Zarauzko Udako XXII. Musikaldia hastera doa

0
Ainhoa Garmendia

Ainhoa Garmendia

Ostiral honetan, hilaren 6an, Ainhoa Garmendia sopranoak abestuko du, Pello Ramirez eta Itziar Barredok lagunduta

Imanol Lasak nabarmendu duenez, “programazio guztia Euskadiko talde eta bakarlariek osatuko dute, denak oso maila handikoak”

 

Zarauztarrek mailarik oneneko ganbera-musika eta musika polifonikoaz gozatu ahal izango dute aurtengoan ere, Udako Musikaldiaren eskutik. Abuztuko kultur hitzordu berezienetakoa da herrian, eta aurtengoarekin 22 edizio beteko ditu. Publikoa kalitatezko zuzeneko musikarekin harremanetan jartzea du helburu, eta harrera bikaina dauka. Hala, kontzertu guztietan toki guztiak betetzea da ohikoena.

Ohi bezala, Gipuzkoako Foru Aldundia da sustatzailea, Zarauzko Turismo Bulegoarekin elkarlanean. Zarauzko zikloak hiru hitzordu izango ditu, hain justu, abuztuko ostiral guztietan, batean izan ezik. Aurrenekoa aste honetan bertan izango da, hilaren 6an, 22:00etatik aurrera. Ainhoa Garmendia soprano gipuzkoarra izango du protagonista nagusi, primerako laguntzaileak izango dituela: Itziar Barredo, pianoarekin, eta Pello Ramírez, biolontxeloarekin.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak hartuko du lekukoa, hilaren 20an, Andrés Orozco-Estrada zuzendari kolonbiarrarekin, eta Grieg, Mozart eta Haydnen obrez osaturiko bildumarekin. 1982an bisitatu zuen estreinakoz orkestrak Zarautz. Easo abesbatzak emango dio bukaera zikloarekin, hilaren 27an, Errusiako abesbatzei eskainitako programa berezi askoarekin: sona handiko konpositoreen obrak abestuko ditu, hala nola Tchaikovski, Rachmaninov eta Rimsky-Korsakovenak.

Imanol Lasa Turismo zinegotziaren arabera, “krisialdia kultur programazioan eragin kaltegarria izaten ari bada ere, ahalegina egin dugu kalitatezko eskaintzari eusteko, eta lortu egin dugulakoan nago. Ahalegin horrek asko merezi du, musikaldia gure udako klasikoetako bat baita, zarauztarrek asko estimatzen duten kalitatezko ekitaldia”.

Lasak bereziki azpimarratu du, azken urteetan ez bezala, programazioa “Euskadiko talde eta bakarlariek” osatzen dutela goitik behera. “Askotan kanpotik datorrenari bestelako begiekin begiratzen diogu, kanpotik etortze hutsagatik hobea balitz bezala, baina gurean badauzkagu mundu mailan ezagunak diren abeslari, instrumentu-jole  eta orkestrak, onentsuenekin pareka daitezkeenak. Gainera, beti da inportantea halakoak promozionatzea, eta etxekoei etxean jarduteko aukera ematea”.

Betiko legez, emankizun guztiek Santa Maria la Real parrokia izango dute eszenatoki. “Mende askotako historia gordetzen duen tokia da, oso giro eta sonoritate bereziak dituena. Ganbera-musika edo abesbatzak oinarri dituzten kontzertuetarako ezin egokiagoa da”. Mundu guztia animatu du musikaldia bertatik bertara ezagutzera, “oso gustu desberdinetara egokitu daitekeen musika delako, estilo honen zale ez direnak zein entzule zorrotzenak asetzeko gaitasuna duena”.

Zarauztik ez ezik, musikaldiak Zumaia, Deba eta Zumarragatik ere igarotzen dira. Zikloak Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez jaio ziren. Kalitatezko musika eskaintza Gipuzkoan zehar zabaltzea zuen helburu, zegoen zaletasunari erantzuna emateko. Horretarako, interes historiko eta arkitektonikoa zuten lekuak bilatu ziren. Imanol Muruak, Zarauzko alkate izandakoak, bultzatu zituen hain justu, 1983an, Kultura diputatua zenean. Lehen urratsak ematen ari zen artean Foru Aldundiak.

22 urterekin, ziklo guztietan berriena da Zarauzkoa. Beteranoenak, berriz, Deba eta Zumarragakoak, 27 urterekin. Ekimena goraipatu du Imanol Lasak, “Donostiatik eta bertako Musika Hamabostalditik haratago, maila bikaineko musika eskaintza zabaltzea ahalbidetu duelako, eta probintzia osoan abesbatzek eta ganbera-musikak betidanik piztu duten zaletasunari erantzuna ematen diotelako. Gainera, estilo eta musikari desberdinak nahasten ditu, modu berritzailean”.

Share.

Leave A Reply