Zarautzen gertatutako kale-erasoek 38.000 euroko behin-behineko kostua ekarri dute

0

Lide Amilibia Urola-Kosta Udal Elkarteko lehendakariak azpimarratu duenez, zabor-bilketa zerbitzuak “normaltasun osoz” funtzionatzen zuen gaur goizerako, “guztion artean egindako ahaleginari esker”

 

Urola-Kosta Udal Elkarteak, Lide Amilibia presidentea buru duela, Jon Urien Zarauzko alkateak (Hamaikabat), eta Imanol Lasa (EAJ-PNV), Patxi Elola (PSE-EE), Mariana Aranburu (Ezker Batua-Aralar) eta Rafa Olaizola udal bozeramaleek agerraldi publikoa egin dute gaur goizean, atzo Zarautzen gertatutako kale-erasoek eragindako kalteen berri emateko. Goizeko bostak aldera, eta herriko hamalau puntu desberdinetan, hainbat ezezagunek su eman zieten zabor edukiontziei.

Lide Amilibiak zehaztutakoaren arabera, suteek Udal Elkarteak gaikako bilketarako erabiltzen dituen hogeita-hamar edukiontzi kaltetu zituzten, neurri desberdinean; papera jasotzeko hamabost; bederatzi edukiontzi arin; organikoa biltzeko bi, eta beira eta kristala biltzeko lau. Kalteak konpontzeko zazpi langilek eta bost kamioi-garabik osatutako dispositibo berezia jarri zen abian, atzo goiz eta arratsaldez eta gaur goizez lanean aritu dena: “Hori gehitzen baldin badiogu, guztira 30.823,2 euroko kostua ateratzen da”.

Kopuru horri Zarauzko Udalak bere gain hartu beharko duena erantsi behar zaio: izan ere, “beste hiru kontenedore arrunt ere erre ziren (berdeak)”,  eta kale garbiketako eta brigadetako langileen kostua ere eduki behar da kontuan. Guztira, 7.000 euro inguru. “Ezin dira ahaztu ere etxe-aurrealdeetan, auto batean, zuhaitzetan, seinaleetan eta espaloietan izandako kalteak, oraindik zenbatu gabe daudenak”.

Azpimarratu du “ahalegin handia” egin dela “guztion artean” azken orduetan, eta horri esker dagoeneko “edukiontzi guztiak ordezkatu” eta zabor-bilketa zerbitzua berriro martxan jarri dela: “Gaur goizerako, zerbitzuak normaltasun osoz funtzionatzen zuen”. Ildo horretan, bereziki eskertu nahi izan du egoera “bere onera hain azkar ekartzen lagundu duten pertsona guztien lana, kaleak garbitzen, suak itzaltzen edo herritarren segurtasuna bermatzen:  bai Zarauzko Udaleko eta Udal Elkarteko langileena, bai udaltzainena, bai Ertzaintzarena eta baita suhiltzaileena ere”.

Azkenik, “Urola-Kosta bailara birziklatzearen eta gaikako bilketaren aldeko apustuan aitzindari” izan dela gogorarazi du: “Bereziki tristea iruditzen zait garapen jasangarriaren alde egiten duten eta guztion artean ordaindu ditugun edukiontzi eta kontenedoreak suntsitzea”.

Ondoren, Zarauzko Udaleko bozeramale guztiek hitza hartu dute banan-bana erasoen balorazio politikoa egiteko, bakoitza bere ñabardurekin, baina denak bat etorri dira erasoak arbuiatzerakoan, eta ezker abertzaleari ekintzei buruz pentsatzen duena adieraz dezan dei egiterakoan. EAJ-PNV, Hamaikabat eta Ezker Batua-Aralarrek, bestalde, kale erasoak “Santa Klara auzoan ospatutako jaiekin ez lotzeko” eskatu dute, “bake giroan eta normaltasun osoz igaro baitziren”.

Share.

Leave A Reply