2010-2011ko ikastaroetan izena emateko epea ireki du Kirol Patronatuak

0

87 eskainiko dira guztira, iaz baino 15 gehiago, eta orain dela bi urte baino 33 gehiago

 

Zarauzko Kirol Patronatuak izen-emate epea zabaldu du 2010-2011 denboraldian zehar Udal Polkiroldegian egingo diren ikastaroetan parte hartzeko asmoa dutenentzat. 87 izango dira, guztira.

Gimnasioan ikastaroren bat egitea aukeratzen dutenek irailaren 8ra arte izango dute matrikula egiteko epea. Horixe bera da helduentzako igerilekuetan egingo diren ikastaroetan izena emateko epea. Klase guztiak irailaren 16an hasiko dira. Haurrentzako igeriketa ikastaroen matrikula, berriz, irailaren 18ra arte egongo da zabalik, eta hilaren 27an hasiko dira klaseak.

Askotariko kirol diziplinak topa daitezke eskaintzat, beste behin ere. Hala, gimnasioan honako jarduerak egin ahal izango dira: aerobik, argazte, mantenimendu gimnasia, funkya, GAP (gluteoak, abdominalak eta zangoak), diziplina anitzeko ikastaroa (non gimnasiako klaseak, GAP eta spinning sartzen diren), pilates, spinning eta fit-yoga. Igerilekuetan, berriz, haurrentzako igeriketa klaseak, helduentzako igeriketa, helduentzako uretako jarduera fisikoa, akuafitness eta jaio-berrientzako igeriketa izango dira.

Iragan denboraldian martxan jarritako hainbat berritasun daude ikastaroen artean, izan zuten arrakastagatik mantentzen direnak. Horien artean daude igeriketa-maila ona duten helduentzako gidatutako entrenamenduak, eta diziplina anitzetako ikastaroak, jarduera fisiko orokorra egitea ahalbidetzen dutenak.

Iban San Martin Kirol zinegotziak azaldu duenez, zarauztar guztiak aintzat hartzen dituen kirol eskaintza lortzea izan dute helburu. Ildo horretan, eta Gizarte Zerbitzuetako eta Heziketa udal departamenduekin elkarlanean, aurtengoan ere berariazko gizarte-kolektiboentzako ikastaroak sartu ditu Kirol Patronatuak programazioan. Jubilatuentzako, Parkinson gaitza dutenentzako eta ezinduentzako gimnasia ikastaroak egingo dira. Baita ikasleentzako igeriketa klaseak ere.

Polikiroldegian egiten duten ikastaroek izan ohi duten “harrera bikaina” azpimarratu du San Martinek, etengabe “gora egiten” ari dena. “Duela bi urte 54 ikastaro atera ziren, eta 800 izenemate izan ziren guztira, oso erantzun ona. Hori dela-eta, iaz eskaintza handitu eta zabaldu egin genuen, 72 ikastaro, eta 1.100 zarauztar inguruk hartu zuten parte.  Aurtengo denboraldiari begira, beste aurrerapauso bat eman dugu, 87 ikastaro eskainiz”.

2009-2010 denboraldiko ikastaroetan parte hartu zuten herritarrek lehentasuna izango dute 2010-2011ko programazioan izena ematerakoan. Haatik, abantaila hori edukita ere matrikula berritu beharko dute. Izena emateko interesa edo informazio guztia duten guztiek Aritzbatalde Polikiroldegiko bulegoetara jo ahal izango dute, edota 943005123 telefonora deitu.

San Martinek zarauztar guztiek animatu nahi izan ditu “ikastaroez eta polikiroldegiko instalazio bikainez gozatzera, edozein adin edo ohitura dituztela ere, kirol gutxi edo batere ez egin dutenak barne. Orain arte oso ezaugarri desberdinetako pertsonak ari dira parte hartzen, bai kirolari petoak eta baita hasi berriak ere, eta bide beretik jarraitzea espero dugu, kirolaren bitartez bizi-kalitatea eta bizimodu osasuntsua sustatuz”.

Share.

Leave A Reply