Munduko Surf Txapelketa laster helduko da Zarautzera, inoiz baino maila handiagoarekin

0

San Miguel Pro probak kategoria gorenena izango du aurten, sei izar, iaz baino bat gehiago.

 

Abuztuaren 31tik irailaren 5era bitarte jokatuko da, eta munduko onenen artean dauden surflariak erakarriko ditu

Azken hiru urteetan bezala, Munduko Surf Txapelketako WQS zirkuitua laster iritsiko da Zarautzera, inoiz baino kalitate eta anbizio gehiagorekin, gainera. Izan ere, aurreneko aldiz, San Miguel Pro Zarautz izeneko probak kategoria gorenena izango du aurten, sei izar, iaz baino bat gehiago. Horrek esan nahi du puntu gehiago izango direla jokoan, sari potoloagoak banatzeko, eta baita inoiz baino izar gehiago, uretan bertan ere.

Horretarako, Zarauzko Surf Elkarteko presidente Mikel Landak azpimarratutakoaren arabera, “garrantzi berezia izan du iaztik hona San Miguel garagardo markak kirol honen eta, batez ere, Zarauzko probaren alde egindako apustuak. Baita Euskaltel enpresak ere, bigarren laguntzaile, gisa,  eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Turismo Bulegoak, Eusko Jaurlaritzak eta hainbat enpresek emandako babesak”.

Landaren esanetan, “sekulako lorpena da aurten aurrerapauso hori eman izana, are gehiago kontuan hartuta kirol ekitaldi asko murrizketak izaten ari direla egoera ekonomikoak behartuta. Horrenbestez, esker oneko hitzak baino ez ditugu”. Gogoratu beharra dago Munduko Txapelketa Zarautzera itzuli zenean, 2007an, hiru izarrekin hasi zela. Orain halako bi dauzka, “antolaketa txukunari, surflari profesionalek emandako iritzi onari eta, batez ere, erakunde eta enpresa laguntzaileei esker”.

Harekin batera, Alberto Velasco eta Olatz Basagoiti San Miguel eta Euskaltel enpresetako ordezkariek, Iñaki Galdos Kirol eta Kanpo Ekintzarako diputatuak, eta Imanol Lasa Turismo zinegotziak parte hartu dute aurkezpenean. Galdosek adierazi duenez, “txapelketak sekulako garrantzia dauka, ez bakarrik kirol arloan, baita turismoan, ekonomian eta kulturan, ekitaldi paralelo asko antolatu baitituzte, txukun gainera”.

Ildo beretik mintzatu da Lasa: “Surfa kirola baino askoz gehiago da Zarautzen. Bizimodu bat da, eta turismo eskaintzari lotutako faktore sendoa”. Haren iritziz, “egi bihurtutako ametsa” da sei izarretara iritsi izana, eta “Foru Aldundiaren apustu sendoari eta surf elkarteko boluntarioen lanari esker” lortu da hori, besteak beste.

Lehiaketa hilaren 31n hasiko da, asteartean, eta irailaren 5ean bukatu, igandean. Aurtengo aurrekontua 300.000 eurokoa da, iazkoa baino 80.000 euro handiagoa, eta 145.000 dolar banatuko dira guztira saritan, irabazleak 20.000 jasoko dituelarik. Kutxak 600 euroko saria eta garaikurra emango dizkio sailkatutako lehen gipuzkoarrari. Iazkoan Aritz Aranburu zarauztarrarena izan zen ohore hori.

Milaka ikusle bilduko dira hondartzan eta Desertu Txiki inguruan proba jarraitzeko, eta komunikabideek ere arreta berezia eskainiko diote. Azken edizioan 20.000 ikusle izan ziren, eta 93 hedabide akreditatu ziren guztira, munduko herrialde desberdinetakoak: Euskadi, Espainia, Frantzia, Erresuma Batua, Australia, Belgika, Japonia, Zelanda Berria…

Lehiaketa internet bidez jarraitu ahal izango da zuzenean, irudiekin, euskarazko, gaztelerazko, frantsesezko eta ingelesezko komentarioekin, eta detaile guztiekin, honako helbidean: http://www.aspeurope.com/events2010/zarautz/live.php. Azpimarra-
tu beharra dago 2009an Zarauzko emankizunak errekorrak apurtu zituela, 112 herrialde desberdinetako 100.000 bisita pilatu baitzituen. Surflari Profesionalen Elkartearen zorionak ere jaso zituen, Europako zirkuituko probarik jarraituena izan baitzen.

Parte-hartzaileak primerakoak izango dira. Azken hiru edizioetako irabazleak lehiatuko dira,  Aritz Aranburu (2007), Tim Boal (2008) eta Gony Zubizarreta (2009), aurtengo sailkapenean munduko 45 onenen artean dauden hainbat surflarirekin batera. Zarauztarrik ere ez da faltako, hala nola, Hodei Collazo, Marcos San Segundo, Igor Muniain eta Mario Azurza, eta ezta Euskadiko beste surflaririk ere: Norman Landa, Eneko Acero, Txaber Trojaola…

Iazkoan baino baldintza hobeak eduki ahal izatea espero dute antolatzaileek. Izan ere, finala egun bat aurreratu behar izan zuten olatu gutxi aurreikusten zirela-eta. Edozein modutan, Zarauzko probak argi eta garbi erakutsi du sekulako ekaitzak (duela bi urte) zein itsaso barea gainditzeko gai dela, osasun ona eta primerako zaleak dauzkalako.

Surfa baino askoz gehiago

 

Lehiaketa inguruan dagoen giro bikainagatik ere nabarmentzen da San Miguel Pro Zarautz. Berezkoa du ezaugarri hori, eta Zarauzko Surf Elkarteak asko zaindu du aurtengoan ere, ekitaldi paraleloen egitarau zabal batekin. Guztiak 20:00etan hasiko dira, asteartetik igandera, klubaren egoitza parean (Borgueto). Graffiti erakustaldiak Igor Rezola ‘Dizebi’ eta Martinekin; film laburrak pantaila erraldoian; musika eta sakeleko telefonoen dekorazioa; arropa erakustokiak; janaria, edaria, eta batez ere, musika izango dira bertan, elektronikari, reggaeri edo pop-rockari eskainitako gauekin.

 

Makina bat kontzertu izango dira: Pinkertones kataluniarrak, Olimpic getxotarrak, Gregtown, Microguagua, No Aloha, Layabouts, Smile… Oso estilo desberdinak eskaintzen dituzte, baina musika alternatiboaren barruan sona handia lortzen ari dira guztiak. Luxuzko beste gonbidatu bat izango da, Ibon Errazkin; ibilbide luzea duen sortzailea da, eta dj formatuan dator Zarautzera. Herriko musikariek ere ordezkapena izango dute, Buffalo eta A13 taldeen eskutik. Buffalok bigarren urtez joko du surf txapelketaren barruan.

Ezin da ahaztu guzti horrek beste jaialdi handi batekin egingo duela bat, aspaldian herrian iraileko lehen egunetan ospatzen den Euskal Jaiarekin, hain zuzen. Neoprenoek eta baserritar jantziek nahasketa berezia sortuko dute kaleetan beste behin.

Share.

Leave A Reply