Udal Euskaltegiaren aurtengo eskaintza aurkeztu dute

0

Alfabetatze eta euskalduntze  maila guztiak eskainiko dira aurten ere, aurrez-aurre eta autoikaskuntza sistema bidez

Udal Euskaltegiak laster hasiko ditu 2010/11 ikasturteari dagozkion klaseak. Datorren ikasturte berri horri begira izango den eskaintza aurkeztu asmoz, prentsaurrekoa egin dute gaur euskaltegi berriaren egoitzan. Han izan dira Imanol Lasa euskara zinegotzia, Maite Egiguren Udal Euskaltegiko irakasle eta orain arte zuzendari izandakoa, eta Alitxu Larrañaga, haren lekukoa hartuko duena. 28. ikasturtea jarriko da abian, eta herritarrei “zerbitzu egoki eta kalitatezkoa” ematen jarraitzea da asmoa.

Azken  urteetan bezala euskalduntze eta alfabetatzeko maila guztiak eskainiko dira aurrez aurreko taldeetan. Bestalde, HABEren 1., 2. eta 3. mailak egiaztatzeko ikastaro bereziak izango dira. Ikastaro hauen xedea honakoa da: hala nahi duten ikasleek administrazioan, Osakidetzan eta beste hainbat lekutan eskatzen dituzten hizkuntza eskakizun edo perfilen edo EGAren baliokidea den titulu ofiziala eskuratzea. Ikastaroak  astean hiru egunetan emango dira: astelehen, astearte eta ostegunetan; goiz (9:30-11:30), arratsalde (16:00-18:00) eta gaueko (19:00-21:00) ordutegian.

Bestalde, euskara ikasteko denbora gutxiago, edo euskaltegira egun eta ordu jakin batzuetan etortzeko aukera gutxiago duten ikasleengan pentsatuz, autoikaskuntzako sistema eskainiko da aurten ere. Euskara on-line ikasteko aukera izango da, beraz. Ikasleek BOGA programa erabiliko dute beraiek nahi dutenean etxean edo euskaltegian ordenagailuan euskara ikasten aritzeko. Halaber, euskaltegi birtual bat sortu zuten -www.euskaltegia.net-, eta horren bitartez ikasleek astero landu behar duten materiala jaso eta foroetan parte hartzen dute, beraien arteko elkarreragina lantzeko.

Autoikaskuntzako goi eta erdi mailetako ikasleek ordu beteko bakarkako tutoretzak dituzte hamabostero beraien zalantzak argitu, zuzenketak egin eta behar duten horretan laguntzeko. Horrez gain, 2 orduko mintza-saioa taldean astero. Ikasle hasi berri eta behe mailakoek, berriz, ordu beteko bakarkako tutoretza daukate astero, eta zalantzak argitu eta zuzenketak egiteaz gain, mintzamena lantzen da. Ikasle guztiek jarraipen eta aholkularitza zuzena izango dute, beraz.

Prezioei dagokienez, autoikaskuntzako ikastaroek 500 euro  balio dute; HABEren 1., 2. eta 3. mailak egiaztatzekoek 216,30 euro eta gainerakoek 265,75 euro. Hala ere, Imanol Lasak azpimarratu duenez, “beka sistema zabala eskainiko dugu aurtengoan ere, aurrez-aurreko zein autoikaskuntza ikastaroetan. Ikaslea klaseen portzentaje jakin batera baldin badoa, edota portzentaje txikiago batekin gainditu egiten baldin badu, matrikularen zati handi bat itzuliko zaio. Kasuren batean, matrikula osoa ere”.

Iaz 245 ikasle izan zituen Udal Euskaltegiak. Egigurenek zehaztu duenez, autoikaskuntza ereduak du arrakasta gehien. “2004an jarri genuen abian, 40 ikaslerekin, eta kopuruak asko egin du gora ordutik hona. Jendeak euskaltegira etortzeko arazoak izaten ditu askotan, baina etxean lan egiteko ez. Gainera, beste sistemarekin bezain emaitza onak lortzen dira”. Larrañagak gaineratu duenez, “autoikaskuntzako ikasleek asko eskertzen dituzte tutoretzak, pertsonalizatuak direlako, eta bakoitzak dituen zailtasunak konpontzeko balio dutelako. Horretarako materiala propio sortzen dugu”.

Lasak ere irakasleek “jarraipen zuzena egiten eta materiala sortzen” egiten duten lana goraipatu du, eta honako deia egin die herritarrei: “Euskaraz ez dakitenak ikastera animatu nahi nituzke eta dakigunok berriz, erabili eta hobetzera. Udal Euskaltegiak emaitza bikainak, 28 urteko eskarmentua, irakasleen lan txukuna eta kalitatezko zerbitzua eskaintzen ditu. Gainditzen dutenen portzentajea aipatzekoa da, beste askorekin alderatuta. Gainera malgutasuna dago ordutegi eta dirulaguntzetan. Zentzu horretan aitzakiarik ez dago. Zarautz herri euskaltzalea eta euskalduna da, eta izaten jarraitu nahi du”.

Halaber, 2008an abian jarri zen euskaltegi berriak ekarritako aurrerapausoa gogorarazi du: “Instalazio bikainak dira. Lehen ez bezala, herri erdian daude, mugikortasun urria duten pertsonentzat prestatuta daude, eta teknologia aldetik baliabide berrienak dauzka. Oso inportantea da hori, kontuan hartuta zeinen azkar ari den aldatzen metodologia, geroz eta azkarrago, alegia”.

Matrikulatzeko epea zabalik dago jada Udal euskaltegian, eta hilaren 23an bukatuko da. Informazio gehiago Udal Euskaltegian, Iturribide kalea 28 eta 30ean, 09:00etatik 19:00etara (Tel: 943 131153 eta 943 835084 – e-maila: euskaltegia@zarautz.org).

Dendarientzako ikastaro berezia

Bestalde, herriko merkatal establezimenduetan euskararen erabilera areagotzeko abian jarritako kanpainaren barruan, ‘Dendaketan’ oinarri-oinarrizko euskara ikastaroa eskainiko die Zarauzko Udalak  zerbitzua euskaraz emateko gai ez diren dendetako langileei, Udal Euskaltegiarekin elkarlanean. Kasu honetan ikastaroak urriaren 5etik abenduaren 16ra egingo dira, astearte, asteazken eta ostegunetan 14:30etatik 16:30etara, eta doan izango dira. Izena emateko epea hilaren 21ean bukatuko da, Euskara Zerbitzuan (Balea kalea, 2A).

Share.

Leave A Reply