD bat egiteko erabiltzea,  kalitate handian grabatuko baitira irudi eta soinua. Taldekideek kopia bat jasoko dute.

Sarreren prezioa herrikoia da: 12 euro (aldez aurretik), eta 15 (kontzertu egunean bertan). ZRTk gogorarazi du irabazi asmorik gabeko ekimena dela, eta “eskertza jaialdi handia” eskaintzea dutela helburu. Hori dela-eta, lortutako dirua halako ekimen erraldoia antolatzeak dakartzan gastuak betetzeko erabiliko da. Etxabek adierazi duenez, “prezioa taldearen kontzertuetan kobratzen denaren erdia da, gutxi gora behera”. Desertu Txikiko perimetroa hesitu egingo da, eta sarbidea 20:30ean irekiko da, malekoian.

Sarrerak salgai daude dagoeneko Gipuzkoako hainbat puntutan: Ximut, Basarri, Txiki Polit eta BaiBatzokia Zarautzen, Getarian (Xagu taberna), Orion (Unar taberna), Zumaian (Zalla taberna eta Otezuri kafetegian), Aian (Aize Berri), Hernanin (La Bodega eta Kixkal), Azpeitian (ISB), Azkoitian (Zurt), Lasarten (Jalai), Larratxon (Lanbroa), Usurbilen (Irati), Donostian (Chopper Bar, Eiger eta Minuto y Medio), Astigarragan (Zipotz), Oiartzunen (Miren) eta Errenterian (Xenpelar kulturdenda). Baita www.ticketmaster.es eta Servikutxa-n ere.

Oraingoz, larunbat honetarako eguraldi aurreikuspenak baikorrak dira, eta 5.000 ikusle biltzeko itxaropena dute antolatzaileek. Turismo zinegotziak rugby taldeak egindako ahalegina eskertu du, “halako ekitaldi bat aurrera ateratzeak sekulako lana dakarrelako”, eta gogorarazi du ohiko aparkalekuez gain, Kortazar, Eguzki-zahar eta Hondartzakoek 24 ordutan irekiko dituztela ateak, bisitariei zerbitzua emate aldea.

Share.

Leave A Reply