Barricadaren kontzertua Astin izango da

0

 

Espainiako Ingurugiro Ministerioaren Kostalde Zerbitzuak hondartzan egitea galarazi die antolatzaileei

Zarautz Rugby Taldea eta Turismo Bulegoa elkarlanean aritu dira ikuskizuna mantentzeko, eta “inoiz baino gehiago” animatu dute jendea bertaratu dadin

Barricadak kontzertu berezia eskainiko du larunbat honetan Zarautzen, 22:30etatik aurrera, Aste Santuko egunetan ospatzen den Garagardo Azokaren X. urteurrena ospatu, eta bertan parte hartu duten bisitari eta boluntario guztiei haien babesagatik eskerrak emateko. Haatik, ezingo du aurreikusitako lekuan jo, Desertu Txikian, hondartzaren aurrean, Espainiako Ingurugiro Ministerioaren menpe dagoen Kostaldeko Zerbitzuak bertan egitea debekatu dielako antolatzaileei.

Joan den astelehenean, hilaren 23an, izan zuten erabaki horren berri, eguerdian, fax baten bitartez. Kostaldeko Zerbitzuaren ezezkoak atsekabea sortu zuen Zarautz Rugby Taldeko (ZRT) eta Turismo Bulegoko arduradunen artean, “ezbehar zaila” suposatzen duelako kontzertua egiteko egun gutxiren faltan. Elkarlanean hasi ziren berehala alternatiba bat topatzeko, eta azkenean Astiko rugby zelaian joko du Barricadak, egun eta ordu berean.

ZRTk eta Turismo Bulegoak nabarmendu dutenez, “ahalegin koordinatu handia” egin behar izan dute hitzorduari eta honen ezaugarri guztiei eusteko.  Perimetroa hesituko da, eszenatokiaren tamaina berbera izango da, eta astelehenean iragarritako zerbitzu guztiak eskainiko dira: pantaila erraldoia, jaimak janari eta edariarekin (Gurearen esku), ezinduentzako eremua, eta DYAren laguntza. Gainera, estalki berezia erabiliko dute rugby zelaiko berdeguneak kalterik izan ez ditzan.

Barricadako kideak pozez zoratzen zeuden Desertu Txikiko eszenatokiarekin, eta itsasoa aurrez-aurre zutela hondartzan jotzeko aukerarekin, baina adierazi dute gertatutako guztia “inoiz baino gogo eta grina handiagoekin jotzeko akuilu” izango dela. “Ikuskizun bikaina” agindu dute Zarautzen.

Antolatzaileek gaineratu dutenez, “zenbait gaitz onerako izan ohi dira, eta kasu honetan ikuspena zein aparkalekurako tokia hobeak izango dira Astin, eta bizilagunentzat eragozpenik ez da sortuko gainera”. Astiko sarreran dagoenaz gain, Hondartza, Eguzki-Zahar eta Kortazarren dauden aparkalekuak behar bezala seinaleztatu eta 24 orduz irekiko dira, eta doaneko bus zerbitzu berezia ere jarriko da abian Astirantz. 21:00etatik aurrera hartu ahal izango da, errepide nagusiko hiru geltokietan Gogoratu behar da Zarauzkoa dela Barricadak bere azken biraren barruan Gipuzkoan emango duen kontzertu bakarra.

Turismo Bulegoaren kritikak

Imanol Lasa arduradunaren ahotik, Turismo Bulegoak gogor egin du Kostaldeko Zerbitzuak hartutako erabakiaren aurka, “Zarauzko herriarekiko errespetu falta handia” dela uste baitu. “Beharrezko baimena eskatu ondoren, uztailaren 30ean datu gehiago eskatu zizkiguten kontzertuaren ezaugarrien gainean, eta itxura guztien arabera dena ondo antolatuta zegoenean, ez dugu ulertzen orain, kontzertua ospatzeko astebete baino gutxiago falta denean, jarrera oztopatzaile hau erakustea”.

Lasaren esanetan, “antolaketa lanetan eta baimenak eskatzerakoan prozedurak orain arte jarraitutakoak izan dira, beraz, ez dugu ulertzen bat-bateko aldaketa hau”. Hondartzan kontzertu handi bat ikustea “zarauztarrentzat amets handia” zela nabarmendu du: “Hala jakinarazi ziguten Ideia Berriak kanpainan, herritarrek aisialdirako zituzten iradokizunak eta proposamenak jaso genituenean. Garbiketa zerbitzu guztiak prest zeuden ingurugiroan inongo inpakturik egon ez zedin, eta pena handia da orain hainbat boluntarioren lana pikutara joatea”.

Era berean, haren irudiko, “Espainiako Ingurugiro Ministerioaren erabaki hau ez dator bat, esaterako, Gipuzkoako hiriburuan, Donostian, hartu ohi direnekin, Jazzaldiak, bakearen omenezko kontzertuak eta beste hainbat jarduera egiten baitira hango hondartzetan. Zergatik toki batzuetan bai eta besteetan ez?”. Azkenik, gogorarazi du Barricadaren kontzertuak “interes publikoa” zuela. “Sarreren prezioa herrikoia zen, eta gastuak betetzea eta Garagardo Azoka handi bihurtu duten guztiei eskertza jaialdia eskaintzea zen helburu bakarra”.

“Rugby taldeko boluntarioek, ekimenaren enpresa babesleek eta Udaleko langile guztiek” eszenatoki aldaketa posible egiteko erakutsi dituzten “eskuzabaltasuna, ulermena eta prestutasuna” azpimarratu ditu. Halaber, Zarauztar eta kanpotar guztiak animatu nahi izan ditu, “orain sekulan baino gehiago, Zarautz Rugby Taldeari babesa ematera eta kontzertu bikain batekin eta gure herriarekin gozatzera. Ea 5.000 ikusle biltzen ditugun”.

Share.

Leave A Reply